balioak bilaketaren emaitza.

Nola? da galdera

Orain arte, markagintzan, bi galderei erantzuten genien: zer nahi dugun eta nora jo nahi dugun. Baina, une honetan, galdera aldatu egin da. Zer eta nora galdetu ordez, nola egingo dugun pentsatzen dugu. Hau da, prozesua ondorengoa da: lehendabizi pentsatu egiten dugu, eta, gero, egin. Alta, gehiegi pentsatzeak, aurrera ez egitea ekar diezaguke, gelditzea. Hortaz, neurrian pentsatu behar dugu.

Nork  eta nola egingo dugu?

Pertsonek egiten dituzte markak. Gutako bakoitzak, nahi ala ez nahi, parte garen enpresa edo entitatearen irudi gara. Hortaz, paraleloan doazen bi bide izan beharko dute enpresarena eta berau osatzen duten pertsonena. Enpresek gero eta koherenteagoak izan behar dute, esaten dutena egin; eta, enpresako kideak badira esan eta egingo dutenak, horiek bat egin behar duten enpresaren norabidearekin.

Orain artekoari eten puntua jartzen dio honek. Erabat aldatzen du egoera: orain arte, enpresek kontratuez edo antzinatasunaz hitz egiten zuten; baina, egoera berri honetan, hizketagaiak ere aldatu egiten dira. Gehiago baloratzen dira, beraz, kontziliazioa, ikaskuntza, sormena, lanaren kalitatea…

Orain arte misioa eta bisioa lantzen genituen, eta webgunean edo katalogo korporatiboan biltzen ziren kontzeptuak. Baina manual zaharrak botatzeko garaia heldu da eta nola hori lantzekoa: pertsonak erdigunean jarri eta baloreak lantzekoa.

Pertsonak markekin harremantzen gara: batzuk bankuak gorrotatzen dituzte, futbola miretsi, edo autoak, edo… Eta hori, zergatik? Markek transmtitu egiten digutelako, komunikatu egiten dutela. Eta, ondorioz, guretzat garrantzitsuak diren balio horiek islatzen dituzten markekin identifikatzen gara, bat egiten dugu.

Gure gizartean, egun inoiz baino gehiago, hurbiltasuna, solidaritatea, umiltasuna, laguntasuna… bezalako baloreak dira aintzat hartzen direnak. Horregatik, markek gizartearekin harremandu nahi badute, beren izateko eta komunikatzeko modua aldatu behar dute; egoera berrira egokitu. Beste hitz batzuetan: enpatikoak, gertukoak, gizatiarrak, kolaboratiboak… izan.

Baina hori ez da soilik publizitate kanpainetako leloak eta mezuak aldatzen lortzen. Teoria praktikara emanda lortzen da aldaketa: pentsatzen duguna egiten. Gure baloreak gure ekintzetan islatzen, nor garen, zer garen eta nola egiten dugun modu argi eta gardenean transmitituko dugu.

Komunikazioa, emakumeak eta baloreak

“Debekatuta daude zenbaki bakoitiak” jasotzen du Danele Sarriugarteren Erraiak liburuak. Alta, 2 edo honen multiploak horren ondo ikusita ez dauden garaiotan, komunikazioa, emakumeak eta balioak hirukoari helduko diogu. Hasteko, hainbat galderekin:

  • Badakizue munduko 193 herrialdeetatik, emakumeek bakarrik 10etan agintzen dutela?
  • Ba al dakizu munduko emakumeen %7ak bakarrik lortu duela beren herrialdeko agintari izatea?
  • Munduko emakume agintariek eta gizonezkoek desberdin komunikatu dute. Zergatik?

Galderei galderekin baino, ekintzekin erantzungo diegu, beraiek egin duten moduan. Izan ere, ezer ez da kasualitatea.

  1. Angela Merkelek, bere lehen hitzaldian, hauxe esan zion Alemaniari “Bigarren Mundu Gerratik izan dugun mehatxurik handiena da, hau ez da txikikeria”. Eta komunikatzetik, ekintzetara pasa zen. Gorbernu paralelo bat sortu zuen komunitateetako lehendakariekin eta egunean bi edo hirutan elkartzen dira, ez astean behin; behar denero, alegia. Ez dago aginte bakarra.
  2. Finlandian, Sanna Marinek, influencer-ak erabili zituen herrialdea kontzientziatzeko, hau da, beraiek dira Gobernuaren informazioa zabaltzen dutenak. Finlandia munduko herrialde digitalizatuena da. Eragiteko aukeratzen diren influencer-etan ere badago gakoa…
  3. Norvegiako lehendakariak, berriz, haurrei zuzendutako prentsaurrekoa egin zuen. Beraiek bakarrik egin zitzaketen galderak eta argi, luze eta zabal azaldu zizkien pandemia honen nondik norakoak: beren kodeetan, beraiek erdigunean jarrita. Eta, kasu horretan, haurrak izan dira gurasoak kontzientziatu dituztenak. Honen aurrean, Erna Solberg-ek argi esan zuen: “haurrak serio hartu behar dira”.
  4. Zelanda Berrian beren soldatak erdira jeitsi dituzte agintariek…

