Últimos Comentarios

>> "Euskal" markak
Asier | 02.11.2010 06:02
>> "Euskal" markak
Josu Bergara | 13.10.2010 14:15
>> "Euskal" markak
| 05.10.2010 00:33
>> "Euskal" markak
jlazkarate | 02.09.2010 15:56




Inicio

"Euskal" markak

weberakoikurrina.gif

Zer suposatzen du gaur egun merkatu globalizatu eta unibertsalean“euskal” marka izateak? produktu edo zerbitzuetan euskal nortasuna islatzeak onurak dakartza? Eta honetan guztian, zein da euskarari dagokion papera?

Hamasei urterekin gure aititeren aita zena Idahora joan zen, Boise inguruko mendietan artzai bezala lan egitera. Bere seme-alabei kontatu zienez, garai haietan Estatu Batuetan euskalduna izateak lan egiteko aukera gehiago ematen zuen, euskaldunei fede ona, fideltasuna, lanerako trebetasuna, eta jatorrizko beste hainbat dohai suposatzen baizitzaizkien.

Ehun urte geroago euskal markei buruzko betiko “topiko-tipikoei” erantzuna topatu nahian, honako galdera hauek bote-prontoan bururatzen zaizkit: euskaldunak saltzaile onak gara? eta horrekin batera, zer da gaur egun euskal marka izatea?

Jakin badakigu euskal nortasuna argi eta garbi adierazten duten markak egon, badaudela. Horrez gain, badaude naming-ean “euskal” hitza daramatzaten erakundeak, komunikabideak, enpresak, kirol taldeak, kutura elkarteak, eta abar luze bat.

Hortaz, zer suposatzen du gaur egun merkatu globalizatu eta unibertsalean“euskal” marka izateak? produktu edo zerbitzuetan euskal nortasuna islatzeak onurak dakartza? Eta honetan guztian, zein da euskarari dagokion papera? Galdera asko eta erantzun gutxi.

Marketinaren ikuspuntu soiletik abiatuta, markaren nortasuna haien kontsumitzaile, erosle eta bezeroen esanetara, beharretara eta eskakizunetara egokitu behar da. Branding-aren bidetik, ordea, markak aldez aurretik eta modu estrategikoan finkatzen diren balio, ezaugarri eta berezitasunen arabera sortu eta moldatu behar dira.

Euskal produktu edo zerbitzu askoren “marka-balioak” sakonki errotuta daude euskal gizartearen merkatu eremuetan, eta horren adierazle, komunikazio eta publizitate kanpainetan erabiltzen diren hainbat lelo, eslogan edo claim-ak dira: “hemengoa”, “euskal herrikoa”, “bertakoa”, “labela”, eta beste asko erabili ohi dituzte. Horrelako publizitate-kanpainak segurtasuna, konfiantza, gertutasuna, bermea eta antzekoak adieraztea dute helburu.

Alderantziz, atzerrira begira egoera erabat ezberdina da. Kasu gutxi batzutan izan ezik, markaren komunikazioan ezarritako ardatzak horrelako leloetatik ihes egiten dute. Era honetan, suediako altzariak, argentinako okela edo alemaniako teknologiak nation-branding badira, Euskal Herriko kasuan produktu eta zerbitzuen ezaugarri hauek ez dira azaleratzen, ezkutatu egiten dira edo modu xumean, apalean komunikatzen dira.

Ondorioz, marka sortzeko hamaika bide badaude ere, euskal markek euren hizkuntza, kultura, merkatu eta balioen erronkei aurre egin beharko diete, “basque branding”-a indarrez eta gogoz eutsita: hemen eta orain.

Comentarios

Gero eta gehiago hitz egiten da Euskal Markaren inguruan. Guk ekainean antolatu genuen jardunaldian argi geratu zen interes handia zegoela gaiaren inguruan. Ondoren, eta berriro ere ("typical basque") politikaren esku luzeak beharrezko debatea ordezkatu zuelakoan, I Need Spain lelo ofizialak bazterrak harrotu zituen,.
Españak, argi ibiltzen bada aukera parebage honetan, hainbat kirolariren tiroia (La Roja, Nadal, ÑBA Team, Alonso, Lorenzo,...) baliatuko du bere country brand indartzeko. Eta bitartean, Euskadi, Euzkadi, Euskal Herria...ren marka nondik ebatu jakin barik. Baina hori bai, han hemenka, Euskal Markaz komentarioek (taller 3d) jarraitzen dute agertzen (Euskara eta Publizitatea).

Josu, zure galderari erantzunez, euskaldunok saltzeari baino gehiago egiteari eman izan diogu garrantzia.

Fundamentuzko euskal marka garatzeko orduan oztopoak asko dira, ez azalekoak gainera. Alde batetik, euskaldunok, markaren bozeramaileok alegia, ez gara gai izan oraindik ere funtsezko alderdietan definizio zehatz bat adosteko. Oinarrizkoenak ere polemika sortzen du gurean: zein da gure izena? zeintzuk gure lurralde mugak? zein gure hizkuntza? Kanpokoak mezu kontrajarriak jaso ditzake zeini galdetzen dion arabera.
Bestalde, ezagutza arazoa ere badugu. Milioika markez saturaturako merkatuan beste bat besterik ez da gurea, txikia gainera.
Azkenik, irudi kontua ere bada. Euskal Herria komunikatzeko orduan zeintzuk dira gehien errepikatzen diren kontzeptuak? Ez dago erantzun beharrik...

Ez da erronka makala aurrean duguna!

Ados hemen goian idatzi duenarekin. Anonimoa izan arren... :P

Txikiak gara eta ez gaituzte ezagutzen, edo hobeto esanda, gutxi eta gaizki ezagutzen gaituzte. Hori aldatzen hastea gure esku dago. Aurre egin daiogun!

Jaja Izena jartia ahaztu jaten!

Publicar un comentario