irratia bilaketaren emaitza.

Zergatik podcastak?

Irratiak beti izango du bere magia, beti izango da berezi, desberdin. Ahotsaren atzean nor dagoen irudikatuko dugu, bakoitzak bere irudia sortuko du. Ikusten-ez-dena-irudikatzearen magia horrekin apurtzen ari gara azken urteotan -streaming irratsaioekin, adibidez-, irudiaren gizartean bizi gara eta.

Hitzez esaten dugunarekin %7a besterik ez dugu komunikatzen. Ahozkoa ez den komunikazioarekin, ordea, %93.  Hortik ere, irudia gailentzea. Baina, egun, minutu bateko kulturan eta presaren gizartean bizi gara. Beti azkar.

Denborak urrea balio du. Eta, denbora aprobetxatzeko, sarri, bi gauza aldi berean egin ohi izan ditugu: bideo bat irratsaio bat balitz bezala entzun, eta, paraleloan, testu hau idatzi.  Testuinguru horretan, Podcasta, egungo kontsumo ohituretara egokitzen den formatua da: errora jotzen du, azkarra da; eta, aldi berean, beste zerbait egiteko aukera ematen digu.

Kozinatzen dugun bitartean entzun daiteke, kirola egiten dugunean, lanean gaudela, autoan… hamaika egoeratan entzun dezakegu; eta, gainera, gure gustuen baitan aukeratu dezakegu.  Baina, zer desberdintasun dago, bada, podcast eta irratsaio baten artean?

Irratsaioa, normalean, atalez osatuta dago. Guk, entzule gisa, atal bat bestea baino gustukoago izango dugu. Irratsaio guztian baino, saio horren atalen batean edo bestean izango dugu interesa.

Podcastak, hain juxtu, atalak lirateke. Gai jakin baten inguruan sortutako saioa, egitura jakina duena eta atalez atal errepikatzen dena.

Podcast interesgarri batzuk:

  • Berria FM
  • Barruan gaude
  • Deforme Semanal
  • Buenismo Bien
  • Delirios de 40deFiebre

Podcast horiek guztiak azkarrak, zuzenak, mamitsuak eta, hein batean, ekonomikoak dira. Komunikatzeko kanal tradizionalekin alderatuta, ez dira garestiak.

Gainera, 24 ordutan eta asteko 7 egunetan entzun dezakezu, nahieran; ez da irratsaio baten antzera, frekuentzia topatu eta zuzenean entzun behar duzula: edonon eta edonoiz entzun dezakezu.

Geratzeko etorri den formatua da. Geroz eta sustraituago gaude gurean, eta zurean, zure enpresan, zer nolako garrantzia izan dezake?

  • Zure ahotsa entzuteko bide ematen du
  • Zure publikora hurbiltzeko balio du
  • Aditu zaren gaiean erreferente izateko
  • Gertuko kanala da
  • Edozein momentutan eta edonon entzun dezakezu, nahieran
  • Multikanala izan daiteke; eta, era berean, hibridoa: sare sozialetatik zabaldu dezakezu, Youtuberako egokitu, podcastarekin lotutako edukia sortu…

Esan bezala, gurean, geroz eta sustraituago dagoen formatua da. Berriak sortua du berea (Berria FM), Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikus-entzunezko komunikazioko ikasleek ere Putzutik Plazara sortu zuten iaz, Mondragon Unibertsitatea bera ere igo da trenera, EITBk eta Euskadi Irratiak podcast berriak ekoizteko plataforma sortu dute; eta Oier Aranzabal, beste profesional batzuekin batera, Podcastfilia sortzen ari da.

Badago uzta, beraz, gurean. Esan bezala, geratzeko etorri den formatua da.

 

Komunikazioaren lokatzetan

30 egun daramatzagu etxean, hilabete.

Etxe askotan utzi zuen telebistak familia batzeko funtzioa izateari, irratiak guztiak sintonia berean jartzen zuen soinu banda izateari… Baina hilabete daramagun etxealdi honetan, telebista piztu eta bestelako plataformetara jotzeaz gain, ohiko kateetan ere jartzen dugu arreta. 

Izan telebistan, irratian, zein sareetan, egoeraren argazkia hau da: “aditu” mordoa hitz egiten. Bakoitzak beretik, norbere sermoia ahoz gora botatzen. Datuak, datuak eta datuak. Kurba gora eta behera. Mantra bat bailiran, mikrofonoak duen boterearekin, gu guztion etxeetara iristen dira. Datuekin, portzentajeekin, aginduekin.

Komunikazioaren garrantzia agerikoa da, baina ez-ohiko egoera honetan, hutsuneak ere agerikoak dira. Egun batetik bestera mundua gelditu den moduan, egoera irauli den bezala, komunikazioa ere aldatu egin da. Eta paradigma berri honetatik, ziurgabetasunetik, komunikatzen jakin behar dugu.

Nondik komunikatu nahi dugu? Hor dago koska

Zein da zabaldu behar den mezua? Zein da zabaldu nahi dena? Besteak beste, galdera horiei erantzunda komunikatzen da; eta, egiari zor, sinetsita gaude negatibotik komunikatzen ez dugula ezer onik lortzen. Beldurraren diskurtsoa zabaltzea, besterik ez.

Baina negatibismoak, beldurrak, haserreak, ezin du bizileku izan. Une jakin bateko sentimendua izan daiteke, geltokia; betiere, hortik abiatuta, eraikitzeko jomuga. Hortaz, komunikazioak ere ezin du etengabe eta uneoro hortik sortua izan. Bistakoa da: negatibotik baino, positibotik komunikatzearen aldekoak gara gu.

Komunikazioa aldatuko da, eta gu

Kanpora begira baino, zergatik ez gara jartzen gureak baloratzen? Izan ere, egoera aldatu den moduan, guk ere aldatu beharra daukagu. Ezin dugu orain arteko roletan jarraitu. Gizakiak galdutako gizatasunari tokia egin behar diogu eta pertsonak produktuaren gainetik jarri.

Zalantzan jarri beharrekoa da ere sareetako “like”kultura.  Atsegite bilatze horrek asko baitu indibidualismotik, hautsitako ispiluetatik. Besteen onarpena behar dugu gure ongizaterako, eta hori bai dela itxialdian bizitzea… Hortaz, alda ditzagun orain arteko inertziak eta jokabideak; komunikatzeko moduak. Hautsi ditzagun moldeak.

Moldeak hausteko, komunikazioa ezinbesteko bidelaguna zaigu:

  • Bertakoa, gertukoa, lokala kontsumitzeko.
  • Gurea dena zaintzeko.
  • Beharra eta desioa bereizteko; eta hiper-kontsumora ez jotzeko.
  • Gizatiarrak diren marka horiek kontsumitzeko.
  • Balore positibo eta zintzoak modu zuzen eta argian komunikatzen dituzten marka horiekin bat egiteko.
  • Begirada indibidualismotik jaso eta kolektiboan begiratzeko.
  • Gure inguruarekin enpatikoak izateko.

Gu gelditzean planetak arnas hartu duen moduan, guk berriz martxa hartzean loratu ditzagun zimelduta genituen konpromisoa, elkartasuna, gizatasuna. Izan ere, argi dago 2020ko udaberria gu guztiok ondo gogoan izango dugula. Baina krisialdiagatik soilik ez, memoria historikoan parte izan dadila mundu gelditzeaz gain, hobera aldatu dugulako.