Komunikazio estrategikoa bilaketaren emaitza.

Markak 2021 urtean: pertsonekin harremantzen diren pertsonak

Urte berria, bizitza berria. Hori dio, behintzat, esaerak. Eta marken kasuan, 2021. urtean bizia hartuko dute, indartu egingo dira, baliorik gizatiarrenak.

Markek balio argi, definitu, erreal eta zintzoetara joko duten urtea izango da aurtengoa. Hitz gutxitan esanda, komunitatean errotutako jasangarritasuna, pertsonen eta planetaren zaintza, feminismoa, ingurumenarekiko errespetua bezalako kontzeptuek inoiz baino protagonismo eta balio handiagoa izango dute marken garapenean. Gure bizitza hobetuko duten sinismen eta ikuspegi berriak dira horiek, komunitatea indartuko dutenak.

 

Gizatasuna 2021. urtean

Pertsona guztiok dugu aldaketarako gaitasuna eta ardura. Denok gara garrantzitsuak. Izan ere, pertsonak dira markak gorpuzten dituztenak: enpresak pertsonak dira, bezeroak ere bai, baita hornitzaileak ere. Horiek guztiek eragin dezakete, eta gizatasuna erdigunean jartzen badugu, aldaketa errazagoa izateaz harago, erreala izango da.

Digitalizazioak elkar konektatzen gaitu, baina paradoxikoki, hartu-eman horretan elkarrengandik urrunago sentitzen gara. Distantzia soziala are handiagoa da pantaila bat tartean dagoenean, izan ere, adibidez, WhatsAppeko testuek ez dute begietara begiratzen. Baina pertsona sozialak garen heinean, besarkadak, irribarreak, musuak behar ditugu; distantzia hori haustea behar dugu, metaforikoki bada ere.

Markek hurbiltasuna ere bilatzen dute. Bezeroarekin -pertsonekin- benetako harremana berreskuratu nahi dute, hots, elkar eragite gizatiarragoa, humanoagoa, bilatzen dute. Markek bihotza dute eta bihotz txiki horietara iritsi nahi dute. Parez pare hitz egin, sentiarazi.

 

Komunikazioak aldatzen lagunduko gaitu

Marka humanizatzeko, komunikazioa ezinbestekoa da. Zer komunikatu, zergatik komunikatu eta nola komunikatu zehaztu beharra dago horretarako. Emozioetara jo behar dugu eta komunitatearen alde gizatiarrenarekin konektatu; horrela, transmititzeaz gain, eraldatzeko eta pertsonen ohituretan aldaketa positiboa sortzeko.

Sentitzen duguna gara; horregatik, emozioen bidez komunikatuko dugu. Tekla egokietan eman behar da emozioekin konektatzeko. Baina emozioak arrazoiarekin orekatu behar ditugu; komunikazioak, emozionala izateaz gain, benetakoa eta koherentea izan behar baitu. Gure koherentzia zenbat eta handiagoa izan, orduan eta hobea izango da pertsonek gure markarekiko izango duten pertzepzioa.

 

Laburbilduz:

– Komunikazioa gizatiarra izango da.

– Komunikazioa aldaketarako tresna izango da.

– Komunikazioak emozioetan eta balioetan jarriko du arreta.

 

Zuzeneko komunikazioa

Youtube, Instagram eta bere zuzenekoak. Zuzeneko ekitaldi digitalak eta postcasting-ak gure komunikazio ekintzetan txertatu behar ditugu. Horrela, distantziatik, espazioa eta denbora partekatzea lortuko dugu.

Esan bezala, digitalizazioak oztopo fisikoak hausteko aukera ematen digu; beraz, opari hau aprobetxatu behar dugu eta, distantzian bada ere, pertsonengandik hurbil egon.

 

Barne-komunikazioa

Bestela esanda: Employee engagement edo employee experience. Lau paretetatik kanpo eraginkortasunez komunikatzeko, garrantzitsua da barne komunikazioa lantzea. Argi eta garbi jakinarazi behar zaie langileei zer egiten ari garen eta zer egingo den enpresan edota entitatean. Langileekiko konpromisoa erakutsi behar da, eta informatuta eta motibatuta eduki behar dira.

 

Horretarako, beharrezkoa da

  • Teknologia:

Teknologia bitartekoa izango da, ez helburua. Ulertu behar da ez garela soilik digitalak; harremantzeko beste bide batzuk ere baloratzen direla. Digitalizazioak komunikazioa hoztea eragin du. Horrekin amaitzeko bide humanoagoak hartzea ezinbestekoa da.

  • Eta markagintza:

Marka garapena argia izango da, sinplea, bereizgarria, zintzoa, erreala… eszenatoki desberdin batera eramango gaituena. Horretarako, markaren eraikuntza ulertzea garrantzitsua da oso.

