Euskaraldia bilaketaren emaitza.

Euskara, markak hazteko

Marka guztien helburua da euren balioa gizarteratu, hartzaileengan inpaktu bat eragin eta ospe ona izatea, erronka estrategikoak betetzeko. Eta atzean egon daitezkeen helburuak askotarikoak badira ere, bada bat guztiak batzen dituena: hazia erein eta haztea.

Hamaika dira marka baten posizionamendua indartzeko baliagarriak diren tresna, taktika eta estrategiak —marketing digitala, publizitatea, ekintza komunikatibo deigarriak…—. Markagintza eta komunikazioa egiterako orduan, ordea, badira zutabe batzuk askoz ere lanketa estrategikoagoa eskatzen dutenak, edozein marka sostengatzeko ezinbestekoak. Hor kokatzen dira balioak, eta, ondorioz, hizkuntza.

Euskaraldiaren atarian, teoriatik praktikara eta hitzetatik ekintzetara jauzi egiteko garaiotan, euskarak markagintzan jokatzen duen paperaz idatzi dugu, galdera bati modu argian erantzunez: zein ekarpen egin diezaioke euskarak marka bati?

Kalitatea

Euskararen marka kalitatearekin lotzen da esparru askotan; Euskal Herrian sektore askotako produktu eta proiektuak dira horren testigu. Izenean euskara eramatea erreferentzia bat da bertako zein nazioarteko hartzaileei begira, kalitate horrekin identifikatzeko.

Gertutasuna

Marka hartzailearengandik hurbil egonda soilik lortu daitezke konplizitatea, enpatia, fidagarritasuna… Eta gertu egoteko, hartzaileari bere hizkuntzan hitz egitea ezinbestekoa da. Horregatik, hemen, euskara tresna gakoa da gertutasuna irabazteko.

Lurraldean errotzea

Mundu mailan ezagunak diren marka ugarik erabiltzen dute euskara Euskal Herrian. Zergatik egiten dute hizkuntza hautu hori? Bertako herritarrekin eta balioekin bat egiteko bidea errazten dielako. Ez dago kanpotik etorri beharrik horretaz jabetzeko; lurralde batean errotzeko giltza nagusietako bat bertako hizkuntza da.

Pertsonalizazioa

Hartzaile bakoitzarekiko pertsonalizazioa da publizitateak aurrez aurre duen erronka nagusietako bat. Egokitzapen hori egiteko ezaugarrien zerrenda luzea da; baina lehentasunezkoen artean kokatzen da hizkuntza; alegia, euskal hiztunengana edota euskaraz kontsumitzen dutenengana euskaraz zuzentzea.

Merkaturatzea

Euskararen marka eremu ez-komertzialarekin lotu ohi bada ere, helburu komertzialak betetzeko tresna ere bada euskara. Aurrez aipatutako ardatz horiek guztiak indartzearekin lotuta baitaude emaitzak. Hizkuntza hautu egoki batek eta, kasu honetan, euskarak saldu egiten du.

AZK-ko kideon konpromisoa irmoa da ‘Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan’ erabili dadin euskara markak hazteko tresna gisa.