Antzinako amerikanuak

kartela-web.jpg
Publizitate-kartelak bere mezua modu zuzenean igorri behar du, hartzailearen arreta istant batean harrapatu ahal izateko: oihu baten potentzia eta kolpe siku baten indarrarekin.
Gainera, halako batasun estetikoa zein komunikatiboa lortu behar da kartela osatzen duten elementu guztien artean: testua, letra tipoa, kolorea eta irudia, alegia.
MONDRAGON UNIBERTSITATEko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatetik beraien Literatur Astea (aurten egun bakarreko Topaketa izango da, azaroaren 11ean) iragarriko duen kartela egiteko enkargua helarazten digute, urtero urtero. Eta guk, egia esan, pozaren pozez hartzen dugu lan hau.


“Far Westeko euskal ahotsak” aurtengo gaiak joko handia emango digula hasiera hasieratik ikusi genuen. Bistakoa zen cow boy-aren ikono unibertsala erabiliko genukeela, ondoren irudiari euskal kutsua emateko, jakina.
Cow-boy-aren ikonoa aukeratzerakoan, “High Noon” (Solo ante el peligro“, gure artean) filmeko Gary Cooper-arena hautatu dugu. Indarra, izaera tinko eta gogorra, zuzentasuna, dotoretasuna, kemena…eta abarreko balioak islatzen dituen herri-kulturaren (nahiz eta gaur egun benetan zaila den asmatzea zer egongo ote dagoen kontzeptu honen ostean) ikono erakargarri, identifikagarri eta ezaguna.
Baina, finean mezua zein da, zer adierazi nahi dugu kartelarekin, nola eraiki esanahiez betetako zubiak Cooper-ren eta “Far West-eko Euskal Ahots” anonimo horien artean?

• AEBetara joan ziren euskaldunak, gehienetan bakar bakarrik joaten ziren gizonezkoak, mundu ezezagun batera abiatu ziren, han zer aurkituko zuten jakin barik. “Solo ante el peligro” sentituko ziren asko eta asko, gaurko emigranteak ere edozein leku ezezagunean sentituko diren bezalaxe.

• Gehienetan, hala ere, eta euren nortasuna eta lanerako gaitasunean oinarriturik, denboraren poderioz bizimodu “arrakastatsua” eta posizio sozial errespetagarria lortzen zuten (paparrean daraman izarrak islatzen du nolabait inguru arrotz batean lortutako “garaipen sozial” honen ideia). Oraindik ere, cow-boy (edo shepherd, ardi artzain izan zelako gehienen lehen lana) euskaldun horien ondorengoek prestigio handia dute AEBetako hainbat estatutan.

Finean, Cooperren bide bera egin zuten: bakar bakarrik etsaiari edo eremu ezezagunari aurre egin, eta borroka honetatik airoso-airoso (garaile?) itzuli. Hau litzateke, beraz, kartelaren metafora edo kontatu nahi dizuegun ipuintxoa (edo “storytelling“, esango lukete batzuek).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.