 

Laburbilduz, enpresa, erakunde, elkarte eta startup guztiek 2021ean markaren eraikuntzan pentsatu behar dute, marka baita enpresaren ukiezin garrantzitsuena, horixe geratzen baita bezeroen buruan produktuak eta zerbitzuak

Elkar ezagutzea, elkar zaintzea da

Ezin uka, 2020a ez-ohikoa izan dela eta 2021ari beldurrez eta itxaropenez begiratzen diogula. Ate joka ditugu Gabonak; eta, diogunaren haritik, bistakoa da Gabon zoriontsuak ezin direla izan maite ditugun guztiekin ezin bagara elkartu. Mahai-bueltan aulki hutsak egongo dira, eta horiek beti dira hutsune. 

Egoera pandemiko honetan, jolasak izan daitezke distantziak eta hutsuneak hausteko bide edo horiek ilunetik argitara ekartzeko aitzakia. Izan ere, distantzian elkartzeko bideak zabaltzea ere bada komunikazioa. Eta gertu gaudenon arteko loturak are gehiago estutzea. Eta horretarako, komunikazio-jolas sinple bezain polita da gure gabonetako oparia.

Nola egiten da?

comecocos jolasa pausoz pauso

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Nola funtzionatzen du?

  1. Jolasaren alde bakoitzean galdera bat idatzi
  2. Parean duzun lagunari zenbaki bat esateko eskatu
  3. Zenbaki horiek kontatu beharko dituzu, jolasa irekiz-itxiz
  4. Zabalik geratzen den aldeko laukitxo bat aukeratuko du jolaskideak
  5. Horri dagokion galdera egin beharko diozu, ea asmatzen duen!

Zertarako balio du?

  • Parean duzuna gehiago ezagutzeko
  • Urrun duzuna gertu sentitzekoi

Horregatik, proposatzen dizuegu batak besteari buruz galdetzea. Ireki zuen barrura begirako leihoak eta zabaldu ateak ezagutzari. Izan ere, elkar ezagutzea, elkar zaintzea da.  Oparitu jolasa, jolasteko denbora; oparitu elkar ezagutzeko aukera.

Gabon zoriontsuak eta Urte Berri on!

 

 

Sare sozialak, sareak josteko

Saregileak gara. Arrantzarako ez, baina ekosistema digitala ehuntzeko josten dugu sarea. Gure eguneroko lanabesak dira sare sozialak, eta aisialdirako baino, lanerako darabilzkigu. Gaur, ekainaren 30a, sare sozialen nazioarteko eguna da. Aitzakia horrekin, sareez hitz egingo dugu datozen lerrootan.

Komunikatzeko moduak aldatu dira

Komunikatzeko moduak guztiz aldatu dira. Adarraren deiadarretik, hitzak paretean edo paperean idaztera; mugak uhin bidez gainditu eta uhinei ahotsa ez ezik, irudia gehitzeraino, hots,  pantaila bidezko komunikazioraino. Mila kilometrora dagoena, ikusezin zena, parez pare izan dezakegu. Munduaren bi ertz klik bakarrean lotu ditzakegu. Teknologiak aldaketak ekarri ditu; eta aldaketa horiek komunikatzeko moduak aldatu ditu.

Esku-eskura ditugu gailu teknologikoak; eta, teknologiari esker, tokitik mugitu gabe munduratu gaitezeke. Mundu bat daukagu eskura. Eta gure eskuetan dago horren aurrean zer egin, nola jokatu.

Erabilera da gakoa

Sare sozialak mugarri izan dira eraldaketa horretan. Gertu zein urrun daudenekin, gure inguruarekin sarea ehuntzeko balio dezakete. Gure ispilu izan daitezke eta izan behar lukete; nahiz eta, sarri, nor garen baino nor izan nahi dugun islatzen dugun. Atsegiteak pilatzearen presioa (edo desioa).

Dema horretan korapilatu ordez, sareen erabilera egokiari atera zukua. Josi sareak, ehundu harremanak; izan zu. Pantaila bat tarteko egonagatik, sortu harreman gardenak. Izan ere, sare sozialek onura asko eman diezazkigukete alor pertsonal nahiz profesionalean:

Onura pertsonalak

  • Gogoratzen al duzue nolakoa zen bizitza WhatsApp gabe? Edonoiz eta (ia) edonorekin komunikatzeko aukera ematen digu. Erraz, azkar, merke.
  • Informazioa. Fake news-ak nonahi topatu arren, klik bakarrarekin informazio mordoa jaso dezakegu. Bilatzen jakitea da gakoa.
  • Entretenimendua. Jolasteko, irakurtzeko, ikusteko, entzuteko… hamaika aukera ematen dizkigute sareek! Etxealdian bistakoa izan da hori.
  • Salaketa soziala nahiz interes soziala. Bogan dauden gaien inguruko zabalkundea  egin dezkaezu, baita gai batzuen inguruan salaketa egin ere. Horren adibide da change.org, baita traolak ere.
  • Ezagutza bilatzea. Aditua zara gai jakin batean? Linkedinen, esaterako, gai batean erreferentziazko izan zaitezke eta esparru horren inguruko sarea, harremanak, sortu ditzakezu.

