Últimos Comentarios




Inicio

Zakarraren xarma

425.biteri.plaza.dorretxoa.gif


Josemari Velez de Mendizabali Berria egunkarian eginiko elkarrizketa batean, Arrasate herria berba gutxitan definitzeko eskatu zioten. Langilea eta zakarra, erantzun zuen berak. Definizio borobila.


Arrasaten betidanik izan dugu enpresa eredugarriak, dirua ez da falta, baina ez dugu gure herria zaintzen ikasi. Ahal izan dutenek bigarren etxea Zarautzen edo Donostian erosi dute, eta Mondragoe lantegi-hiria bihurtu dugu. Antzinako xarma industriala, gaurko kotxe-ilarak eta kutsadura.

Hala ere, azken bolada honetan, eta nahiz eta batzuk etorkizuna lanbro artean ikusi, ekonomikoki esan nahi dut, nonbait baikortasunari leiho bat ireki diezaiokegula ematen du. Post hau ilustratzeko jarri dudan irudia sinbolo bat baino ez da, baina sinboloen beharrean gaude arrasatearrok. Donostiar kutsuko eraikuntza hau, Olatxo dorrea, ez da, inondik inora, Gehry edo Calatrava baten azken lanen pareko; postmodernoa izatera ere ez da heltzen; baina, tira, Mondragoe baterako, eta hoberik ezean, zerbait bada.

Badago makina bat proiektuk herriaren itxura (eta autoestima, batez ere) dexente aldatuko dutenak, hoberako esan nahi dut. Dorre honekin batera, Garibai eta Zerkaostetako inguruak, Bizkai etorbideko aparkalekua (gure lehen eraikuntza postmodernoa ote?) Mojategiko kirol-eremua, Kultura-Etxe berria, etab. Hauetako batzuk hamar edo hamabost urteko atzerapenarekin datoz. Asko kostata, baina azkenean badatoz.

Herrigintza edo eskualdegintzan, Olandixoko tunela, ditxosozko tranbidea edo Garaia Berrikuntza Gunea ere azpiegitura garrantzitsuak izango dira. Beste azpiegitura erraldoi batzuk, AHT eta Eibar-Gasteiz autobidearen Arrasate-Gasteiz zatiak, gure etorkizuna kondizionatuko dute, eta ingurugiroa sakonki kaltetzeaz gain, oraindik ez dakigu zer nolako eragina soziologikoa izango duten gure bizitzan.

Datozen urteetan Arrasate goitik behera aldatuko da. Apokaliptikoentzat, beti txarrera. Nik alde positibo batzuk ikusten ditut. Ikusi nahi ditut, gainera.

Publicar un comentario