Branding bilaketaren emaitza.

Hezkuntza zentroak ere markak dira

Zer izan nahi duzu handitan? Hori da, haur garenean egiten digute etorkizunera begirako galdera. Zer ikasi nahi dugun galdetzen digute heldutzen ari garenean. Zer izan nahi dugun jakin ala ez, zer ikasi nahi dugun erabaki beharra izaten dugu. Etorkizuneko pertsona hori izateko bide bat edo beste aukeratu dezakegu; hezkuntza zentro bat edo beste. Baina atzera begira jarriz gero, garena izateko egindako bidean ikastetxeek eragin zuzena izan dutela jabetuko gara. Giltzarri da (edo izan daiteke, behintzat) ikasten dugun zentroa, mugarri izan daiteke gure bizi-ibilbidean, eta ikasketak zentro batean edo bestean egitearen erabakian pisu handia du markak.  Hezkuntza eragile bakoitzak du bere marka eta marka horrek markatu egiten gaitu.

AZKn urteak daramatzagu hezkuntza zentroekin batera bidea egiten. Etengabeko ikaskuntza izaten ari den prozesu honetan ikasitakoak eta azken boladan jasotakoak ekarriko ditugu ondorengo lerroetara. 

19122017-_A7A9983

 

Bakarrak eta errepikaezinak

 

Ikastetxeak eta hezkuntza zentroak formakuntza espazio bat izatetik harago, beste edozein markak bezala, irakasle, ikasle eta gurasoen arreta bereganatu eta lotu behar du; merkatuan lehiatu.

Errealitate horretan lehiakor izateko, garrantzitsua da Hezkuntza Zentroaren nortasuna, jakitea zerk egiten duen bakar eta berdingabe. Eta, besteak beste, galdera hauei erantzuna ematea: nolakoak gara? Zer eskaintzen dugu? Zer da berezi egiten gaituena? Zein dira gure balioak? …

Behin bereizgarri egiten duena identifikatuta, hori martxan jarri eta barruan zein kanpoan islatu behar du; honela, hezkuntza zentroak erakargarri  egingo duen izaera propioa edukiko du. 

 16012018-_A7A2383

Ikasleak eta langileak zentroaren ispilu

 

Ikasleek ordu mordoa igarotzen dituzte ikastetxean, hortaz, berak ere marka eraikuntza honen parte izango dira. Bai ala bai. Eskolaren izaeraren ispilu izango dira ikasleak, hortaz, komeni da beraiek marka ondo barneratuta izatea, proiektatzen dutena bat joan dadin zentroak dioenarekin/egiten duenarekin.

Berdin irakasle nahiz langileekin. Baita ikasle ohiekin ere. Hezkuntza zentroa osatzen duten pieza guztiak hartu behar dira kontuan marka egiterako garaian.  

Ezinbestekoa da barne eragileek enpresa edo erakundearen balio proposamenak barneratzea.  Honela, kanpora begira egiten duzun komunikazioa eraginkorragoa izango da eta bat joango da erakundea osatzen duten pertsonen izaera/ekintzekin.

SONY DSC

5 gako marka lantzeko

Hezkuntza zentroaren ekosistema osoak marka martxan jartzea garrantzitsua da oso. Horretarako kontuan izan beharreko bost gako azalduko dizkizuegu:

  1. Hezkuntza plataformetanpresentzia izatea. Gainontzeko eragileak daude eta zu ez? Galdera horren atzetik dator, sarri, plataformara salto egiteko erabakia. Baina badira pisuzko arrazoiak:
  • Etengabe alderaketak egiten bizi gara. Konparatzeko erreminta errazak dira plataformak.
  • Eskaintzaren eta eskariaren arteko zubiak eraikitzeko urratsak ematen dituzte plataformek. Sektorearentzako egiten dutenez lan, sektorearen beharrak identifikatzen eta hobetzen saiatzen dira.
  • Sektoreko beste hainbat plataformekin aliantzak egiten dituzte, eta, ondorioz, eskaintza zabalago eta era berean zehatzago bat egiteko aukera ematen dute.
  1. Hezkuntza plataformetan ez ezik, sare sozialetan ere aktiboak izatea. Geroz eta gehiago kontsumitzen ditugu erreminta digitalak eta sare sozialak. Gainera, sare bakoitzak erabiltzaile mota bat duenez, gure publiko zehatzagoetara iritsi gaitezke.
  • Facebook iragana izango zela zioten, baina ez da horrela. Paperezko egunkariak desagertu ez diren bezala, Facebook ere ez da agortu. Aukera leiho handi bat zabaltzen ditu hezkuntza komunitateetan horren erabakigarriak diren gurasoengana iristeko. Horregatik, Facebookeko orrialdea edukiz, eta batez ere katalogoko produktuez, jantzi behar dugu.
  •  Linkedinen ere heldua da publikoa, baina sarea ez dute gurasoek osatzen, baizik eta erakunde eta profesionalek. Hortaz, edukiak insituzionaletik jo dezake eta teknikoagoa izan.
  • Audientziarik gazteena, ikasleak, Instagramen daude. Oso bisuala da, estetikoa; beraz, izaera horri erantzun behar die gure argitalpenek. Kontuan izan behar dugu kanal honetan publikoa bestelakoa dela; ondorioz, sortu behar dugun edukiak ere azkartasun, dinamismo, estetika… horri erantzun behar diola.
  • Twitter biziagoa, momentaneoagoa da; beste dinamismo eta azkartasun bat eskatzen du. Hortaz, sare honetatik bideratutako informazioak ere unean uneko behar horri erantzun behar dio.

