azk bilaketaren emaitza.

LAN DEIALDIA. Diseinatzaile grafiko bila ari gara AZK-ko taldekideok

Diseinatzaile grafiko lanetan arituko den langile baten bila ari gara AZK-ko taldekideok, amatasun baja bat kubritu eta kontratua luzatzeko aukerarekin. Interesa baduzu, bidali mezua azk@azk.eus helbidera urtarrilaren 22a baino lehen.

FUNTZIO NAGUSIAK

  • Online zein offline diseinuak
  • Marka identitateen eta eskuliburuen sorkuntza
  • Aldizkari eta liburuen maketazioa
  • Webguneetako bannerren eta sare sozialetako iragarkien diseinuak
  • Webguneen diseinua
  • Motion graphic ikus-entzunezkoak
  • Euskarri fisikoen diseinua eta inprentarako prestaketa

OINARRIZKO ESKAKIZUNAK

  • Diseinu grafikoari lotutako ikasketak
  • Diseinatzaile grafiko lanetan esperientzia izatea
  • Programa hauetan lan egiteko maila altua izatea: Illustrator, InDesign, Photoshop, Lightroom, Premiere…
  • Ekintzailea eta sortzailea izatea
  • Taldean lan egiteko gaitasuna izatea
  • Euskara ulertu eta hitz egitea

BALORATUKO DA

  • Webgintza: html edo wordpress maneiatzeko konpetentziak
  • Animazioa egiten jakitea
  • Marrazketarako eta ilustraziorako gaitasuna
  • Komunikazioaren baitako bestelako alorren inguruko jakintza izatea: ikus-entzunezkoak, argazkilaritza, gidoigintza, marketing-a…
  • Euskarazko C1 edo C2 ziurtagiria izatea

LAN BALDINTZAK

  • 40 ordu astean, 4 hilabetez, kontratua luzatzeko aukerarekin
  • Soldata duina
  • Lanean hasteko data: urtarrilak 25

HAUTAKETA PROZESUA

  • Urtarrilak 12: Lan deialdiaren irekiera
  • Urtarrilak 19: Izena emateko (curriculumak, portfolioak eta aurkezpen gutunak bidaltzeko) azken eguna
  • Urtarrilak 20: Jasotako eskaeren balorazioa
  • Urtarrilak 21-22: Hautatutakoen elkarrizketak
  • Urtarrilak 22: Lanpostuaren ebazpena
  • Urtarrilak 25: Kontratatutako langilearen lehen lan eguna

Elkar ezagutzea, elkar zaintzea da

Ezin uka, 2020a ez-ohikoa izan dela eta 2021ari beldurrez eta itxaropenez begiratzen diogula. Ate joka ditugu Gabonak; eta, diogunaren haritik, bistakoa da Gabon zoriontsuak ezin direla izan maite ditugun guztiekin ezin bagara elkartu. Mahai-bueltan aulki hutsak egongo dira, eta horiek beti dira hutsune. 

Egoera pandemiko honetan, jolasak izan daitezke distantziak eta hutsuneak hausteko bide edo horiek ilunetik argitara ekartzeko aitzakia. Izan ere, distantzian elkartzeko bideak zabaltzea ere bada komunikazioa. Eta gertu gaudenon arteko loturak are gehiago estutzea. Eta horretarako, komunikazio-jolas sinple bezain polita da gure gabonetako oparia.

Nola egiten da?

comecocos jolasa pausoz pauso

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Nola funtzionatzen du?

  1. Jolasaren alde bakoitzean galdera bat idatzi
  2. Parean duzun lagunari zenbaki bat esateko eskatu
  3. Zenbaki horiek kontatu beharko dituzu, jolasa irekiz-itxiz
  4. Zabalik geratzen den aldeko laukitxo bat aukeratuko du jolaskideak
  5. Horri dagokion galdera egin beharko diozu, ea asmatzen duen!

Zertarako balio du?