Onura profesionalak

  • Ikusgarritasuna. Beste edozein euskarri bezala, sare sozial batean presentzia izateak gure markaren ikusgarritasuna dakar, notoriedadea lortu dezakegu.
  • Bezeroarekin harremana. Bezeroekin komunikatzeko bide berriak dira. Chatbot-ak bogan daude eta horiek, hain zuzen, unean uneko harremana bilatzen dute.
  • Merkatu-azterketak: Lehiakideak, gure bezeroak… aztertzeko aukera ematen digute sareek. Focus groups tradizionalen osagarri bikaina bihurtu dira, alderdi jakin bati buruzko informazioa modu erraz eta intuitiboan biltzeko aukera ematen baitigute.
  • Inbertsioaren fruituak. Gure ekintzek duten eragina denbora errealean neurtzeko aukera daukagu. Marketin digitaleko kanpainen inbertsioa zein den jakin dezakegu. (ROI)
  • Posizionamendu organikoa (SEO) errazten du. Bilaketa-motorrek gero eta gehiago hartzen dituzte kontuan emaitza sozialak, gehien baloratzen diren parametroetako batzuetan eragin zuzen baitute.
  • Linkedin bezalako sare sozial profesionalak Social Selling-ean, negozioetan , erreferente bihurtu dira. Diziplina horrek online plataformen bidez negozio-harremanak sortzea ahalbidetzen du.
  • Profil erakargarri eta eguneratuak, zure ospea eta izen ona berresteko balio dezakete. Sareak markaren bozgorailu boteretsua dira, eta hortaz, zure filosofia eta izatea komunikatzeko balio dezakete.

Txaponaren bi aldeak dituzte sare sozialek: onurak eta desabantailak. Baina ilunetan baino, nahiago dugu argietan jarri fokua, arestian esan bezala, erabileran baitago gakoa.

Facebook, Instagram, Linkedin, Twitter, Tik tok, WhatsApp, Telegram, Pinterest, Youtube… Aukerak mila dira. Eta guri, balio digute gertukoekin sarea josteko; eta baita, lanean, bezeroekin hartu eman zuzena izateko ere. Erronka bezain beste, aukera dira. Balia ditzagun!

Nola? da galdera

Orain arte, markagintzan, bi galderei erantzuten genien: zer nahi dugun eta nora jo nahi dugun. Baina, une honetan, galdera aldatu egin da. Zer eta nora galdetu ordez, nola egingo dugun pentsatzen dugu. Hau da, prozesua ondorengoa da: lehendabizi pentsatu egiten dugu, eta, gero, egin. Alta, gehiegi pentsatzeak, aurrera ez egitea ekar diezaguke, gelditzea. Hortaz, neurrian pentsatu behar dugu.

Nork  eta nola egingo dugu?

Pertsonek egiten dituzte markak. Gutako bakoitzak, nahi ala ez nahi, parte garen enpresa edo entitatearen irudi gara. Hortaz, paraleloan doazen bi bide izan beharko dute enpresarena eta berau osatzen duten pertsonena. Enpresek gero eta koherenteagoak izan behar dute, esaten dutena egin; eta, enpresako kideak badira esan eta egingo dutenak, horiek bat egin behar duten enpresaren norabidearekin.

Orain artekoari eten puntua jartzen dio honek. Erabat aldatzen du egoera: orain arte, enpresek kontratuez edo antzinatasunaz hitz egiten zuten; baina, egoera berri honetan, hizketagaiak ere aldatu egiten dira. Gehiago baloratzen dira, beraz, kontziliazioa, ikaskuntza, sormena, lanaren kalitatea…

Orain arte misioa eta bisioa lantzen genituen, eta webgunean edo katalogo korporatiboan biltzen ziren kontzeptuak. Baina manual zaharrak botatzeko garaia heldu da eta nola hori lantzekoa: pertsonak erdigunean jarri eta baloreak lantzekoa.

Pertsonak markekin harremantzen gara: batzuk bankuak gorrotatzen dituzte, futbola miretsi, edo autoak, edo… Eta hori, zergatik? Markek transmtitu egiten digutelako, komunikatu egiten dutela. Eta, ondorioz, guretzat garrantzitsuak diren balio horiek islatzen dituzten markekin identifikatzen gara, bat egiten dugu.

