“Argazkilaritza erabiltzen dut ezagutzen ez ditudan errealitate ezberdinetara enpatiaz hurbiltzeko”

ekaitz_zilarmendi

 

 

Ekaitz Zilarmendi (Aretxabaleta, 1979) argazkilaria AZK-ko kolaboratzaile gertua dugu, gure komunikazio eta branding proiektuak iruditan jartzen laguntzen diguna. Elkarrizketa honetan hobeto ezagutuko duzue.

JATORRIAN, KARTOIZKO KAXA BAT

Gure etxean argazki zahar asko daude kartoizko kaxetan sartuta, birraitonaren erretratuak eta horrelakoak, eta nik beti eman diot horri garrantzia. Altxor hori abiapuntua izan zen niretzat. Lehen kamara analogikoa 17-18 urte nituela eskuratu nuen eta, apur bat modu inkontzientean, hasi nintzen argazkiak ateratzen. Eta gero, 2000. urtean inguruan, pare bat urte pasatu nituen argazkiak atera barik, analogikotik digitalera saltoa eman zen garai berean, hain juxtu. Kontziente izan nintzen hutsune honetaz eta zera pentsatu nuen: “ostras, nire bizitzako zati honetan ez daukat ezer dokumentaturik”. Kartoizko kutxa haiei jarraika egin nuen hausnarketa horrek nire lehen kamara digitala erostera eroan ninduen.

Gero, jada 2005ean, hasi nintzen argazkilari afizionatu bezala eta, nahiko ipurterrea naizenez, gura nuen jakin zer gertatzen zen kamara baten barruan. Horrela hasi nintzen gero eta ekipo hobeagoak erosten: konpaktu hobeago bat, gero reflex bat, eta abar. Ordura arte, autodidakta nintzen, baina  2008an erabaki nuen ikasi behar nuela, Bilbon hasieran eta beranduago, 2009tik 2011ra, argazkilaritza profesionaleko ikasketak egin nituen Donostian. Ikastaro hauetan, teknikaz gain, autoreen lanak ere hasi nintzen ezagutzen eta honek zabaldu zidan, nolabait, mundu honetan sartzeko gogoa.

AFIZIOTIK OGIBIDERA

Hasiera batean lagunen enkarguak hasi nintzen jasotzen, ezkontzak eta horrelakoak. Baina, ogibide bezala, 2015etik bizi naiz argazkilaritzatik.

LAN-MOTAK, BEZEROAK

Egia esan, denetik egiten dut. Foto-kazetaritza lanak egiten ditut hainbat komunikabiderentzat, Argia edo Bertsolari Aldizkarirako, kasu. AZK komunikazio agentziarako, bestalde, oso gai ezberdinak lantzen ditut: katalogoendako argazkiak, kaleko ekintzak, produktuko argazki saioak, eta abar. Ezkontzak egitea ere batzuetan tokatzen zait, eta gustura egin ere, baina bere neurrian, BBCen (“Bodas, Bautizos y Comuniones”) monoteman erori gabe, noski… Polibalentzia honetatik pila bat ikasten dut. Adibidez, prentsako lanetan askatzen den adrenalina hori niri asko gustatzen zait. Nahiz eta enkargurik ez jaso, batzuetan nire kabuz mugitzen naiz foto-kazetaritza lan bat egitera, manifestazio batera, adibidez. Gainera, nire kasa joaten naizenez, ez daukat horrenbeste presiorik.

GAIAK

Gehien interesatzen zaidana gizakia da, bere osotasunean. Euskal Herrian mugitzen naiz eta mundu ruralean izan, hiri batean izan, begirada eta errealitate ezberdinen bila ibiltzen naiz. Gustatzen zait argazkilaritza erabiltzea ezagutzen ez ditudan errealitate ezberdinetara enpatiaz hurbiltzeko.

