KOMUNITATEA EGITEKO MARKAK

Egunotan, batean nahiz bestean entzungo zenuten mundu globalizatuan bizi garela. Definizioz, globalizazioa mundu mailako prozesu ekonomiko, teknologiko, politiko, sozial eta kulturala da, herrialdeen arteko komunikazioa eta interdependentzia areagotzen duena. Elkarmenpekotasuna.

Globalizazioa modu globalizatuan epaituz gero -osotasunean, xehetasunetan fokua jarri gabe-, irakurketa hau egiten dugu: kantitatea kalitatearen aurretik jarri du eta lehen lerrora produktu ahalik eta merkeenen produkzioa eta kontsumoa ekarri ditu. Balore indibidualak sustatzen eta hauspotzen ditu eredu honek: ni-a gu-aren gainetik. Balore horiek, ordea, ba al dute baliorik? Ez. Egoera honek ere argi utzi digu balio duena, hain juxtu, kontrakoa dela: gu-a, taldea, kolektiboa, komunitatea.

Balioa duten baloreen sarea

Ona eta txarra bereiztea ez da ariketa sinplea, subjektiboa baita. Alta, badira kode orokor batzuk, zeinak ongiaren eta gaizkiaren arteko mugak ezartzen laguntzen diguten. Badakigu, beraz, talde lana, enpatia, elkartasuna eta konpromisoa balore positiboak, onak, direla. Horiek dira globalizatu beharko genituzkeen baloreak, zabaldu, hedatu; eta horiek aintzat hartuta, gizarte moduan saretu.

Bizi dugun egoera honi balore horietatik erantzun behar diogu; eta, nola ez, kolektibotik. Gure zilborrei begira egon ordez, komunitatera zabaldu behar dugu begirada. Norbanakoen arteko sarea josi behar dugu, elkar laguntzeko, elkar indartzeko, elkarrekin sortzeko.

Komunikazioa, komunitatea sortzeko

Balio horiek transmititzeko, komunitatea sortu eta indartzeko, komunikazioa eta markagintza funtsezkoak dira. Eta teknologiak horretan lagundu dezake, klik bakarrarekin guztiok konektatuta egoteko, komunitatea sortzeko, bidea ematen baitute. Baina teknologiak ez ezik, kirolak, kulturak, herriak… guztiek dute komunitatea sortzeko eta balioak transmititzeko gaitasuna.

Komunitateen epizentro: pertsonak

Pertsonak dira komunitatea osatzen dutenak. Hortaz,  pertsonak izan behar dute komunitate horien erdigune eta iparrorratz. Pertsonek komunitate horretako kide izateaz harro egon behar dute eta horretarako parte hartze aktiboa izatea ezinbestekoa da: elkar entzun behar dugu, hitz egin, komunikatu, lotura emozionalak bilatu, autentikoak izan, izaera propiokoak, egiazkoak.

  • Komunitatea da: talde lana, errespetua, entzuten jakitea, komunikatzea -ahoz ahokoa, bereziki-, baloreak lantzea, etorkizuna eraldatzea, enpatia, harremanak, ezagutza, hezkuntza, espazioa ematea, askatasuna, itotzen ez duen lotura…

Eta azken hori da, hain zuzen, sortu behar duguna: aske sentiaraziko gaituen lotura, korapiloak askatzen lagunduko digun soka,  zilborrestea. Komunitatea, finean. Sinetsita baikaude hori dela erronka honi aurre egiteko bidea.

 

 

 

 

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.