Emaidazu claim bat
bertsotan, faborez
Nahiz eta oraindik hainbat lekutan ohartu ez diren, eta batzuk soilik tradizioarekin lotzen duten, bertsolaritza aspaldian sartu zen postmodernitatean.
Ikustekoa da zenbat zuku atera dakioken berbekin jolastea den jarduera artistiko honi. Bertsolaritzaren munduan esperimentazioa da aspaldi honetan hitz gakoa; zergatik ez, beste eremu berri batzuetara zabaldu?
Zur eta lur gelditu ginen lehenengo martitzenean Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultatearen IX.Literatura Astean barruan antolatutako “Bat-bateko itzulpengintza: gakoak eta azterbideak” saioa ikusi eta entzun genuenok. Bertan, Andoni Egaña eta Onintza Enbeita bertsotan eta Xabi Paya (HUHEZIko irakasle, Bizkaiko Txapeldun bertsolari, itzultzaile eta 5-6 hizkuntzatan, arabiera barne, mintzo den 24 urteko algortarra) aldi bereko itzulpenak egiten, ordenagailu eramangarri batetik. Ez da lehenengo aldia horrelakorik egiten denik, baina batzuentzat sorpresa handia izan zen, bertsolaritzaren posibilitate artistikoak ia mugaezinak direla frogatzen duen beste jarduera bat.
Euskarak badu musikalitaterako halako joera naturala. Ezaugarri honek joku handia ematen dio inprobisazio, bertso eta hitzen jokoetarako. Musikalitatea, hitz-jokoak eta hizkuntzaren alde ludikoak publizitatean hutsezinezko baliabideak dira. Hala ere, eta nik dakidala behintzat, ez dira askotan erabili bertsolarien trebetasunak publizitatean. Itzulpengintza eta bertsolaritzaren artekoaren ostean, bertsolaritza-publizitatea sortu beharreko hurrengo zubia. Talentua ez da falta; bakarrik, dagoenaz jabetu egin beharra dago.
Neurriz eta errimaz
kantatzea hitza,
horra hor zer kirol mota
den bertsolaritza
Xabier Amuriza

Branding
Diseinua
Internet
Komunikabideak
Marketing
Publizitatea
Tutti-Frutti
Estrategia y comunicación
Tendencias
Tipografía y diseño


Comentarios
Kaixo, Juan Luis:
Bertsolaritza eta publizitatea, biak dira diskurtso erretorikoak (azken kontzeptu honen adiera zabalenean), eta beraz, bien arteko antzekotasunak hitz-jokoetatik askoz haratago doaz eta askoz sakonagoak dira, nire iritziz.
Nik uste dut, gainera, biek dutela zer ikasia bata bestearengandik, eta hori azaltzen saiatu nintzen lau artikuluxkatan:
http://www.sweetcreeps.com/euskaraz2/archives/2005/01/summary.html
Segi fin.
Publicado por: Iñigo | Maiatza-Mayo 11, 2007 02:25 PM
Barkatu. Hemen laugarren artikulua:
http://www.sweetcreeps.com/euskaraz2/archives/46-Publizitateak-badu-bertsogintzaren-antzik-eta-IV.html
Publicado por: Iñigo | Maiatza-Mayo 11, 2007 02:27 PM
Aupa, Iñigo. Ez nuen ezagutzen artikulu sorta hau baina, beti bezala, ongi azaldu duzu bi jardueren arteko parekotasunak. Ados nago eta funtsean bi dira, niretzat, parekotasun nagusiak: sormenaren erabilera mota eta helburua (publikoarengan eraginkortasuna). Alde honetatik, azken bertsoa izango litzateke bertsolarien claim-a.
Teoriez haratago, baina, ezagutzen duzu adibideren bat bertsolariren/bertsoren batena publizitatean erabilia?
Badakit euskarazko publizitatearen historia ez dela, orain artean, bereziki emankorra izan eta, horregatik, interesgarria izango litzateke horrelako adibideren bat ezagutzea.
eskerrik asko.
Publicado por: Juan Luis | Maiatza-Mayo 11, 2007 05:53 PM
Ezagutzen ditut slogan bat edo iragarki bat sortzeko behin baino gehiagotan bertsolari edo bertsozale batengana jo dutenak.
Ez dakit, ordea, bertsolari batek plazan bertsotatan botatako zerbait hartu eta publizitatean erabili ote den noizbait...
Publicado por: Iñigo | Maiatza-Mayo 11, 2007 10:16 PM