COVID-19 eta MARKAK

Zaplazteko bat.

Lau pareten artean gaude gutako bakoitza, gu guztiok. Bakoitza norbere etxean; eta bakoitza, norbere gorputzean.

Baina duela astebete egiten genuena errepikatzen gabiltza lau pareten arten: kanpora begira. Besteek zer egingo, besteek zer sortuko, besteek zer esango. Itxi diguten ateak norbere barrura begiratzeko lehioa zabaldu digun arren; kalera ematen digun lehiotik begira daramagu eguna edo mundura irekitzen gaituen mugikorretik.

Bide berriak bilatu ditugu entretenimendua sortzeko, entretenitzeko. Denbora gelditu denaren sentsazioarekin bukatzeko egotetik gauzak egitera pasa gara:  egin eta egin, egin eta egin.

Captura de pantalla 2020-03-20 a las 16.58.04

Ezin dugu beste aldera begiratu, egoera ukatu nahiko bagenu bezala jokatu, ezer gertatzen ez dela pentsatu. Maratoi baten antzerakoa izango da hau, luze joango da. Egokituko zaigu ez entzunarena egiteagatik ere, egotea; etxea aireratzen dugun moduan, barrura begiratzeko lehioak zabaldu eta gure barrenak aireratzea. Eta helmugara iristean, ez gara berdinak izango. Lau pareten artean egunak eta egunak eman dituzten pertsonak izango gara. Etxetik mugitu gabe bide berriak urratu dituztenak.

Ez gara berdinak izango, ez gu, ezta norbanakook osatzen ditugun markak ere. Honek guztiak, argi dago, marka utziko du gugan.

Gugan eragiten badu, markengan eragingo du

Arraunlarien gisan aritu behar dugu: atzera begira, aurrera egiteko; ez dugu ahaztu behar nondik gatozen, baina honek ere gure izatean isla izango duenez, ezin dugu begiak itxita egin aurrera.

Markek ere bere barrura begiratu beharko dute egunotan. Marketin planak eta estrategiak hautsa hartzen utzi baino, mahai gainean jarri behar ditugu. “Zer nintzen, zer naiz, zer izan nahi dut?” Galderak egiteko garaia heldu da. Galdera horien inguruan  pentsatzekoa.

Captura de pantalla 2020-03-20 a las 16.58.19

Koronabirusa “aldaketa” eskatzen dator, gure ohiturak eta rolak iraultzeko eskatzen. Aldatu beharra daukagu, beraz. Eta, arrapaladan ekin baino, kontzientziaz eta koherentziaz eman behar ditugu hurrengo urratsak.

Momentua da, distantziatik bada ere, elkarrengandik gertu egoteko. Bat egiteko. Gurean, gertuko komunikazioa da oinarri eta helburu. Bezeroa gure bidelaguna delakoan gaude eta bidea hori dela sinetsita ekin diogu bidezidor berri honi ere. Bezeroari irtenbide (des)berdinak, bereizgarriak, eman behar dizkiogulakoan gaude; honela, gizarteari ere konponbideak emateko. Jaso eta eman, eman eta jaso: elkartasuna da hori.

Horretan azti ibili dira hainbat marka: Movistar, Amazon, Zara... Eta handitik ez ezik, txikitik ere eragin daitekeelakoan gaude. Behetik gora.  Berrogeialdi honen lehen egunetako irakaspena izan da hori. Jon Maiak esan bezala: “beharbada pandemia honen aurrean bizitzen ari garen ariketa kolektibo, komunitario, global hontatik ohartzera ailegatu gaitezke mundu honetan kontua ez dela norbera salbatzea, baizik eta soilik denok salbatzen bagara salbatuko dela norbera

Goazen errora. Guztiok egiten dugun galdera hauxe da: “hau noiz arte?“, baina guk egiten duguna ondorengoa da: “bukatzen denean, zer?” Erein eta ernaldu dugun elkartasunari bide ematen jarraitu behar dugula ziur gaude.

Captura de pantalla 2020-03-20 a las 16.58.12

Bitartean, geure buruari galderak egiten jarraitzen dugu:

  • Krisi honen ondoren, bezeroa zelakoa izango da?
  • Bezeroarekin nolako hartu emana izan behar dugu?
  • Bezeroak tratu berdina beharko du?

Eta enpresari dagokionez…

  • Gizatiarragoak izan behar garela konturatuko al gara?
  • Teknologiak garrantzia asko duen arren, giltzarri pertsonak direla argi izango al dugu?
  • Azkarragoak izan behar al dugu? 

Eta pertsonen, gizartearen inguruan…

  • Aldatu beharra al daukagu?
  • Balore berdinei eutsi behar al diegu? 
  • Ona eta txarra binomioak bere horretan jarraituko al du?
  • Gauzak eskala berdinarekin baloratuko al ditugu?
  • Abiadura honetan jarraitu behar al dugu bizitzen?

Hartu denbora galderak egin eta erantzunak bilatzeko.  Sinetsita gaude hau zaplazteko bat izan dela;
zaplazteko bat, esnatzeko.

Erantzun bat “COVID-19 eta MARKAK” bidalketan

  1. Ainara(e)k dio:

    Zenbat egi testu bakar batean. Poza ematen du komunikaziora dedikatzen den enpresa bat sentsibilitate maila honekin ikusteak. Horrek agerian uzten du zuen zigilu propioa eta bereizgarria zein den.
    Eskerrik asko!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.