komunikazioa bilaketaren emaitza.

Ikasleen praktikaldiak, bi noranzkoko hartu-emana

ikasleak-praktiketan

AZK-n tradizio handia dugu praktiketako ikasleak hartzen, bai Mondragon Unibertsitatetik bai beste formazio zentroetatik ere. Kasu hauetan, bi noranzkoko hartu-emana izaten da, ikasleak ezagutzen baitu enpesa batean eguneroko martxa nolakoa den, benetako proiektuetan parte-hartuz, eta agentziarentzat oso interesgarria izaten da ikasleak ekartzen duen ikuspuntu fresko eta berritzailea. Egun hauetan Anne Baskaran dugu gure artean. 

  

Lehenik eta behin, aurkeztu zure burua.

Anne Baskaran (Gasteiz, 1996) deitzen naiz eta Ikus-entzunezko komunikazio graduaren hirugarren mailan nago. Gaur egun, argazkigintza eta ilustrazioan bete-beterik murgilduta nago.

Ateak ez ixteko Gasteizko Koldo Mitxelena ikastetxean Batxilergo biologikoa egin nuen, nahiz eta Lehen Hezkuntza ikasketak egiteko plana izan. Azkenik, argazkiak egiten erakusten nituen gogoak ikusita, Ikus-entzunezko komunikazioa ikastea erabaki nuen. Hau da, benetan maite nuena egitea aukeratu nuen.

Ordutik, argazkigintza, diseinu eta film laburren hainbat lehiaketa irabazi ditut; haien artean, 2015 Huhezinema jaialdiaren Basque Culinary Center-eko epaimahiaren saria, 2016 Euspot lehiaketaren publikoaren saria ‘Amestu, murgildu, bizi’ spotarekin, Gasteiztarrak arraun the world argazki lehiaketa ‘Lusitaniar herrialdean zehar’ argazki bildumarekin, El Correo Escenas de Álava argazki lehiaketa eta Mondragon Unibertsitateko kirol jertsea lehiaketaren 3.edizioa.

Nolakoa da Ikus-entzuneko Komunikazioa gradua MONDRAGON UNIBERTSITATEAn. Orain metodologia berri bat lantzen da. Zer garrantzi dauka alde praktikoak?

Aurten Mexikon egon naiz ikasten baina joan den urtean, behintzat, graduan geneukan metodologiarekin pozik nengoen. Alde praktikoak niri gustatuko litzaidakeena baino garrantzi gutxiago du. Hala ere, egia da Mondragon Unibertsitateak eskaintzen duena gradu bat dela eta ezinbestez teoria eman behar dela. Ikus-entzunezko produktuaren itxura lantzea egokia da, baina mamia ere.

Zure ustez, ondo egokitzen da lan-merkatuaren eskakizunetara? 

Ikus-entzunezko graduak nahiko orokor lantzen ditu mundu honen barnean dauden arloak, bai onerako eta bai txarrerako. Gradu honi esker orain arte pentsatu ere ez nituen arloak ezagutu ditut, baina egia da beste batzuk sakontzea gustatuko zitzaidala.

Praktikaldian zaude orain, zer nolako lanak burutzen ari zara?

Denetarik, nire saltsan nago! Diseinua ez didate asko irakatsi graduan, baina nire kabuz ikasi ditudan gauzekin nabil lan batzuk egiten: gorra baten diseinua, aldizkari baten portada eta abar. Bestetik, Basque Culinary-n egindako grabaketa batean parte hartu nuen eta asteazken honetan argazki sesio bat daukat. Ezin naiz kexatu.

Zergatik aukeratu zenuen AZK?

Publizitate eta diseinu mundua gehiago ezagutu nahi nuelako eta, nola ez, gure hizkuntza oinarri izanda praktikak burutu nahi nituelako. Beraz, hiru elementu horiek oinarri hartuta, AZK enpresarekin kontaktuan jarri nintzen.

Zer inpresio duzu AZK agentziari buruz?, nolakoa da enpresa barrutik?

AZK agentzia langilea, gertukoa eta serioa da, noiz behinka beharrezkoa den umorea izanik. Langileek transmititzen duten gertutasuna eta gardentasuna da niri gehien gustatu zaidana. Laguntza behar izan dudan momentu oro eskua eskaini didate.

Behin gradua amaituta, zertan gustatuko litzaizuke lana aurkitzea?, edo ikasten jarraituko duzu?

Bizitzak eskaintzen dizkidan ezusteen bila nago, beti proiektu berriak esku artean. Gaur egun lan eremuan bizi dugun egoerari aurpegi ona jarri eta ikasten jarraituko dut. Aukeren artean animazioa eta 3D masterra daukat buruan. Mexikok bi gauza irakatsi dizkit: ikusi eta ikasi. Inoiz ez da berandu ikasten jarraitzeko eta nola ez, sortzeko.

ikasleak-praktiketan

Argazkiak: Jone Martinez.

Gertutik i(ra)kasten

Gure lanari zor, bezeroen marka balioei erreparatzen jardun izan gara sarri. Hauek barneratu eta komunikatutako mezu bakoitzean isla izan dezaten ahaleginduz.

Baina, eta zein da gure marka balio nagusia? Zerk bereizten gaitu? Zein baliorekin lotzen du bezeroak AZK?

Gertutasuna. Hori da AZK.

Baina ezaugarriek, teoriatik haratago joan behar dute ezaugarri izatekotan, jarrera bat izan behar dute.

Ideia horrekin agertu ginen duela hilabete MONDRAGON UNIBERTSITATEko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Aretxabaletako campusean, bezeroarekin elkarlanean, Ikastolen Elkarteko kide diren Ikastola desberdinetako zuzendari eta komunikazio arduradunei, komunikazioari buruzko prestakuntza eskaintzera.

