Gaztezulo bilaketaren emaitza.

Distantzian bai, baina distante ez

Etxean gelditzera derrigortuta gauden egoera berezi honetan gora egin du sare sozialen erabilpenak, gure sakelakoen datuak urre bihurtzeraino. Sare sozial guztien artean, bada bat aurretik ere aparretan zegoena; eta, egoera honetan, aparrak gora egiten diona: Instagram.

Artista, aktore eta musikari oro etxean direnetik, kultura eskaintzeko eta kontsumitzeko modu berriak sortu dira. Guk geuk, kasu honetan, arreta berezia eskaini diogu Instagramek egunotan zabaldu digun erakusleihoari. 

Izan ere, Instagrama da agertoki nagusia berrogeialdian dauden musikarientzat. Zerrenda amaigabea osa genezake, baita Euskal Herriko musikariei dagokionez ere; besteak beste, Zetak, Zea Mays, La Furia, Xabi Bandini edota Lumi bikoteak eskaini dituzte kontzertuak etxeko egongelatik, mundura zabaltzen dien Instagrameko lehio birtualetik. 

 

Hamaika aukera sortzeko eta entretenitzeko

Egunotan, Bartzelonako hiru publizistek artista anonimoen artelanak jaso eta Instagrameko lehen museo birtuala sortu dute. The Covid Art Museum (CAM, @CovidArtMuseum) da berrogeialdian jaiotzen den munduko lehen museoa eta bertan jasotzen dira konfinamendu-egoerarekin lotutako ilustrazio, argazki, margolan, marrazki, animazio eta bideoak. Tolosa Turismok ere etxetik bertatik herriko txokoak bisitatzeko aukera leiho bat zabaldu du Instagram stories-etan. 

Kultur proposamenetarako ez ezik, Instagramek mezuak zabaltzeko ere balio duela berresteko balio izan digu koronabirusak. Krisia hasi zenean,espaniar estatuko osasungintza departamentuak Dulceida instagramerra kontratatu zuen koronabirusaren inguruko mezuak eta informazioa zabaltzeko. Estatuko osasungintzaren eta herritarren arteko zubi lanak egiteko bide hori erabili du, besteak beste.

Horren urrutira joan gabe, bertako hedabide eta kazetariek ere sare horretara jo dute hainbat eduki sortzeko. Gaztezulo, Berria, Gaztea eta beste hamaika eragile nahiz norbanakok zuzeneko elkarrizketak egiteko ari da erabiltzen Instagram kontua.

Aukera ezinhobea da, gainera, komunitatearen ideiari eusteko, egoera honetan ezinbestekoa baita denak ontzi bereko arraunlariak garela azpimarratzea. Honen adibidea da, zuzenen zuzenean gaiaren errora jo eta konfinamendua hasi bezain pronto aktibatu zen @etxeangeratu Instagrameko profila. 

Komunitatea egiteko beste era bat elkarrekin gauzak egiteko edukiak sortzea da. Etxealdi honetan perretxikoak bezala hazi dira Instagram bidez eskolak ematen dituzten prestatzaile fisiko, sukaldari eta abarrak; zeinak, bide batez,  itxialdi honetan ohitura txarretan ez erortzeko errutinak sorrarazi dizkiguten.

Batzuk aipatzearren:

 

Etxetik munduratzearen albo kalteak

Instagramek eskaintzen dizkigun kultur-proposamen eta aukerak argitara ekarri ditugun arren, ezin ahaztu honen guztiaren itzal luzeaz. Izan ere, musu-truk sorkuntza Instagrametik (edo beste bideetatik) zabaltzearen arrakalez ere asko hitz egin da etxealdi honetan, bereziki kultur-sortzaileek. 

Itxialdi-etxealdi  honek birtualtasunetik ez ezik, balkoitasunetik ere asko du. Balkoietan egin dugu txalo, zarata, dantza, kantuan eta baita bertsotan ere. Balkoitasun honek, hala ere, doakotasuna dakar eta batzuk dagoeneko hasi dira kezkatzen ea joera honek ez duen are gehiago zailduko berez leihatilaren aurretik pasatzeko oso zalea ez den gure gizarte honek, gerora, kulturagatik edo/eta entretenimenduagatik ordaintzea. 

Gaur-gaurkoz atsegiteetatik ez du inork jaten eta txalo birtual zaparradez aparte, kulturgileak (ere) pairatzen ari dira sosen urritasuna berrogeialdi honetan. Honen haritik, krisi honek kulturari ere eragiten diola azaleratzeko, apirilaren 10ean eta 11n, greba kulturala iragarri dute #itzalitanago #itzalitagaude traolen pean. 

Bada zer ikusia, entzuna, gozatua; baina baita zer hausnartua ere.