Argazkigintza bilaketaren emaitza.

Ekaitz Zilarmendi: “Ikus-entzunezkoen aldeko apustua egitearen garrantzia inoiz baino agerikoagoa da”

Ekaitz_Zilarmendi

Teknologia, sormena, gaitasuna eta denbora. Lehentasunen arabera, zein hurrenkeratan antolatuko zenituzke?

Laurak lotuta daude eta batak bestera eramaten zaitu. Teknologia garrantzitsua da, baina erabiltzen ikasi behar da, eta lan prozesua aurrera eramateko ezinbestekoa da denbora. Sormena eta gaitasuna ere eskutik helduta doaz; norberak bere buruarengan konfiantza sentitu ahala, profesional bezala, gero eta gaituago sentitzen zara eta, era berean, mugak eraitsi eta sormen prozesu bat zabaltzeko aukera ematen diozu zeure buruari. Hori teknologiarekin eta denborarekin lotzen da. Batak bestea ekartzen du. Guztien arteko dantza bat da.

Garai konplexuak bizi ditugu eta, inoiz baino gehiago, irudiaren aroan murgilduta gaude. Argazkilaritzak zein ekarpen egin dezake testuinguru honetan?

Momenturik latzenetan, argazkilaritzak paper garrantzitsua jokatzen du. Pandemia garaian eta konfinamendu garaian, argazkilari askok erakutsi digute jendea bizitzen ari den errealitatea. Hedabide nagusietan agertu ez diren leku eta testigantza ikusezinak jaso ditugu fotokazetaritzaren bidez. Emilio Morenatti argazkilariak, adibidez, irudien bidez islatu du Gabonetan bakarrik egon diren pertsona helduek nola bizitu dituzten une horiek, edo Covid-19arekin kutsatu diren pertsonen egoera oso gordinak ezagutu ditugu Ur Handitanen.

Lan munduari dagokionean, ikus-entzunezkoen aldeko apustua egitearen garrantzia inoiz baino agerikoagoa dela esango nuke; estrategikoa da enpresek euren marken posizionamendua eta komunikazioa indartzeko. Krisiak kolpatu dituen sektore, enpresa edota taldeek iruditeria bat sortzeko eta beraien egoera hobetzeko tresna bat da argazkilaritza.

Hamaika ertz ukitu dituzu zure ibilbide profesionalean zehar. Zeinek ukitu zaitu zu gehien?

Guztiek ukitzen naute. Lan batzuk motibagarriagoak dira besteak baino, baina beti naiz gai esperientzia guztiei alde positiboa ikusteko. Proiektu guztietan ikasten dut zerbait eta profesional bezala hazten laguntzen didate denek. Gogora datozkit ur azpian eginiko argazki saioak, edo castell baten barrura sartu eta izerdi usain hori eta arnas estu horiek bizitu nituen eguna…

Marka baten eraikuntzan, irudiek zein paper jokatzen dute?

Irudiek asko hitz egiten dute. Irudiek erakartzen dute hartzaileen atentzioa. Arrakasta eta eraginkortasuna bilatzeko, gakoa da sortzeko prozesuan aintzat izatea irudiaren funtsa, zertarako eta non erabiliko den, etab. Oinarrizko informazio horrek guztiak laguntzen du irudia ondo kokatzen.

Zein da argazki on baten gakoa?

Argazkiak zerbait sortaraztea irudia ikusten duenarengan. Ez du zertan zerbait emozionala izan. Zerbait estetikoa izan daiteke, edo ekintza bat eragiten duena. Nire kasuan, argi perfektua lortzen dudanean sentitzen dut argazki on bat atera dudala; klik egiten dudan momentuan badakit hori, motibazio berezi bat sentitzen dudalako. Beste klik batzuk, klik normalak dira. Inplikazio emozionalak ere asko eragiten dit pertzepzio horretan. Era berean, norengan eragin nahi den jakitea ere garrantzitsua da: enpresa baten bezero potentzialarengan, ezkontza bateko bikotearengan, senide batengan…

Zein da zure lan egiteko modua?

Argazkilari bezala, bi modu daude lan egiteko; bata da irudikatzera joatea eta topera horretarako eszenak sortzea; eta eszena sortzerako momentuan sartzea sartu beharreko elementu guztiak —argiztapena landu etab—. Alegia, amaierako emaitza ona izan dadin beharrezko erabakiak hartzea. Eta beste mota bateko argazkiak lantzen dira irudi bakar bat edo bi pentsatuagoak sortzera goazenean. Lan egiteko bi modu horiek oso interesgarriak dira. Batean azkartasunez emaitza onak lortzen dira, eta aurretik egindako lanketa baten ondoren emaitza interesgarriak erdietsi. Bigarrenak, aldiz, lan sakon bat egiteko aukera eskaintzen du, errotik lantzekoa.

Askotan bakarrik irudikatzen zaitugu, kamera atzean. Bakarkakoa bidea ez da izango, baina. Zein dituzu bidelagun?

Nahiz eta ni freelance-a izan, AZKrentzako lan egiten dudan aldiro, AZK-ko kide sentitzen naiz. Pertenentzia bat permititzen diot nire buruari taldekide sentitzeko, guztion artean ateratzen dugulako aurrera lana. Egoera berri bati aurre egitera goazenean, argazkilari profesionala izateaz gain, pertsona ere banaiz. Une horietan konfiantza baldin badago, lasaiago joaten naiz, taldekide sentitzen naizen momentutik babesa sentitzen dudalako edozein lan aurrera ateratzeko. AZK-ko pertsonekin asko ikasi dut; baita keinu batekin bezeroari komunikatzen ere. Bezeroa entzutearen garrantzia oso presente izan ohi dut beti.

Ekaitz_Zilarmendi