Tabernaz taberna, naming azterketa azkarrean
Izen on batek ez du arrakasta ziurtatzen eta, aldiz, arrakasta lortu daiteke izen kaxkar batekin. Adibide asko dago. Horregatik, oraindik, batzuk izenak ez duela inporta diote. Baina ziur nago zure seme edo alabari sekula ez zeniokela edozein izen ipiniko, ezta? Baina enpresa edo produktu bati, ordea, bai. Zergatik?
Iñigo Fernandezek bere blog ikaragarri onean, Euskara eta Publizitatean, oso ongi erakusten du izen on batek asko lagundu diezaioke enpresa bati dirua irabazten eta, horregatik, 'naming' delakoa gaur egun ia parametro zientifikoetan sortu eta aztertzen da, marka definitzerako orduan oso lagungarri eta, askotan, erabakigarria baita.
Adibide batzuekin saiatuko naiz azaltzen zergatik izen batzuk, ene ustez behintzat, oso ondo eta beste batzuk, aldiz, oso gaizki aukeratuta dauden. Eta ez naiz urrutira joango, ez. Gehienontzat oso leku kuttunak diren lokal batzuk erabiliko ditut, tabernak, azterketa txiki honetan. Horretarako ni gehien ibiltzen naizen herrietan, Arrasate, nire bizilekua, eta Aretxabaleta, nire lanlekua, azken hilabetetan zabaldutako hiru tabernen izenak hartuko ditut mintzagai.
·iaz Aretxabaletan ‘Dagda’ garagardotegi irlandarra zabaldu zuten, frankizia horietako bat. Ene ustez, oso izen xelebrea, benetan txarra. Ahozkatzeko oso zaila eta gogoratzeko, are zailago. Gainera, ez dakigu zer esan nahi duen; gaelikoz? totelka ari garela ematen du: dagda, dagda. Laister bere izena galduko du, jendeak ‘irlandesa’ deitzen dio-eta.
·aurten bertan, Errege-egunean Arrasaten ‘Sampry’ taberna-jatetxe dotorea zabaldu zuten. Ziur asko arrakasta lortuko du, oso lokal ederra delako, baina aukeratutako izenak justu dena eta izan nahi duenaren kontrakoa islatzen du. Leku modernoa da oso, herrietan baino hiriburuetan egoten diren horietako bat, baina izen kaskar honek ez dio inolako mesederik egiten. Izen hau haurrentzako pentsatuta bezala iruditzen zait eta ez da batere modernoa, gainera; kutsu antiguala ere ikusten diot nik izen honi. Gainera, ‘Dagda’k zituen ezaugarri txar guztiak ere biltzen ditu: gogoratzeko zaila, eta ahozkatzeko, hiru kontsonante jarraian izanik: m-p-r, are zailago.
·azkenean, Aretxabaletan aurtengo urtarrilean, baita ere, ‘Beroa Kafe’ ireki berri dute. Honetan bai asmatu dutela. Eta gainera, izena asmatzearen lana oso erreza ipini diete jabeei. Beroa da kafea kokatzen den urbanizazioaren izena, lehenago leku berean izen bereko lantegia egon zelako. Berez, izena ia emanda zegoen. Errez ahozkatzen da, gogoratzeko erraza, eta konnotazio positiboak ditu. Zer erakagarriagorik kafe bero bat baino?

Branding
Diseinua
Internet
Komunikabideak
Marketing
Publizitatea
Tutti-Frutti
Estrategia y comunicación
Tendencias
Tipografía y diseño


Comentarios
Garrantzitua da bai izen ona aukeratzea, are garrantzitsuago denboran zehar era egokian kudeatzea. Izen oso on bat aukeratzeak ez du marka estrategian zeharo asmatu duzunik esan nahi; hain zuzen ere, izena guztion ahotan jartzea lortuz gero arrakastak hil dezake marka bat.
Juan Luis-ek aipatu du Aretxabaletako "irlandesa"rena, seguraski gaitzizen generikoak zapalduko dio nortasuna. Alderantziz ere gertatu izan da: izen berezi bat generiko bihurtzea. Kasu dexente daude: Bimbo ogia, Cola Cao, Tupper Ware, Tampax, Post-It...
Fenomeno endemikoa da, herrialdez herrialde aldatzen dena.
Erabateko arrakasta horrek badu bere alde negatiboa. Paperezko zapi oro Kleenex bihurtu dugu, sortzailearen balioa desberdintzeko gai ez garelako. Beste adibide bat: gaztetxotan Walkman-a Sony ez beste edozein etxetakoa genuen.
Publicado por: Asier Albistur | Urtarrila-Enero 23, 2006 10:20 AM
Eibar.org blog komunitatean ekimen polita egiten ari dira naming-aren inguruan. Eibarren arropa dena bat zabaldu behar dutela eta, blog bat ireki dute izenak proposatzeko. Oso izen dotoreak ataratzen ari dira, benetan.
Publicado por: Juan Luis Azkarate | Otsaila-Febrero 7, 2006 10:02 AM
Kaixo, Juan Luis eta Asier:
Lehenik eta behin, eskerrik asko, Juan Luis, nire blogari hitz hain onak eskaintzeagatik.
Nik ere gustura irakurtzen ditut blog honetan egiten dituzuen ekarpenak; baina gaur arte ez nituen irakurri artikulu honi egindako iruzkinak.
Ez dakit irakurri ote duzuen, baina orain gutxi hau idatzi dut izen generikoen gainean.
Segi fin.
