Astebete AZK-an

Uxue Otxoa

Gaur astebete betetzen dut AZK-an lanean. Nire lehenengo lanpostua izanik, inozentziarekin bat ilusioz eta bermez ekin diot esperientzia berri honi.

Errazagoa egin zait enpresan bertan eta lankideekin barneratuta sentitzea, izan ere, martxotik maiatzera bukaera bitarte, masterreko praktikak hemen egiten ibili nintzen. Beraz, ezaguna izateak eta hutsetik ez hasteak, dena errazago eramatera lagundu dit. Osterantzean, onartu beharra daukat, goizean alarma entzutean, kosta egin izan zaidala esnatzea egunotan. Oporretan bi hile luze egon eta gero, bat nagitu egiten da eta errutinara murgiltzea, errutinak berak baino, iratzargailuak egiten du eguneko momentu zailena. Behin lantokira sartuta, ez dago ordularia begiratu beharrik jakiteko orduak zeinen azkar pasatzen diren. Entzungai izaten dugun irratiak, eta arreta jarriz gero, noizean behin, zein ordutan bizi garen gogorarazten digu, baina bestela, nire kasuan behintzat, denborak urrea balio badu, aberats sentiarazi didate astebete honetan.

Lehenengo egunetik jada, atentzio eta prestasuna eskaini zizkidaten. Bulegora sartzearekin bat, nire izenez egindako enpresako helbide elektronikoa eman zidaten. Materiala nire zain zegoen mahaian eta bost minutu baino ez nituen izan lankideekin bilatzeko eta betebeharrak zeintzuk ziren apuntatzeko. Lehenengo eguna zen, bai, baina ez zegoen denbora egokitasun fase bat egiteko, ezaguna naiz, bezeroak niretzat ere ez dira berriak, berez lanean finko jartzea baino ez da geratzen. Lan asko egin dut aste betean, bezero ezberdinekin hitz egin dut, eta lan mota eta eduki ezberdinetan aritu naiz.

Webguneak gestionatzeaz gain, itzulpenak ere egitea tokatu zait, baita marka baloreak zeinen garrantzia duen ikasi dut, eta horiek marka baten komunikazio osoan nola finkatu behar diren ere ikasten ari naiz. Baloreak ondo zehaztu beharra dagoela ondo ikasi dut aste honetan, hortik baitator aurrerantzean egiten den gainontzeko komunikazio guztia. Baina tira, umore pixka bat izateko, lehenengo bost egunotan, nola ez, lehenengo hanka sartzea ere egin dut. Webgune batean albiste batzuk nahi gabe ezabatu, eta berreraikitzea tokatu zitzaidan. Baina beti esaten dugun legez, akatsez ikasten da, “berria” nahiz eta inozentziak lagunduta edo ez, arazo txiki horretan murgildu nintzen, baina aurrerantzean ere honelakoak etorriko direnez, ez da txarto etorri lehenengo “kolpea”.

Naturaltasun gehienarekin jokatu eta akatsak egin bai, baina pisutsuak ez izaten saiatuko naiz behintzat. Balorazio orokorra, positiboa da. Pozik nago bai lankide bai enpresaren filosofiarekin. Etxean nagoela sentiarazten didate momentu oro, eta guztien prestutasuna eta laguntasuna eskuragai izateak, baloratuta nagoenaren sentipena sortzen didate, eta horrek alaitu egiten nau eta iratzargailua alde batera utzita, honelako egoera izanda, bat gustura dator lanera. Mila esker astebete honetan eskainitako guztiagatik, nigan fidatu izanagatik eta etxean bezala sentiarazi izanagatik.

Erantzun bat “Astebete AZK-an” bidalketan

  1. Joseba(e)k dio:

    Zorte on izan dezazun, Uxue, zure bizitzaren etapa berri honetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.