 

  1. Ikus-entzunezko edukiez hornitu behar ditugu gure sareak. Sareetako trafikoaren %75a ikus-entzunezkoak ikusteko dira. Gero eta bideo gehiago kontsumitzen dira, eta, gainera, Emagisterren esaterako, ikus-entzunezko edukiek harrera hobea dute. Izan ere, ikus-entzunezkoak dituzten produktuak 5 aldiz gehiago saltzen dira.

 

  1. Besteek hezkuntza zentroaz diotena erabakigarria izango da.Iritziek garrantzia handia dute. Emagisterren, adibidez, iritzia duten produktuek lau bider handitzen dituzte salmentak. Erreferentzia horiek, besteen esperientziek, gugan eragina dute.

 

  1. XXI. mendekokontsumo ohiturak eta tendentziak jarraitzeak erraztu egingo du publikoak hezkuntza zentro hori  begiz jotzea.
  • Azkartasuna eskatzen du bezeroak. Geroz eta azkarrago erantzun, geroz eta aukera gehiago izango dira gurera etorri edo/eta gurean geratzeko.
  • Erantzun bizkorrak emateko bide egokia dira esku-eskura ditugun erremintak erabiltzea. Gizarte geroz eta digitalizatu honetan, esaterako, WhatsApp-ak sekulako presentzia dauka. Hezkuntza zentroetako erabiltzaileek bide hori badarabilte elkar komunikatzeko, guk ere hor egon behar dugu.
  • Audio bidezko bilaketak gero eta gehiago egiten dira. Guk ere teknologia berri horriekin jokatu behar dugu abangoardian egon nahi badugu.
  • Mugikorraren etengabeko gorakada bizi dugu. Hezkuntza esparruetako webguneetara edo sareetara, esaterako, %65a mugikorrez sartzen da. Mugikorrak gaina hartu duenez, gure komunikazioetan mugikorrak lehentsi behar ditugu.

Tentuz jarraitu behar ditugu tendentziak. Honela identifikatu eta erantzuna eman diezaiekegu-eta pertsonen beharrei.

04042017-_P6A4792

Etorkizuna lanbro

Ikasketen eskariak jarraitu egingo du. Haurtzaindegira, eskolara, heziketa zikloetara nahiz unibertsitatera joan behar eta nahi duten herritarrak egongo dira.  Bai, egongo dira, baina gutxiago.

Datuen arabera ikasle kopuruak behera egingo du datozen urteetan. Sektore guztietan ikusiko da beherakada. Unibertsitatean, esaterako, 2,4M unibertsitate ikasle gutxiago espero dira datozen urteetan.

Eskariak jarraitu egingo du, baina hezkuntzan bizi den atomizazioa medio, hezkuntza zentroen fokua lekualdatu eta bide berriak asmatu beharko dituzte, beren sorburu eta jomuga galdu gabe, beren iparrorratzaren bidean aurrera egiteko.

Hortaz, etorkizuneko erronka horiei aurre egiteko ezinbestekoa izango da marka egitea eta, ondorioz, eskari horien bizitzetan tokitxoa egitea.