EKIPO TEKNIKOA

Ez naiz ez canonista ez nikonista, baina Cannona erabiltzen dut, eta gustura nabil. Gaur egun hiru kamara erabiltzen ditut, eta konpaktu txiki bat, Fujiflim, erreflexa eraman nahi ez dudan kasuetarako, askatuago eta arinago ibiltzeko. Kamara txiki on bat, mendirako edo hondartzarako, esaterako, oso komenigarria da. Zeren ni, berez, beti nago lanean, ez dut sekula deskonektatzen lortzen. Bestetik, erabiltzen ditudan objektibo guztiak fixoak izaten dira, luminositate aldetik hobeagoak direlako, hasi angolarretik eta teleobjetiboraino, maila osoa kubrituz.

ERREFERENTZIAZKO AUTOREEN BEGIRADAK

Bi izen botako ditut, Sebastião Salgado eta Gregory Colbert. Colberten kasuan, beti espiritualitatea bilatzen duen argazkilaria da. Eta Salgadok lagundu zidan ulertzen argazkilaritza ez dela click bat egitea eta listo. Batez ere, argazkilaritza dokumentalean erreferente bat da, Genesis eta Exodus moduko lan monografiko horiekin. Ez naiz obsesionatzen autoreekin, baina bai, gustatzen zait beraien begiradak eta teknikak deskubritzea.

DAKIZUNA PARTEKATZEN

Irakaskuntzaren munduan lehen esperientzia, Aretxabaletako Loramendi Euskara Elkartearen enkarguz etorri zitzaidan, eta hiru urtez ibili naiz han hastapeneko ikastaroak ematen. Gustatzen zait ikastaroak ematea, bide bat delako dakizun hori konpartitzeko. Ikastaro horietaz gain, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa gradurako ere eskolak ematen ditut, bi asteko hautagaia, hain zuzen, Argazkigintza Sortzailea izenekoa. Irakasgai hau norberaren lan pertsonaletik abiatzen da, argazkilaritza norberak bere burua hobeto ezagutzeko tresna gisa.

AZK: TALDE-LANA ETA GERTUTASUNA

Bi urte daramatzat zuendako lanean, mota ezberdinetako lanak egiten, eta denetan pila bat ikasiz. Aipatutako nuke badagoela talde-lanean konfiantza bat eta gauzak hitz egiten direla, modu naturalean. Geure artean, eta baita kanpora goazenean ere, gertutasuna dugu ardatz eta gero hori emaitzetan islatzen da. Adibidez, orain dela gutxi Ikastola batean izan gara saio bat egiten, eta bai umeekin bai gazteekin bai irakasleekin lortu genuen hurbiltasuneko giro hori, nahiz eta hasieran lekua eta jendea ezezagunak izan guretzat. Gauzak berez lortzen dira, inor behartu barik. Giro hori gero argazkietan hautematen da, modu eroso eta egiazkoan.

SARE SOZIALAK

Sareek badute tranpa puntu bat; izan ere, adiktiboak ere badira. Baina erakusleiho on bat ere badira, sare sozial bakoitzak bere momentua daukala kontuan hartuz. Instagram gaur egun goian dago; Facebook, ez horrenbeste; eta Twitter onena da ebentoak eta aktualitateko kontuak zabaldu eta jarraitzeko. Dena dela, dosifikatu egin behar dira, lehen esan bezala, kateatuta gelditzeko arriskua duzulako. Eta gizarte honetan hain azkar goazenez, ez dakit non jartzen dugun fokua, argazkian bertan edo “Like” sakatze horretan. Orain, dena dela, nire argazkiak bilduko dituen webgune bat prestatzen ari naiz.

 

 

 

HAZI_egutegia

HAZIren 2018ko egutegiaren argazkia.

 

mugi_txartela

MUGI txartela eta Aspanogirako ekintza Donostian.

Goizper

Goizper kooperatibarako produktuak.

Argazkiak: Ekaitz Zilarmendi.

 

 

  

                          

             

                 

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.