Gabonetako ipuina

Hiru egun loak hartu gabe ordu bateko mamuaren zain...
Lehena, Iragana. Hasierako urteak ekarri dizkit gogora. Gazteak ginen garai hartan… ez genituen gaur dauzkagun ile urdinak. Ilusioa, lan egiteko gogoa, ezjakintasunak eragindako ausardia, edozein erabaki hartzeko beldurra, momentu askotako izerdi hotzak eta estuasunak, garaiz heldu eta huts ez egiteko kezka. Ondoren, garai oparoak: egindako ahalegin guztien uzta jasotzeko sasoia, lasaitasuna, jende berria, harreman berriak, giro atsegina, atsedenaldia, mudantza, lana, hedapena, zarrastelkeria akaso?, lana, lana, lana. Urte latzak bezain gozoak. Ohean utzi nau eta desagertu da. Ez da berriro bueltatuko.
Bigarrena, Oraina. Ezberdina da bizi dudana eta ikusi dudana. Ikusle izateak errealitatea beste ikuspegi batetik antzematera eraman nau. Berdinak gara, berdinak gaude, lana, lana, presa, krisi garaira egokitu beharra urteetan eskainitako kalitate bermea mantentzeko erronka, orduak, bezeroak, ondo egindako lanaren bi segundoko poztasuna, murrizketak, lana, handik-hona, negoziaketak, hemendik-hara, emaitza borobila izateko borrokatu beharra… eta hilabete bukaeran, hasperena. Zorionak, guztion artean ondo egin dugun seinale. Beste hilabete bati eutsi beharra. Ohean utzi nau eta desagertu da. Ez da berriro bueltatuko.
Azkena, Geroa. Loak hartu gabe zain nago noiz azalduko zain. Elizako kanpaiak, ordu bata da. Din-dan, dan, din-dan… hirurak, laurak, bostak. Ezin nau utzi gertatu behar dena jakin gabe. Amorratzen hasita nago, altxatu eta leihoa irekitzen dut. Non zaude?! Atzetik buruan kolpe bat somatu dut: nire beharra al daukazu gertatu behar dena jakiteko? Guztion artean eraikiko duzue geroa, zuen esku dago. Ohean utzi nau eta desagertu da. Ez da berriro bueltatuko.
Charles Dickens-en Gabonetako Ipuinean ez zen hori gertatzen. Geroaren mamua agertu eta Scrooge Jaunari etorkizuna erakusten zion, etorkizun beltza. Guk ordea ez dugu etorkizun beltzik izango, ez horixe.
Orain 25 urteko izpiritua berreskuratu, hastapeneko momentu haietako ausardia eta ilusioarekin eta gaur egun garenok daukagun esperientziarekin, esfortzu eta indarrarekin aurrera egingo dugu, hori bai, hasieratik orain arte egin dugun moduan: gogotik lan eginda.
2012 da guretzat momentuz geroa, urte berriaren hasiera. Behar den moduan emango diogu ongi etorria, urtero bezala, baina aurten berezia izango dela jakinda; gabonetako izpirituaz gain, AZKko izpirituak bisitatu gaitu eta.
Jai zoriontsuak opa dizkizuegu gure alboan jarraitzen duzuen guztioi eta 25 urte hauen bueltan noizbait gurekin izan zareten guztioi. Zorionak eta urte berri on!
2012an izango dugu elkarren berri…
P.D: Eta zergatik ez, gure burua zoriontzeko unea ere bada. Zorionak lan-talde guztiari 25 urte hauengatik, merezi dugu eta!

Branding
Diseinua
Internet
Komunikabideak
Marketing
Publizitatea
Tutti-Frutti
Estrategia y comunicación
Tendencias
Tipografía y diseño


Comentarios
Ederra!
Dickens-en ipuinaren ikuspegi hunkigarria gurera ekarrita. Barrutik bizi izan dugunok, badakigu AZK-ren izpiritu hori egiazkoa dela.
Izpiritua, Osinaga kalearen 2 zenbakian aurkituko duzu, talde lanean. Proiektuak diseinatzen, garatzen eta egi bilakatzen. AZK estiloan: bihotzez egindako lan ordu asko, kemena, indarra, sormena, eta etorkizuna buruan.
Zorionak guztioi eta besarkada handi bat Bizkaialdetik!!
Publicado por: Josu Bergara | Abendua-Diciembre 20, 2011 09:24 AM