Publicado por: Iñigo | Otsaila-Febrero 27, 2006 01:22 PM
Iñigo, gogo biziz irakurri dut zure izenei buruzko trilogia, baita izen generikoen inguruan egin duzun hausnarketa ere. Gai konplexua da izenena, diozun bezala kontu handiz kudeatu beharrekoa "izenak izana baldintzatzen baitu". Are nabarmenago produktu bat merkaturatzean kategoria berria aurkeztera zoazenean.
Marka berriarekin batera produktu, zerbitzu, enpresa... maila berria sortzen denean bi helburu izan behar dira gogoan: ospea eta berezitasuna.
Batetik kontsumitzaileak erakartzea, inoiz izan ez duten "behar" bati aldarri eginez. Kategoria bera esanguratsu eta erakargarri egiten lehena izatean merkatuan estatus pribilegiatua lor dezake marka batek. Zentzu horretan bat nator zurekin, izen generiko baten jabegoak indarra islatzen du; ez dira gauza bera Kleenex-ak eta edozein paperezko zapi, Nocilla eta kakaozko beste kremak.
Zernahi gisaz, ospe horrrek luzera kaltea ekar dezakela iruditzen zait, gehienetan aipatu bigarren helburua betetzen ez da eta. Chupa-Chups-a marka handia da, baina haurrek desberdintzen al dute “txupatxusengandik”? Nola deitzen da kategoria? Makildun goxokiak esan beharko, baina inork ez du izen hau garatzeko behar adina ahalegin egin. Marka primigenioak balioa galdu du hortaz.
Zentzu horretan ari da lanean izen generikoa sortu duen euskal marka bakarrenetarikoa: Angulas Aguinaga. GULA ez da berba euskalduna, baina euskal kulturan errotutako tradizio gastronomikoa Espainia osoan zabaltzea lortu du Aguinagak nolabait. Otsailaren 16an Deuston izan nintzen Marketing eskolako jardunaldi batean; Iñaki Etxanizek, aginagatarren zuzendari komertzialak ederto azaldu zigun Gulen eta surimiz egindako beste angula-antzekoen arteko aldea. Lehena marka erregistratua omen da, kontsumitzaileok era generikoan erabiltzen badugu ere. Epaitegiak bide lortu dute izenaren jabegoa, baina merkatuan dute erronkarik handiena: nola azaldu besteen aldean ez izena ezta izana ere ez direla berberak?
Jardunaldian bertan Raul González del Río marka kontsultoreak (Al Ries handiaren lankidea bera) argitu zigun gakoa: kategoria sortzean izen generikoa eta marka izena bereizi behar dira merkatuan gorenean luzerako jarraituko badugu. Ez da erronka makala, ez horixe.
Publicado por: Asier Albistur | Martxoa-Marzo 1, 2006 04:31 PM
Kaixo, Asier:
Gustura irakurri eta pentsatu dut zure iritzien gainean, eta nire blogean duzu fruitua, erantzuna. Ea balio dizun.
Ondo segi.
Publicado por: Iñigo | Martxoa-Marzo 2, 2006 09:23 AM
1. Egia da, marka erregistratua denez gero "Gula" izena ezin dute Aguinagak ez beste enpresek erabili (Conservas Ubagorekin
cobranding kasua salbuespen). Horren ordez "Anguriña", "Angulas de surimi", etabarrak merkaturatu dituzte. Epaitegietako lana egin ostean ordea, oraindik eta eginbehar gogorragoa dute: kontsumitzaileon buruan sortu den ideia andana aldatzea.
Hamarkada osoa daramagu Gulak edozein direla pentsatzen. Hori da nire ustetan "Del Nooorte" horren helburua, Aguinagaren gulei balio erantxia ematea.
2. Biojogurtena bai, kasu berezia da eta (Danonerentzat bederen) tamalgarri xamarra. Biok sekulako indarra zuen jogurt marken artean, bere posizionamendua tinko finkaturik zegoen eta kontsumitzaileon barrutian: osasunerako ona, kalitatezkoa. Hiru hizki, sinplea eta zuzena. Bizitza. Izen paregabea dudarik gabe.
Zoritxarrez lege kontuak medio aldatu beharra suertatu zaie eta hara non, guztiz kontrako ildotik jo dute. ACTIVIA, ez zait batere izen ona iruditzen. Luzea, zaila irakurtzeko eta batez ere gogoratzeko. Hori da gailurrera iritsi eta kolpean jeitsi beharra. José Coronado berari aurpegia aldatu zaiola iruditu zait Madrilgo markesinak ikusita.
3. Smint marka paradigmatikoa iruditzen zait. Chupa-Chups-ek jakin du kategoria berria sortzen, eta nola gainera. "The first Dental Candy" definizioaz kategoriari izena eman diote. Smint da merkatu horretan errege, marka irabazlea benetan.
Ez dut esan gura inolaz ere bide hori beti denik egokiena. Zuk esan bezala, "berunezko hankekin" ibili beharra dago beti.
4. Beste marka irabazle bat, euskalduna gainera: Kukuxumusu. Urmeneta eta konpainiak denda kategoria berria sortu zuten existitzen zenari iraultza eginez. Ordutik souvenir-ak ez dira soilik koloredun sevillana dantzariak eta portzelanazko plater horterak. Euren altzora milaka "imitatzaile" gerturatu dira, baina inork ez die oraindik ere indarrik kendu. Markaren izena izen generiko sekula ez bihurtzeko asmatu al zuten Kukuxumusu "birao" ahozkaezina? Naming-aren lege guztiak hautsi ditu, eta agian, hor dago bere arrakastaren gakoa.
Publicado por: Asier Albistur | Martxoa-Marzo 6, 2006 12:51 PM