  • Parean duzuna gehiago ezagutzeko
  • Urrun duzuna gertu sentitzekoi

Horregatik, proposatzen dizuegu batak besteari buruz galdetzea. Ireki zuen barrura begirako leihoak eta zabaldu ateak ezagutzari. Izan ere, elkar ezagutzea, elkar zaintzea da.  Oparitu jolasa, jolasteko denbora; oparitu elkar ezagutzeko aukera.

Gabon zoriontsuak eta Urte Berri on!

 

 

Pertsona(k)

Komunikazioaren 4 P berriak hauek dira:

  • Pertsona
  • Pertsona
  • Pertsona
  • Pertsona


Harien gisan, egokitzen

Harremanak harien gisan ulertzen ditugu, eta Katamalok zioen moduan, hariak lotu egiten gaituzte. Titerearen modukoak dira: batzuetan atezuan, besteetan lasaieran, edo korapilatzen. Eta horrela bizi gara, hariekin, hariak egokitzen.

  • Harremana, definizioz, hau da:
    Pertsonen edo pertsona-multzoen artean gertatzen den komunikazioa.  

Pertsonek harremantzeko komunikazioa behar-beharrezkoa dute; eta, komunikazioak, pertsonen beharra du erreala eta efikaza izan dadin.  Bien arteko korrelazioa funtsezkoa da, beraz. Are gehiago garaiotan.

Hankazgora jarri zen mundua egun batetik bestera. Gu buruzbehera jartzeak, eusten genuen oinarria iraultzeak, une horretan hankazgora zeudenetaz konturatzeko balio izan digu. Kolpez, begiak zabaltzeko. Eta, korapiloa askatzean, berriz lehengo egoera aldrebesetara ez itzultzeko: hariak egokitzeko.

 

Pertsonen baitan harilkatzen

“Gizakiak galdu du, gizatasuna” kantatzen zuen Zea Maysek. Baina pentsatu nahi dugu, egoera honek esaldi hori berretsi baino zentzugabetu egin duela; eta, hain justu, etxealdiak gizakioi gizatasuna bueltatu digula: moldez aldatzeko gogoa, beste balore batzuen baitan oinarri sendoak eraikitzen hastekoa, elkarrekin ekin eta egitekoa.

Errealitate berri horretan, komunikazioak (eta markagintzak) joku-eremua aldatu beharko lukete. Produktua edo zerbitzua bai, baina periferian; eta ekar ditzagun erdigunera orain arte, sarritan, ertzean utzitakoak: pertsonak. PERTSONAK izan behar du epizentro eta jomuga: erdigune.

 

Hariak josi eta josi, sarea josten

Komunikazioa efikaza izateko, gainera, gure artean elkarlan gehiago sortu behar dugu. Ideiak elkarbanatzen irtenbide egokia topatzea errazagoa da. Bide sasitu eta arantzatsuetatik ibili baino, ederragoa izango da konfiantzazko harremanak sortu eta elkarrekin norabide berean aritzea.

Izan ere, arraunari bakarrik emanez gero, trainerua bueltaka arituko da eta ez da helmugara iritsiko. Guztiok elkarrekin arraun eginez gero, ordea, ontzia aurrerantz joango da. Eta guk, atzera begiratuta egingo dugu aurrera, garrantzitsua baita jakitea nondik gatozen, nora jo jakiteko.

  • Nondik gatozen? Produktutan edo dirutan inbertitzen zen egoera batetik.
  • Nora joan nahi dugun? Baloreetan eta komunitatean inbertitzen den errealitatera.

Gutako bakoitzak bere aletxoa jarrita, gizartea eralda genezake. Etxealdi honetan ohartu gara lehen poz-txiki ziren horiek ez direla horren txiki. Hortaz, heldu diezaiogun horri eta txikitasunetik aldaketa handi bat eragin dezagun!

Hari-muturrak

Komunikatzen dugunok, markagintzan ari garenok, baloreak erein behar ditugu, komunitatea egiteko eta aldaketarako funtsezkoak baitira:

  • konpromisoa
  • jarrera aktiboa izatea
  • koherentzia
  • gardentasuna
  • errespetua
  • entzuten jakitea
  • solidaritatea
  • jasangarritasuna
  • elkarlana
  • zintzotasuna

Moldeak aldatu nahi baditugu, rolak aldatu behar ditugu. Balore horien baitan jokatu beharra daukagu, izan bezeroekin, hornitzaileekin edo/eta lankideekin. Zerbitzu, produktu eta lan horien atzean PERTSONAK daude eta horiek dira zentrora ekarri behar ditugunak; horien ongizatea bermatu, guztion ongizatearen alde egiteko.

