Internet bilaketaren emaitza.

Amsterdameko lotsabakoak

shutterstock_229711798

Hegazkinera igotzen, ardo garesti bat dastatzen modako jatetxe batean edo selfiea egiten kontzertuko lehen lerrotik. Zenbat bider igo ditugu horrelako egoeren testigantzak Facebook edo Instagramera. Twitterren, berriz, telebistako mahai-inguruan adierazitako iritzi politiko jakin baten alde edo kontra lerrotu gara, sutsuki. Lehen esfera pribaturako gordetzen zirenak orain lau haizetara zabaltzen ditugu, gehienetan gure buruaren irudi idealizatu bat eman guran, eta askotan konturatu barik han esandakoa betiko geldituko dela idatzirik.

Sare sozialen bidez nahita ematen ditugun informazio honetaz gain, badaude beste datu asko ia konturatu barik ematen ditugunak eta, nahiz eta jakin ez, egunen batean gure kontsumitzaile, boto-emaile edo hiritar profila osatzeko erabiliko direnak. Hor daude Interneteko cookiak, gure eguneroko nabigazioaren urratsak gure interes, gustu eta zaletasunak deskodetu eta informazio-datu zehatzak bihurtzen dituztenak. Bankuko edo supermerkatuen fidelizazio txartelekin egiten ditugun erosketak ere, besteak beste, guri buruzko arrastoa lagatzen dute. Horri guztiorri Big Data deitzen zaio eta esaten da etorkizun hurbilean, sakabanaturik dauden arrasto horiek datu zehatzetan interpretatzeko formula “magikoak” guztiz garatzen direnean, urregorria besteko balioa izango duela.

Guk geuk nahita edo konturatu barik zabaldu dugun informazio horretaz guztiaz baliatuta, saldu ahal izango dizkigute guri propio diseinaturiko oporrak, bizitza asegurua edo automobila, kasu. Hauteskunde garaian ere egunen batean ingeniariak eta matematikariak ibiliko dira datu pertsonalak kudeatzen, banakakoak zein taldeetakoak, datu base erraldoiak erabilita¬, boto emaileak alderdi zehatz baten edo bestearen alde erakarri guran.

Sare sozialen, plastizkozko diruaren eta Big Dataren sasoi honetan pribatutasunak berea egin du, eta intimitatea beste garai bateko kontua da.

Gogoratzen dut behin, milurteko hasieran, Amsterdamen egon nintzenekoa, orduan han bizi zen lagun baten etxebizitzan. Hiri kosmopolita hartan bazegoen gauza bat pila bat harritzen gintuena: etxeetan ez ziren apenas gortinarik erabiltzen, eta guztion begi-bistan gelditzen zen, lotsagabeki, etxebizitza haien egongela zein sukaldeetan gertatzen zen guzti -guztia. Nahiz eta orduan ez jabetu, XXI. mende hasierako gizartearen metafora bat genuen aurrez-aurre.

Artikulu hau Puntua aldizkarian argitaratu zen 2015eko uztailaren 3an.

#erronkarakoprest: publizitatea egiteko beste modu bat

Publizitateak hamaika aurpegi izan ditzake: izan daiteke beldurgarria, izan liteke barregarria, izan liteke erotikoa, izan liteke… Eta aurpegietako bat xamurtasunarena da. Azken aurpegi hori ematen diot MONDRAGON UNIBERTSITATEArentzako diseinatu dugun azken kanpainari.

Pakistaneko eskualde askotan zaila da eskolara joatea eta are gehiago nesken kasuan. MONDRAGON UNIBERTSITATEAk eta Baltistan Fundazioak, berdintasunezko printzipioetan oinarri hartuta, Hushe ibarreko neska eta mutiko guztiek kalitatezko eskolara joateko aukera izan dezaten, #erronkarakoprest ekimena sortu dute.

Baina zein da erronka?

8.035 argazki lortzea da gure erronka. #errokarakoprest traola duten 8.035 argazki Twitter eta Instagramen, 8.035 metrotan baitago Gasherbrum IIaren tontorra. Felix Iñurrategik bertatik agurtu gintuen eta gaur berak eta Albertok anaiak Hushe bailaran hasitako lanari bultzada berezi bat eman nahi diogu.

Gasherbrum II mendiaren hegala 8 etapatan banatu dugu eta, etapa bakoitza gainditzean, 12 neskek eskolara joateko beka bana lortuko dute. Azken etapan, gailurrera iristean, 16 neskatilentzako beka bana eta 2 irakaslerentzako ikastaro bana banatuko ditu MONDRAGON UNIBERTSITATEAk. Beraz, proiektua gauzatuz gero, guztira 100 beka eta 2 irakaslerentzako ikastaro banatuko ditu unibertsitateak guztion ahaleginari esker.

Gaztea irratia ere ekimenera batu da, eta hainbat aipamen berezi egiteaz gain haien argazkia ere bidali digute.

Atzo @DidaGaztea-n eginiko elkarrizketaren ondoren ateratako argazkia #erronkarakoprest @gaztea_irratia #mondragonunibertsitatea

A photo posted by Mondragon Unibertsitatea (@mondragonunibertsitatea) on

Dagoeneko 1. 000 argazkitik gora jaso ditugu eta guztiak daude ikusgai horretarako eraiki dugun webgunean: www.mondragon.edu/erronkarakoprest

Web berria!

Apur bat kostatu zaigu, baina azkenean badaukagu web berria: www.azk-taldea.com. Bertan Yellowing bloga integraturik egongo da; eta posible izango da, baita ere, blogera sartzea zuzenean betiko helbidetik: www.yellowing.net
Zuen gustuko izango delakoan
Nos ha costado un tiempo (bastante largo, a decir verdad) pero por fin ya tenemos nueva web: www.azk-taldea.com. Ahí estará integrado el blog Yellowing, al que también será posible acceder desde la dirección habitual: www.yellowing.net.
Esperemos que os guste.

Blogak.com, blogak euskeraz egiteko tresna berria

Beste berri on bat euskaldunendako, bloga edonork euskaraz sortzeko tresna bat gehiago atera dute: blogak.com.
Oso tresna txukuna iruditu zait, diseinu argia, irakurtzen laguntzen du. Erraza da, edonork sortu dezake bere bloga.
Hau ez da euskaraz sortzeko daukagun blog plataforma bakarra, blogari.net-ek ere joan zen urrian plataforma berria sortu zuen. Hemendik aurrera espero dut, gehiago sortuko direla. Zenbat eta gehiago hobeto: blog gehiago, elkarrizketa gehiago, artikulu gehiago…

12