Nazioarteko markak eta euskara: Ternua

EMUN lana euskaratzeko kooperatibatik sareko hizkuntzen (#sarekohizkuntzak) gaineko azterketa egiten ari direla eta, Ternua outdoor markarekin erabiltzen dugun hizkuntz estrategiari buruzko azalpena eskatu ziguten. Nazioarteko marka euskalduna izanda, Ternuaren kasuan hizkuntzen kudeaketa ez da nolanahiko erronka, faktore ezberdin asko jokoan sartzen dira-eta.
Ternuak sortu zenetik oso sustraiturik ditu bere ADN-an euskara eta euskal kultura. Izenetik hasita (Ternua Terranova lurraldearen euskal izena da) eta leloa barne: "Non gogoa, han zangoa", Euskal Herrian ez ezik, mundu osoan euskaraz erabiltzen dena; bai publizitate euskarrietan bai jantzien serigrafietan.
Ternuak, gainera, bere markari lotuta kontakizun bat joan da garatzen, XVI. mendean Kanadako Labrador kostaldean ibilitako euskal baleazaleen ekintza, hain zuzen. Euren kemena eta trebetasunari esker, baleen inguruan munduko lehen industria sortu zuten arrantzale hauen ibileretan oinarriturik, Ternuak bere marka balioak eta storytelling-a (marka baten zerbitzura sortutako kontakizuna) osatu ditu, markarekiko atxikimendu emozionala sortzen eta, ondorioz, outdoor kalitatezko produktuak saltzen laguntzen diona.
Gauzak horrela, mundu zabaleko edozein saltokiko egonda ere, Japonian, Korean edo Ekialdeko Europan, kasu, jendeak Ternuaren marka-izaera baloratzen du, mundu global honetan bere jaioterriari uko egin beharrean, bere jaioterriaz harro dagoen marka delako, bere kultura eta hizkuntzaren transmisorea izateraino.
Benetakotasuna, koherentzia eta jatorria dituzten markak dira gehien baloratzen direnak eta, kasu honetan, Ternuarentzat euskara funtsezko komunikazio-tresna da, leku jakin batzuetan egon daitezkeen aurreiritzi guztien gainetik.

EMUNen ikerketak sare sozial edo social media izenekoei eskaintzen dio arreta berezia, "Sare sozialetan kanal bakarra ala bi?" (bat euskara eta beste bat gaztelaniarentzat) galdera planteatu ondoren, eztabaida bat eragin du sare elebidun edo eleanitzen kudeaketa ereduei buruzkoa. Emaitzak lan eta lan blogean ikus daitezke.
Gure kasuan, AZK-tik Ternuaren sareak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez elikatu eta kudeatzen ditugu. Eta kanal elehirudun bakarrak erabiltzen ditugu, Facebook eta Twitterren, batik bat. Hiru arrazoi aipatuko nituzke:
a)logistika: denbora eta lan gehiago eramango luke hizkuntza bakoitzeko kanal bana izateak. Baina, hau baino garrantzitsuagoak dira b) eta c) arrazoiak.b)Komunitatea: Ternuaren markaren inguruan bildu den komunitatea bakarra da, eta garrantzitsua da kide guztiek elkarren berri izatea eta euren artean solasean aritzea, nahiz Irunen nahiz Kioton bizi, hizkuntzaren mugen gainetik. Hizkuntza ezin delako aitzakia izan gure marka-komunitatea zatikatzeko.
c)marka: Ternuak mundu zabalean saltzen du (Europan eta Asian, batez ere) eta nazioartekotasun honek indar handia ematen dio markari. Sareak mugen gainetiko nazioartekotasun horri bisibilitatea ematen laguntzen digu.
Nola erabiltzen ditugun hizkuntzak? Ez ditugu mezu guzti-guztiak hiru hizkuntzetan sareratzen, baina hiru hizkuntzek presentzia handia dute sarean. Twitterren (@ternua) sekula ez dira hizkuntzak nahasten, baina Facebook-en batzutan bai. Noiz? mezua laburra denean, batzutan bi edo hiru hizkuntza nahasten ditugu mezu berean, gai bereko sarrera gehiegi ez errepikatzearren. Testua luzea denean, gehienetan Fbk-eko sarrera bakoitza bere hizkuntzan doa.
Sareko hizkuntzak: Ternuaren kasua, Juan Luis Azkarateren eskutik from lantalan on Vimeo.

Branding
Diseinua
Internet
Komunikabideak
Marketing
Publizitatea
Tutti-Frutti
Estrategia y comunicación
Tendencias
Tipografía y diseño

