Euskararen negarrak

DSCN0003.JPG
Negar gutxiago eta autoestima gehiago. Hau izan beharko litzateke errezeta. Eta gero eta gehiago ari da entzuten diskurtso hau euskararen inguruan. Nago gauza batzuk, poliki poliki bada ere, aldatzen ari direla. Eta beste erremediorik ez, gainera.


Biktimismo gutxiago, arbuioa baino sortzen ez duten kanpaina kontraproduzenteak (EHEren Ezabaketa Kanpainak, kasu) eta hiru harridura markekin (!!!) bukatzen diren lelo antzuak ahaztu, eta militantzia ortodoxoaren haratago, txipa aldatu beharko genuke guztiok euskara aurrera egitea gura badugu. Azkenaldi honetan, berria ez den diskurtso honen inguruko mezuak ozenago entzuten ari gara.
Nonbait euskara ere publizitateaz eta marketinaz baliatu beharko dela jabeturik (eta, zergatik ez, alderantziz ere, publizitateak euskara behar duela) jokamolde berriak datoz. Aspaldion, gehien harritu nauena AEKren azken iragarkia duzue.

Oso modu profesionalean eginda, eta ohikoak ez diren klabe soziokulturalak erabiliz, klabe neutroagoak alegia, AEKrena ematen ez duen spota burutu dute. Harrigarriena, hala ere, azken claim hori: “aek, tu coach”. Lehen militantziarekin eta ezker abertzalearekin lotzen genuen AEK; orain, ezaugarri hauetatik aldentze aldera, kirolaren mundutik datorren eta oso konnotazio ezberdinak dituen kontzeptu anglosaxoiarekin lotu nahi izan dute AEK erakundeak.
Azken finean, XXI. mendean gaude, gizartea ziztu bizian aldatzen doa eta jendea erakarri egin behar da, eta ez uxatu betiko matrakarekin. Imazek “hay que cautivar a España” adierazi zuenean, ez zegoen oso urruti hemen esandakoaz. Kendu ‘Espaina’ hitza, eta ipini ‘erdalduna’: “erdalduna erakarri behar da”.
Baina geure burua elikatzeaz ahaztu barik, kontuz gero. Euskaltzaletzat genuen Josu Jon, baina etsenpluaren bidez predikatu beharrean, une garrantzitsuenetan, gehienok bezala, lehenengo hitza gaztelaniaz. Kontraesanak kontraesan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.