Ondo antolatutako ekitaldi batek zenbait komunikazio eta marka helburu betetzen lagunduko digu:
- Hainbat marka elkarlanean arituko dira: guztiak indarturik irtengo dira.
- Hedapena: komunikazio tradizionala eta marketing digitala erabiliz, ekintzaren kontakizuna lau haizetara zabaltzen lagunduko digu.
- Interes fokuak biderkatuko dira.
- Gogorapena eta sentsazioak denboran luzatuko dira.
- Parte-hartzaileak gure preskriptoreak bilakatuko dira.
Joan den ostegunean, Mondragon Unibertsitateko ikasleen Project Based Learning metodologiaren bitarteko ikasketa eredu praktikoa (egiten ikasi) ezagutaraztea helburu, PBL Day ekitaldia izan zen Hernaniko Orona Ideo campusean.
Unibertsitateak alde akademikoaren antolakuntza bere gain hartu zuen, proiektuen lehiaketaren eta workshop-en bitartez, eta guk, jende gaztea erakartzeaz gain oihartzun zabalago bat lortzeko asmotan, lau hitzaldi antolatu genituen. Halaber, ekitaldia zabaltzerakoan, Euskadi Gazteako Dida saioaren konplizitatea gureganatu genuen. Dida taldekoek osteguneko saioa Orona Ideotik igorri zuten zuzenean, elkarrizketak eta zozketak tartekatuz. Aurreko egunetan ere, eta apur bat giroa berotzeko, PBL Day-ri eta Orona Ideoan ematen diren ingeniaritza graduei buruzko hainbat aipamen egin zituzten.
@EliPinedo @DidaGaztea n #PBLDAY2016 ekitaldi barruan pic.twitter.com/jZRuloiVdd
— Bera Bera Eskubaloia (@BalonmaBeraBera) March 3, 2016
Hitzaldiak emateko, honako pertsona hauen partaidetza lortu genuen: Eli Pineko eta Montse Puche, Bera Bera saskibaloi taldeko jokalari eta entrenatzailea, hurrenez hurren; Joseina Etxeberria, Gazteako esataria; Julen Hernandez youtuberra eta Gaizka Garitano, Eibar eta Valladolid futbol taldeetako entrenatzaile ohia. Lau hitzaldiak oso interesgarriak izan ziren, eta hizlarien jarrera txalotzeko modukoa (eskerrik asko bostoi!). Euren hitzaldiekin gainera, aretoa betetzea edo ia betetzea lortu zuten.
Eli Pinedok eta Montse Puchek, kirolaz haratago, lidergoa eta talde-lanaz jardun zuten, bai Bera Bera taldean, bai Espainiako selekzioan, non rolak eta egoerak oso bestelakoak diren. Denboraren poderioz lidergoa nola aldatu den ere komentatu zuten, Montse Puche jokatzen hasi zenean entrenatzaileen estiloa oso diktatzailea baitzen.
Sobre liderazgo y trabajo de equipo @EliPinedo Montse Puche #PBLday2016 pic.twitter.com/DeLtwGQxOJ — MU GEP (@MU_gep) 3 de marzo de 2016
Joseina Etxeberriak azaldu zuen nola gauzatzen duten teknikoki Gaztea Saioa, hainbat trikimailu erakutsiz; musikaren aukeraketaz ere jardun zuen, eta onartu radio-formula kontzeptura jotzen dutela ahalik eta publiko gazte gehien erakartze aldera baina, alde horretatik, euskarazko saio batekin Los 40 baino publiko gehiago izateak kristoren lorpena dela adierazi zuen.
Julen Hernandez donostiarra youtuber profesionala da eta ‘Hola Julen’ 89.000 harpidedun dituen kanala kudeatzen du. Azaldu zuen zeintzuk diren lanbide honen diru-iturriak eta eman beharreko pausuak bideoak monetizatzeko. Horretan, publizitate zuzenaz gain, network-en lana oso garrantzitsua da, enpresa hauek jartzen baitituzte harremanetan youtuberrak eta markak, youtuberrak bere kanalean marka horiekin lotutako ekintzak buru ditzan. Adibidez, Julenek erakutsi zigun ron marka ezagun batek otsailean antolaturiko Punta Canan eginiko youtuber eta blogerren topaketaren bideoa.
Batzuk pentsatzen dute gure eginkizuna enbidia ematea dela, baina atzetik lan asko dago @JulenHernandez #PBLday2016 pic.twitter.com/6QGBZjewc5
— MUn_ikasi (@MUn_ikasi) March 3, 2016
Azkenik, Gaizka Garitanoren txanda heldu zen. Kasu honetan, elkarrizketa formatuko jarduna izan zen, Xabi Igoa gure lankideak kazetariaren papera bete zuelarik.
Lehen lidergoa goitik beherakoa zen, orain motibaziotik dator #GaizkaGaritano #PBLday2016 pic.twitter.com/I6k6Lzr0ZK — MU GEP (@MU_gep) March 3, 2016
Garitanok umorez zipriztinduko bere jardunean, kirola eta ikasketak nola uztartu, lidergoa, bizitzan berak duen jarrera beti positiboa eta horrelako gaiak ederki jorratu zituen, bere futbol ibilbidean izandako hainbat pasadizoekin tartekatuz.