Zerrenda luzeagoa (luzea?) egin genezakeen, baina, zerrenda ditzagun agintean dauden emakume hauek, komunikatiboki, komunean izan dutena:

  • Erabakiak azkar hartzeko gaitasuna eta horiek ere berehalakotasunez burutzea.
  • Mezu argiak, gauzatu daitezkeenak, gardenak eta enpatikoak zabaltzea.
  • Sormen handiko irtenbideak bilatzea.
  • Lideratzeko modu parte hartzaileagoa, efikazagoa eta bihozberagoa izatea.

Gaia mahaigaineratu denetik, askotan esan da agintari hauek emakumeoi egozten zaizkigun baloreak eta jokabideak izatea giltzarri izan dela kudeaketa on horretarako. Berriz ere jo da mundua bitan bereiztera eta genero-rolak indartzera. Eta ez. Ez da hori.

Laura Casielles-ek argi zion: “Badirudi azaltzen jarraitu behar dugula, emakume batek praktika politiko desberdinak eta eraldatzaileagoak gauzatzen baditu, begirada feminista batekin duela zerikusia eta ez emakume izaerarekin“.  Egungo mundu mailako krisi egoera zaila eta korapilatsua da oso. Emakume hauek, egoera zail honi aurre egiterainoko bidea ere arantzatsua izan dute. Gustuko bidean aldapak ere badira, baina ikasi dute oztopoak gainditzen eta kristalezko sabaiak hausten.

 

Argi dago ez dietela ezer oparitu. Guk, lerro hauek, bidea urratzen jarrai dezagun.

 

 

Elkartasun keinuak, hamaika

Elkartasuna beti da konexiorik onena hala dio egunotan konpainia teknologiko handi baten leloak.  Eta elkartasun keinuak sare sozial, webgune eta plataforma askotatik ari dira zabaltzen birusaren pareko indarrarekin. 

Etxealdian gaudenetik, hamaika izan dira ikusi-entzun edota parte izan garen elkartasun ekintzak. Ospe handiko markek, esaterako, elkartasun-kanpainak egiteko aprobetxatu dute afera. Baina gugandik gertuago daudenek ere beren txikitik ekarpen handiak egin dizute; horietariko asko eta askok, beren jarduna horretara bideratu dute, gainera. 

Mondragon Unibertsitatean, esaterako, Goi Eskola Politeknikoko 3D inprimagailuekin boluntario sare bat egunero-egunero lanean ari da osasungintzako langileentzako materiala sortzen.

Gipuzkoako herri txiki hau txapelduna da ekintza solidarioak gauzatzen eta herrigintza hitza orainaldian deklinatzen. Azken ekimenak hemengaz.eus  du izena. Aretxabaletako denda, ostalari, autonomo eta negozio txikien komunitate honen helburua da krisialdian hankamotz gelditu diren sektoreei eskua luzatzea, aldez-aurreko erosketak antolatzen laguntzen eta bestelako ekintza batzuen bidez. 

Kolaboratzaile dugun Estudios Durero arte grafikoetara eta sormen-industriara bideratutako enpresa da. Beste askori bezala, Covid-19-ak bere eguneroko jardun arrunta etenarazi zuen, baina egoera berriaren aurrean izan zuten erantzuna txalotzekoa da: beren 3D inprimaketa teknologia baliatuta, buru-belarri jarri ziren osasun langileentzat mantalak ekoizten. 

Kirola eta elkartasuna sarritan eskutik helduta doaz. Honen adibide da Mikel Landak buru den Tropel solidarioa ekimena. Laboral Kutxa eta Euskadi Fundazioak babestutako ekimenak elikagaien bankuarentzat 50.000 euro jasotzeko helburua du.

Mondragon Unibertsitatetik eta MONDRAGON Korporaziotik datorkigu azken ekimen hau, Creating For Humanity izenekoa. Ekintza honen bidez gazteentzako mobilizazio masiboa bultzatu nahi dute koronavirusaren krisiari irtenbide eraginkorrak eta azkarrak bilatzeko, geletan ereiten den ekintzaile sena helburu sozial honi bideratuta.   

Adibide batzuk baino ez dira hauek, marka baten atzean pertsonak eta baloreak daudenaren erakusle; eta, zorionez, elkartasuna, enpatia, konpromisoa, zintzotasuna, talde lana, justizia eta norbanakotik begirada jaso eta kolektibotik begiratzeko gaitasuna duten bestelako balioak dituzten markak asko eta asko dira gurean.