Ikasleen praktikaldiak, bi noranzkoko hartu-emana

ikasleak-praktiketan

AZK-n tradizio handia dugu praktiketako ikasleak hartzen, bai Mondragon Unibertsitatetik bai beste formazio zentroetatik ere. Kasu hauetan, bi noranzkoko hartu-emana izaten da, ikasleak ezagutzen baitu enpesa batean eguneroko martxa nolakoa den, benetako proiektuetan parte-hartuz, eta agentziarentzat oso interesgarria izaten da ikasleak ekartzen duen ikuspuntu fresko eta berritzailea. Egun hauetan Anne Baskaran dugu gure artean. 

  

Lehenik eta behin, aurkeztu zure burua.

Anne Baskaran (Gasteiz, 1996) deitzen naiz eta Ikus-entzunezko komunikazio graduaren hirugarren mailan nago. Gaur egun, argazkigintza eta ilustrazioan bete-beterik murgilduta nago.

Ateak ez ixteko Gasteizko Koldo Mitxelena ikastetxean Batxilergo biologikoa egin nuen, nahiz eta Lehen Hezkuntza ikasketak egiteko plana izan. Azkenik, argazkiak egiten erakusten nituen gogoak ikusita, Ikus-entzunezko komunikazioa ikastea erabaki nuen. Hau da, benetan maite nuena egitea aukeratu nuen.

Ordutik, argazkigintza, diseinu eta film laburren hainbat lehiaketa irabazi ditut; haien artean, 2015 Huhezinema jaialdiaren Basque Culinary Center-eko epaimahiaren saria, 2016 Euspot lehiaketaren publikoaren saria ‘Amestu, murgildu, bizi’ spotarekin, Gasteiztarrak arraun the world argazki lehiaketa ‘Lusitaniar herrialdean zehar’ argazki bildumarekin, El Correo Escenas de Álava argazki lehiaketa eta Mondragon Unibertsitateko kirol jertsea lehiaketaren 3.edizioa.

Nolakoa da Ikus-entzuneko Komunikazioa gradua MONDRAGON UNIBERTSITATEAn. Orain metodologia berri bat lantzen da. Zer garrantzi dauka alde praktikoak?

Aurten Mexikon egon naiz ikasten baina joan den urtean, behintzat, graduan geneukan metodologiarekin pozik nengoen. Alde praktikoak niri gustatuko litzaidakeena baino garrantzi gutxiago du. Hala ere, egia da Mondragon Unibertsitateak eskaintzen duena gradu bat dela eta ezinbestez teoria eman behar dela. Ikus-entzunezko produktuaren itxura lantzea egokia da, baina mamia ere.

Zure ustez, ondo egokitzen da lan-merkatuaren eskakizunetara? 

Ikus-entzunezko graduak nahiko orokor lantzen ditu mundu honen barnean dauden arloak, bai onerako eta bai txarrerako. Gradu honi esker orain arte pentsatu ere ez nituen arloak ezagutu ditut, baina egia da beste batzuk sakontzea gustatuko zitzaidala.

Praktikaldian zaude orain, zer nolako lanak burutzen ari zara?

Denetarik, nire saltsan nago! Diseinua ez didate asko irakatsi graduan, baina nire kabuz ikasi ditudan gauzekin nabil lan batzuk egiten: gorra baten diseinua, aldizkari baten portada eta abar. Bestetik, Basque Culinary-n egindako grabaketa batean parte hartu nuen eta asteazken honetan argazki sesio bat daukat. Ezin naiz kexatu.

Zergatik aukeratu zenuen AZK?

Publizitate eta diseinu mundua gehiago ezagutu nahi nuelako eta, nola ez, gure hizkuntza oinarri izanda praktikak burutu nahi nituelako. Beraz, hiru elementu horiek oinarri hartuta, AZK enpresarekin kontaktuan jarri nintzen.

Zer inpresio duzu AZK agentziari buruz?, nolakoa da enpresa barrutik?

AZK agentzia langilea, gertukoa eta serioa da, noiz behinka beharrezkoa den umorea izanik. Langileek transmititzen duten gertutasuna eta gardentasuna da niri gehien gustatu zaidana. Laguntza behar izan dudan momentu oro eskua eskaini didate.

Behin gradua amaituta, zertan gustatuko litzaizuke lana aurkitzea?, edo ikasten jarraituko duzu?

Bizitzak eskaintzen dizkidan ezusteen bila nago, beti proiektu berriak esku artean. Gaur egun lan eremuan bizi dugun egoerari aurpegi ona jarri eta ikasten jarraituko dut. Aukeren artean animazioa eta 3D masterra daukat buruan. Mexikok bi gauza irakatsi dizkit: ikusi eta ikasi. Inoiz ez da berandu ikasten jarraitzeko eta nola ez, sortzeko.

ikasleak-praktiketan

Argazkiak: Jone Martinez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.