Testu honekin pantaila zuria hitzez josi dugu, baina markagintza prozesuetan beti azpimarratzen dugun moduan: “Esate hutsarekin ez dugu ezer egiten. Koherenteak izan behar dugu, eta esaten duguna egin.” Aurreko iritzi-zutabean aipatu bezala: egiten duguna gara eta AZKn, filosofia eta kultura hau oinarri hartuta jarraituko dugu lanean: PERTSONA, PERTSONA, PERTSONA eta PERTSONA.

 

Komunikazioa, emakumeak eta baloreak

“Debekatuta daude zenbaki bakoitiak” jasotzen du Danele Sarriugarteren Erraiak liburuak. Alta, 2 edo honen multiploak horren ondo ikusita ez dauden garaiotan, komunikazioa, emakumeak eta balioak hirukoari helduko diogu. Hasteko, hainbat galderekin:

  • Badakizue munduko 193 herrialdeetatik, emakumeek bakarrik 10etan agintzen dutela?
  • Ba al dakizu munduko emakumeen %7ak bakarrik lortu duela beren herrialdeko agintari izatea?
  • Munduko emakume agintariek eta gizonezkoek desberdin komunikatu dute. Zergatik?

Galderei galderekin baino, ekintzekin erantzungo diegu, beraiek egin duten moduan. Izan ere, ezer ez da kasualitatea.

  1. Angela Merkelek, bere lehen hitzaldian, hauxe esan zion Alemaniari “Bigarren Mundu Gerratik izan dugun mehatxurik handiena da, hau ez da txikikeria”. Eta komunikatzetik, ekintzetara pasa zen. Gorbernu paralelo bat sortu zuen komunitateetako lehendakariekin eta egunean bi edo hirutan elkartzen dira, ez astean behin; behar denero, alegia. Ez dago aginte bakarra.
  2. Finlandian, Sanna Marinek, influencer-ak erabili zituen herrialdea kontzientziatzeko, hau da, beraiek dira Gobernuaren informazioa zabaltzen dutenak. Finlandia munduko herrialde digitalizatuena da. Eragiteko aukeratzen diren influencer-etan ere badago gakoa…
  3. Norvegiako lehendakariak, berriz, haurrei zuzendutako prentsaurrekoa egin zuen. Beraiek bakarrik egin zitzaketen galderak eta argi, luze eta zabal azaldu zizkien pandemia honen nondik norakoak: beren kodeetan, beraiek erdigunean jarrita. Eta, kasu horretan, haurrak izan dira gurasoak kontzientziatu dituztenak. Honen aurrean, Erna Solberg-ek argi esan zuen: “haurrak serio hartu behar dira”.
  4. Zelanda Berrian beren soldatak erdira jeitsi dituzte agintariek…

Zerrenda luzeagoa (luzea?) egin genezakeen, baina, zerrenda ditzagun agintean dauden emakume hauek, komunikatiboki, komunean izan dutena:

  • Erabakiak azkar hartzeko gaitasuna eta horiek ere berehalakotasunez burutzea.
  • Mezu argiak, gauzatu daitezkeenak, gardenak eta enpatikoak zabaltzea.
  • Sormen handiko irtenbideak bilatzea.
  • Lideratzeko modu parte hartzaileagoa, efikazagoa eta bihozberagoa izatea.

Gaia mahaigaineratu denetik, askotan esan da agintari hauek emakumeoi egozten zaizkigun baloreak eta jokabideak izatea giltzarri izan dela kudeaketa on horretarako. Berriz ere jo da mundua bitan bereiztera eta genero-rolak indartzera. Eta ez. Ez da hori.