 

Informazio iturriak:

  • XX Jornada Formativa BRANDING. Marca Alumni: valor y comunicación
  • V. Emagister jardunaldiak

 

Komunikazioa 360º

Bideo labur honetan saiatu gara azaltzen, modu grafikoan, zeintzuk diren gure lan esparru nagusiak, beti ere komunikazioaren, publizitatearen eta branding-aren inguruan; hala nola, bideo marketina, ekosistema digitala, ekitaldien kudeaketa, packaging-a, publizitate kanpainak, diseinu editoriala eta marken kudeaketa.

Gertutik i(ra)kasten

Gure lanari zor, bezeroen marka balioei erreparatzen jardun izan gara sarri. Hauek barneratu eta komunikatutako mezu bakoitzean isla izan dezaten ahaleginduz.

Baina, eta zein da gure marka balio nagusia? Zerk bereizten gaitu? Zein baliorekin lotzen du bezeroak AZK?

Gertutasuna. Hori da AZK.

Baina ezaugarriek, teoriatik haratago joan behar dute ezaugarri izatekotan, jarrera bat izan behar dute.

Ideia horrekin agertu ginen duela hilabete MONDRAGON UNIBERTSITATEko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Aretxabaletako campusean, bezeroarekin elkarlanean, Ikastolen Elkarteko kide diren Ikastola desberdinetako zuzendari eta komunikazio arduradunei, komunikazioari buruzko prestakuntza eskaintzera.

Helburu argi batekin etorri ziren ikastoletako ordezkariak: matrikulaziorako komunikazio kanpaina diseinatzea.

Erronka polita benetan ikastola bakoitzaren errealitatea ezagutu eta oinarrietan sakontzea, azken hori izan baita gure abiapuntua: komunikazio kanpaina bat diseinatzeko oinarrizko pautak elkarbanatzeaz gain, markaren ezaugarriak eta nortasuna aztertzen jardun baikara.

Guztira, 3 saio izango dira (irailaren 28a, urriaren 27a eta azaroaren 30a) eta onena da guk ere ikasteko aukera izan dugula, esperientziak elkarbanatzeak guztientzako onura suposatzen duelako.

Eskerrik asko parte hartzaile guztiei, eta nola ez, Goio, Ainhoa eta Onintzari.

Ondo antolatutako ekitaldi batek ematen diguna

eli-pinedo-berabera

Ondo antolatutako ekitaldi batek zenbait komunikazio eta marka helburu betetzen lagunduko digu:

  • Hainbat marka elkarlanean arituko dira: guztiak indarturik irtengo dira.
  • Hedapena: komunikazio tradizionala eta marketing digitala erabiliz, ekintzaren kontakizuna lau haizetara zabaltzen lagunduko digu.
  • Interes fokuak biderkatuko dira.
  • Gogorapena eta sentsazioak denboran luzatuko dira.
  • Parte-hartzaileak gure preskriptoreak bilakatuko dira.

Joan den ostegunean, Mondragon Unibertsitateko ikasleen Project Based Learning metodologiaren bitarteko ikasketa eredu praktikoa (egiten ikasi) ezagutaraztea helburu, PBL Day ekitaldia izan zen Hernaniko Orona Ideo campusean.

Unibertsitateak alde akademikoaren antolakuntza bere gain hartu zuen, proiektuen lehiaketaren eta workshop-en bitartez, eta guk, jende gaztea erakartzeaz gain oihartzun zabalago bat lortzeko asmotan, lau hitzaldi antolatu genituen. Halaber, ekitaldia zabaltzerakoan, Euskadi Gazteako Dida saioaren konplizitatea gureganatu genuen. Dida taldekoek osteguneko saioa Orona Ideotik igorri zuten zuzenean, elkarrizketak eta zozketak tartekatuz. Aurreko egunetan ere, eta apur bat giroa berotzeko, PBL Day-ri eta Orona Ideoan ematen diren ingeniaritza graduei buruzko hainbat aipamen egin zituzten.

Hitzaldiak emateko,  honako pertsona  hauen partaidetza  lortu genuen: Eli  Pineko eta Montse  Puche, Bera Bera  saskibaloi taldeko  jokalari eta  entrenatzailea,  hurrenez hurren; Joseina  Etxeberria, Gazteako esataria; Julen  Hernandez youtuberra eta Gaizka  Garitano, Eibar eta Valladolid futbol taldeetako entrenatzaile ohia. Lau  hitzaldiak oso interesgarriak izan ziren,  eta hizlarien jarrera txalotzeko modukoa  (eskerrik asko bostoi!). Euren hitzaldiekin gainera,  aretoa betetzea edo ia betetzea lortu  zuten.

eli-pinedo Eli Pinedok eta Montse Puchek, kirolaz  haratago, lidergoa eta talde-lanaz jardun  zuten, bai Bera Bera taldean, bai  Espainiako selekzioan, non rolak eta  egoerak oso bestelakoak diren. Denboraren poderioz lidergoa  nola aldatu den ere komentatu zuten, Montse Puche jokatzen hasi zenean entrenatzaileen estiloa oso diktatzailea baitzen.