Gure gizartean, egun inoiz baino gehiago, hurbiltasuna, solidaritatea, umiltasuna, laguntasuna… bezalako baloreak dira aintzat hartzen direnak. Horregatik, markek gizartearekin harremandu nahi badute, beren izateko eta komunikatzeko modua aldatu behar dute; egoera berrira egokitu. Beste hitz batzuetan: enpatikoak, gertukoak, gizatiarrak, kolaboratiboak… izan.

Baina hori ez da soilik publizitate kanpainetako leloak eta mezuak aldatzen lortzen. Teoria praktikara emanda lortzen da aldaketa: pentsatzen duguna egiten. Gure baloreak gure ekintzetan islatzen, nor garen, zer garen eta nola egiten dugun modu argi eta gardenean transmitituko dugu.

Komunikazioa, emakumeak eta baloreak

“Debekatuta daude zenbaki bakoitiak” jasotzen du Danele Sarriugarteren Erraiak liburuak. Alta, 2 edo honen multiploak horren ondo ikusita ez dauden garaiotan, komunikazioa, emakumeak eta balioak hirukoari helduko diogu. Hasteko, hainbat galderekin:

  • Badakizue munduko 193 herrialdeetatik, emakumeek bakarrik 10etan agintzen dutela?
  • Ba al dakizu munduko emakumeen %7ak bakarrik lortu duela beren herrialdeko agintari izatea?
  • Munduko emakume agintariek eta gizonezkoek desberdin komunikatu dute. Zergatik?

Galderei galderekin baino, ekintzekin erantzungo diegu, beraiek egin duten moduan. Izan ere, ezer ez da kasualitatea.

  1. Angela Merkelek, bere lehen hitzaldian, hauxe esan zion Alemaniari “Bigarren Mundu Gerratik izan dugun mehatxurik handiena da, hau ez da txikikeria”. Eta komunikatzetik, ekintzetara pasa zen. Gorbernu paralelo bat sortu zuen komunitateetako lehendakariekin eta egunean bi edo hirutan elkartzen dira, ez astean behin; behar denero, alegia. Ez dago aginte bakarra.
  2. Finlandian, Sanna Marinek, influencer-ak erabili zituen herrialdea kontzientziatzeko, hau da, beraiek dira Gobernuaren informazioa zabaltzen dutenak. Finlandia munduko herrialde digitalizatuena da. Eragiteko aukeratzen diren influencer-etan ere badago gakoa…
  3. Norvegiako lehendakariak, berriz, haurrei zuzendutako prentsaurrekoa egin zuen. Beraiek bakarrik egin zitzaketen galderak eta argi, luze eta zabal azaldu zizkien pandemia honen nondik norakoak: beren kodeetan, beraiek erdigunean jarrita. Eta, kasu horretan, haurrak izan dira gurasoak kontzientziatu dituztenak. Honen aurrean, Erna Solberg-ek argi esan zuen: “haurrak serio hartu behar dira”.
  4. Zelanda Berrian beren soldatak erdira jeitsi dituzte agintariek…

Zerrenda luzeagoa (luzea?) egin genezakeen, baina, zerrenda ditzagun agintean dauden emakume hauek, komunikatiboki, komunean izan dutena:

  • Erabakiak azkar hartzeko gaitasuna eta horiek ere berehalakotasunez burutzea.
  • Mezu argiak, gauzatu daitezkeenak, gardenak eta enpatikoak zabaltzea.
  • Sormen handiko irtenbideak bilatzea.
  • Lideratzeko modu parte hartzaileagoa, efikazagoa eta bihozberagoa izatea.

Gaia mahaigaineratu denetik, askotan esan da agintari hauek emakumeoi egozten zaizkigun baloreak eta jokabideak izatea giltzarri izan dela kudeaketa on horretarako. Berriz ere jo da mundua bitan bereiztera eta genero-rolak indartzera. Eta ez. Ez da hori.

Laura Casielles-ek argi zion: “Badirudi azaltzen jarraitu behar dugula, emakume batek praktika politiko desberdinak eta eraldatzaileagoak gauzatzen baditu, begirada feminista batekin duela zerikusia eta ez emakume izaerarekin“.  Egungo mundu mailako krisi egoera zaila eta korapilatsua da oso. Emakume hauek, egoera zail honi aurre egiterainoko bidea ere arantzatsua izan dute. Gustuko bidean aldapak ere badira, baina ikasi dute oztopoak gainditzen eta kristalezko sabaiak hausten.

 

Argi dago ez dietela ezer oparitu. Guk, lerro hauek, bidea urratzen jarrai dezagun.