Laura Casielles-ek argi zion: “Badirudi azaltzen jarraitu behar dugula, emakume batek praktika politiko desberdinak eta eraldatzaileagoak gauzatzen baditu, begirada feminista batekin duela zerikusia eta ez emakume izaerarekin“.  Egungo mundu mailako krisi egoera zaila eta korapilatsua da oso. Emakume hauek, egoera zail honi aurre egiterainoko bidea ere arantzatsua izan dute. Gustuko bidean aldapak ere badira, baina ikasi dute oztopoak gainditzen eta kristalezko sabaiak hausten.

 

Argi dago ez dietela ezer oparitu. Guk, lerro hauek, bidea urratzen jarrai dezagun.

 

 

KOMUNITATEA EGITEKO MARKAK

Egunotan, batean nahiz bestean entzungo zenuten mundu globalizatuan bizi garela. Definizioz, globalizazioa mundu mailako prozesu ekonomiko, teknologiko, politiko, sozial eta kulturala da, herrialdeen arteko komunikazioa eta interdependentzia areagotzen duena. Elkarmenpekotasuna.

Globalizazioa modu globalizatuan epaituz gero -osotasunean, xehetasunetan fokua jarri gabe-, irakurketa hau egiten dugu: kantitatea kalitatearen aurretik jarri du eta lehen lerrora produktu ahalik eta merkeenen produkzioa eta kontsumoa ekarri ditu. Balore indibidualak sustatzen eta hauspotzen ditu eredu honek: ni-a gu-aren gainetik. Balore horiek, ordea, ba al dute baliorik? Ez. Egoera honek ere argi utzi digu balio duena, hain juxtu, kontrakoa dela: gu-a, taldea, kolektiboa, komunitatea.

Balioa duten baloreen sarea

Ona eta txarra bereiztea ez da ariketa sinplea, subjektiboa baita. Alta, badira kode orokor batzuk, zeinak ongiaren eta gaizkiaren arteko mugak ezartzen laguntzen diguten. Badakigu, beraz, talde lana, enpatia, elkartasuna eta konpromisoa balore positiboak, onak, direla. Horiek dira globalizatu beharko genituzkeen baloreak, zabaldu, hedatu; eta horiek aintzat hartuta, gizarte moduan saretu.

Bizi dugun egoera honi balore horietatik erantzun behar diogu; eta, nola ez, kolektibotik. Gure zilborrei begira egon ordez, komunitatera zabaldu behar dugu begirada. Norbanakoen arteko sarea josi behar dugu, elkar laguntzeko, elkar indartzeko, elkarrekin sortzeko.

Komunikazioa, komunitatea sortzeko

Balio horiek transmititzeko, komunitatea sortu eta indartzeko, komunikazioa eta markagintza funtsezkoak dira. Eta teknologiak horretan lagundu dezake, klik bakarrarekin guztiok konektatuta egoteko, komunitatea sortzeko, bidea ematen baitute. Baina teknologiak ez ezik, kirolak, kulturak, herriak… guztiek dute komunitatea sortzeko eta balioak transmititzeko gaitasuna.

Komunitateen epizentro: pertsonak

Pertsonak dira komunitatea osatzen dutenak. Hortaz,  pertsonak izan behar dute komunitate horien erdigune eta iparrorratz. Pertsonek komunitate horretako kide izateaz harro egon behar dute eta horretarako parte hartze aktiboa izatea ezinbestekoa da: elkar entzun behar dugu, hitz egin, komunikatu, lotura emozionalak bilatu, autentikoak izan, izaera propiokoak, egiazkoak.

  • Komunitatea da: talde lana, errespetua, entzuten jakitea, komunikatzea -ahoz ahokoa, bereziki-, baloreak lantzea, etorkizuna eraldatzea, enpatia, harremanak, ezagutza, hezkuntza, espazioa ematea, askatasuna, itotzen ez duen lotura…

Eta azken hori da, hain zuzen, sortu behar duguna: aske sentiaraziko gaituen lotura, korapiloak askatzen lagunduko digun soka,  zilborrestea. Komunitatea, finean. Sinetsita baikaude hori dela erronka honi aurre egiteko bidea.

 

 

 

 

 

 

 

12