Joseina Etxeberriak azaldu zuen nola gauzatzen duten teknikoki Gaztea Saioa, hainbat trikimailu erakutsiz; musikaren aukeraketaz ere jardun zuen, eta onartu radio-formula kontzeptura jotzen dutela ahalik eta publiko gazte gehien erakartze aldera baina, alde horretatik, euskarazko saio batekin Los 40 baino publiko gehiago izateak kristoren lorpena dela adierazi zuen.
  joseina-etxeberria

Julen Hernandez donostiarra youtuber profesionala da eta ‘Hola Julen’ 89.000 harpidedun dituen kanala kudeatzen du. Azaldu zuen zeintzuk diren lanbide honen diru-iturriak eta eman beharreko pausuak bideoak monetizatzeko. Horretan, publizitate zuzenaz gain, network-en lana oso garrantzitsua da, enpresa hauek jartzen baitituzte harremanetan youtuberrak eta markak, youtuberrak bere kanalean marka horiekin lotutako ekintzak buru ditzan. Adibidez, Julenek erakutsi zigun ron marka ezagun batek otsailean antolaturiko Punta Canan eginiko youtuber eta blogerren topaketaren bideoa.

Azkenik, Gaizka Garitanoren txanda heldu zen. Kasu honetan, elkarrizketa formatuko jarduna izan zen, Xabi Igoa gure lankideak kazetariaren papera bete zuelarik.

Garitanok umorez zipriztinduko bere jardunean, kirola eta ikasketak nola uztartu, lidergoa, bizitzan berak duen jarrera beti positiboa eta horrelako gaiak ederki jorratu zituen, bere futbol ibilbidean izandako hainbat pasadizoekin tartekatuz.

Una foto publicada por Julen Hernandez (@holajulen) el

#erronkarakoprest: publizitatea egiteko beste modu bat

Publizitateak hamaika aurpegi izan ditzake: izan daiteke beldurgarria, izan liteke barregarria, izan liteke erotikoa, izan liteke… Eta aurpegietako bat xamurtasunarena da. Azken aurpegi hori ematen diot MONDRAGON UNIBERTSITATEArentzako diseinatu dugun azken kanpainari.

Pakistaneko eskualde askotan zaila da eskolara joatea eta are gehiago nesken kasuan. MONDRAGON UNIBERTSITATEAk eta Baltistan Fundazioak, berdintasunezko printzipioetan oinarri hartuta, Hushe ibarreko neska eta mutiko guztiek kalitatezko eskolara joateko aukera izan dezaten, #erronkarakoprest ekimena sortu dute.

Baina zein da erronka?

8.035 argazki lortzea da gure erronka. #errokarakoprest traola duten 8.035 argazki Twitter eta Instagramen, 8.035 metrotan baitago Gasherbrum IIaren tontorra. Felix Iñurrategik bertatik agurtu gintuen eta gaur berak eta Albertok anaiak Hushe bailaran hasitako lanari bultzada berezi bat eman nahi diogu.

Gasherbrum II mendiaren hegala 8 etapatan banatu dugu eta, etapa bakoitza gainditzean, 12 neskek eskolara joateko beka bana lortuko dute. Azken etapan, gailurrera iristean, 16 neskatilentzako beka bana eta 2 irakaslerentzako ikastaro bana banatuko ditu MONDRAGON UNIBERTSITATEAk. Beraz, proiektua gauzatuz gero, guztira 100 beka eta 2 irakaslerentzako ikastaro banatuko ditu unibertsitateak guztion ahaleginari esker.

Gaztea irratia ere ekimenera batu da, eta hainbat aipamen berezi egiteaz gain haien argazkia ere bidali digute.

Atzo @DidaGaztea-n eginiko elkarrizketaren ondoren ateratako argazkia #erronkarakoprest @gaztea_irratia #mondragonunibertsitatea

A photo posted by Mondragon Unibertsitatea (@mondragonunibertsitatea) on

Dagoeneko 1. 000 argazkitik gora jaso ditugu eta guztiak daude ikusgai horretarako eraiki dugun webgunean: www.mondragon.edu/erronkarakoprest