“Bideo eta irudia dira nagusi gaur egun Marketing Digitalean”

neka2

Nekane Zapatak Marketing Digitaleko Masterreko praktikaldiak gurean egin zituen, AZK agentzian, zortzi hilabetez. Ondoren, lan-taldean sartu da. Ezagutu dezagun nolakoa den Nekane eta nola ikusten dituen AZK eta Marketing Digitaleko egungo egoera.

– Konta iezaguzu, apur bat, zein den Nekane Zapata:

22 urte dauzkat eta Bergarakoa naiz. Bilbon ikasi nuen Marketineko gradua, UPV/EHU-n; izan ere, lehenengo promozioa gurea izan zen. Hau bukatu ondoren, ikasketekin jarraitzea pentsatu nuen eta master bat egitea aproposena iruditu zitzaidanez, Marketing Digitaleko Masterra egin dut aurten Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean, Oñatin.
Nire zaletasunen artean, esan dezaket musika entzutea dela nire egunerokoan falta ezin den gauza bakarra; honekin batera, irakurtzea ere asko atsegin dut. Gainera, edozein moduko liburuak irakurtzen ditut, ez dut ez idazle ez gai gustukoen; arreta pizten didatenak irakurtzen ditut. Beste alde batetik, izugarri gustatzen zait hondartza, bai udan eta bai neguan, eta surfa egiten dutenak ikustea. Nik ez dut surfik egiten, baina egiten dutenek benetan harrituta uzten naute.

_ Marketing Digitaleko unibertsitate masterra egin zenuen Mondragon Unibertsitatean. Zer moduzko esperientzia izan zen?, gomendatuko zenuke master hau?

Masterra hasi baino lehenago itxaropen handiak nituen; izan ere, Bilbon egon nintzen Master eta Postgraduen azoka batean oso ondo azaldu ziguten dena eta bertan jakin nuen horrelako zerbait egin nahi nuela. Esperientzia oso polita izan da, klasean hain giro ona izateak ere lagundu du, baina horretaz gaindi, irakasleak eta hizlariak oso ona izan dira eta beraien irakaskuntzak oso lagungarriak izan dira, bai klaseetan bai oraingo lanean.
Masterraren alde positiboenetako bat bere praktikotasuna da eta, honi esker, azkar ikasten da, “lear by doing” delako metodologia guztiz aproposa delako. Beste alde batetik, praktikak egiteko programa oso ona da eta hainbat enpresen artean aukeratu ahal izaten da. Beraz, unibertsitatea bukatzen dutenei gomendatzen diet master hau.

– Kontatu nolakoak izan ziren AZK-n egindako Master amaierako proiektua: zein izan zen zure eginkizuna eta zenbat denbora eman zenuen bertan?

AZKn praktikak hasi nintzenetik sare sozialen eta online munduan sakonago sartu nintzen. Laburbilduz, AZK-k dituen bezeroen sare sozialak eta web orriak ezagutzen eta hauek edukiez elikatzen jardun nuen. Hasieran sei hilabeteko praktiketako egonaldia zen, ondoren udako hilabeteetarako luzatu zen praktiketako kontratu hori eta irailaren 1etik hemen ari naiz lanean.

– Praktikak bukatu ondoren, zein da orain zure eginkizuna?
Nire eginkizuna orain ildo berdinetik doa baina erantzukizun handiagoarekin; izan ere, proiektu batzuk nire ardurapean daude.

_ Nolakoa da AZK komunikazio enpresa bezala, zuk espero zenuen modukoa da edo oso bestelakoa?, zerbaitek harritu zaitu bereziki?
Enpresa moduan AZK-ak modu positibo batean harritu ninduen, izan ere, astero astero bilerak daude non proiektuen berritasunak komunean jartzen diren eta aste horretako lana antolatzen den. Ez nuen espero barne-komunikazioa hain ondo antolatuta egongo zenik eta, nire ustez, oso era egokia da. Beste alde batetik, lan egiteko giro oso ona dago.

_ Marketing Digital eta Enpresen Komunikazioaren inguruan gogoeta txiki bat egiteko eskatuko dizut: zeintzuk dira oraingo tendentziak?, gauzak asko aldatu dira azken urteetan komunikazioari dagokionez, asko aldatuko dira hemendik aurrera ere?

Online munduari begiratzen badiogu, oraingo errealitatea bideo eta irudietan zentratzen da; izan ere, sare sozial gehienetan eta webguneetan arrakasta izateko irudi eta bideoen erabilera egoki bat egin behar da. Izan ere, orain da bai Instagram, bai Flickr eta honelakoen gorengo unea.
Erabiltzailea ere indar bisualez mugitzen da eta gero eta nazkatuago dago testu luzeez; beraz, enpresak egokitzen ari dira tendentzia horretara.
Beste alde batetik, gaur egun garrantzitsua den eta gero eta garrantzitsuagoa izango den gailua, telefono mugikorra da. Momentu oro konektaturik egotea behar bat bihurtu da, eta gero eta aplikazio gehiago sortzen dira hauen inguruan. Zerbitzu gehienak beraien mugikorrerako aplikazioak sortzen ari dira; osasunaren arloan, adibidez, aplikazio asko daude zure egunerokoan erabiltzeko; hala nola, loaldiak kontrolatzen dituzten aplikazioak, bizi-konstanteak kontrolatzen dituztenak… Eta denborak aurrera egin ahala gero eta gehiago izango dira, aurrerapen asko gertatzen ari dira eta sektore honetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.