Helburu argi batekin etorri ziren ikastoletako ordezkariak: matrikulaziorako komunikazio kanpaina diseinatzea.

Erronka polita benetan ikastola bakoitzaren errealitatea ezagutu eta oinarrietan sakontzea, azken hori izan baita gure abiapuntua: komunikazio kanpaina bat diseinatzeko oinarrizko pautak elkarbanatzeaz gain, markaren ezaugarriak eta nortasuna aztertzen jardun baikara.

Guztira, 3 saio izango dira (irailaren 28a, urriaren 27a eta azaroaren 30a) eta onena da guk ere ikasteko aukera izan dugula, esperientziak elkarbanatzeak guztientzako onura suposatzen duelako.

Eskerrik asko parte hartzaile guztiei, eta nola ez, Goio, Ainhoa eta Onintzari.

“Bideo eta irudia dira nagusi gaur egun Marketing Digitalean”

neka2

Nekane Zapatak Marketing Digitaleko Masterreko praktikaldiak gurean egin zituen, AZK agentzian, zortzi hilabetez. Ondoren, lan-taldean sartu da. Ezagutu dezagun nolakoa den Nekane eta nola ikusten dituen AZK eta Marketing Digitaleko egungo egoera.

– Konta iezaguzu, apur bat, zein den Nekane Zapata:

22 urte dauzkat eta Bergarakoa naiz. Bilbon ikasi nuen Marketineko gradua, UPV/EHU-n; izan ere, lehenengo promozioa gurea izan zen. Hau bukatu ondoren, ikasketekin jarraitzea pentsatu nuen eta master bat egitea aproposena iruditu zitzaidanez, Marketing Digitaleko Masterra egin dut aurten Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean, Oñatin.
Nire zaletasunen artean, esan dezaket musika entzutea dela nire egunerokoan falta ezin den gauza bakarra; honekin batera, irakurtzea ere asko atsegin dut. Gainera, edozein moduko liburuak irakurtzen ditut, ez dut ez idazle ez gai gustukoen; arreta pizten didatenak irakurtzen ditut. Beste alde batetik, izugarri gustatzen zait hondartza, bai udan eta bai neguan, eta surfa egiten dutenak ikustea. Nik ez dut surfik egiten, baina egiten dutenek benetan harrituta uzten naute.

_ Marketing Digitaleko unibertsitate masterra egin zenuen Mondragon Unibertsitatean. Zer moduzko esperientzia izan zen?, gomendatuko zenuke master hau?

Masterra hasi baino lehenago itxaropen handiak nituen; izan ere, Bilbon egon nintzen Master eta Postgraduen azoka batean oso ondo azaldu ziguten dena eta bertan jakin nuen horrelako zerbait egin nahi nuela. Esperientzia oso polita izan da, klasean hain giro ona izateak ere lagundu du, baina horretaz gaindi, irakasleak eta hizlariak oso ona izan dira eta beraien irakaskuntzak oso lagungarriak izan dira, bai klaseetan bai oraingo lanean.
Masterraren alde positiboenetako bat bere praktikotasuna da eta, honi esker, azkar ikasten da, “lear by doing” delako metodologia guztiz aproposa delako. Beste alde batetik, praktikak egiteko programa oso ona da eta hainbat enpresen artean aukeratu ahal izaten da. Beraz, unibertsitatea bukatzen dutenei gomendatzen diet master hau.

– Kontatu nolakoak izan ziren AZK-n egindako Master amaierako proiektua: zein izan zen zure eginkizuna eta zenbat denbora eman zenuen bertan?

AZKn praktikak hasi nintzenetik sare sozialen eta online munduan sakonago sartu nintzen. Laburbilduz, AZK-k dituen bezeroen sare sozialak eta web orriak ezagutzen eta hauek edukiez elikatzen jardun nuen. Hasieran sei hilabeteko praktiketako egonaldia zen, ondoren udako hilabeteetarako luzatu zen praktiketako kontratu hori eta irailaren 1etik hemen ari naiz lanean.

– Praktikak bukatu ondoren, zein da orain zure eginkizuna?
Nire eginkizuna orain ildo berdinetik doa baina erantzukizun handiagoarekin; izan ere, proiektu batzuk nire ardurapean daude.

_ Nolakoa da AZK komunikazio enpresa bezala, zuk espero zenuen modukoa da edo oso bestelakoa?, zerbaitek harritu zaitu bereziki?
Enpresa moduan AZK-ak modu positibo batean harritu ninduen, izan ere, astero astero bilerak daude non proiektuen berritasunak komunean jartzen diren eta aste horretako lana antolatzen den. Ez nuen espero barne-komunikazioa hain ondo antolatuta egongo zenik eta, nire ustez, oso era egokia da. Beste alde batetik, lan egiteko giro oso ona dago.

_ Marketing Digital eta Enpresen Komunikazioaren inguruan gogoeta txiki bat egiteko eskatuko dizut: zeintzuk dira oraingo tendentziak?, gauzak asko aldatu dira azken urteetan komunikazioari dagokionez, asko aldatuko dira hemendik aurrera ere?

Online munduari begiratzen badiogu, oraingo errealitatea bideo eta irudietan zentratzen da; izan ere, sare sozial gehienetan eta webguneetan arrakasta izateko irudi eta bideoen erabilera egoki bat egin behar da. Izan ere, orain da bai Instagram, bai Flickr eta honelakoen gorengo unea.
Erabiltzailea ere indar bisualez mugitzen da eta gero eta nazkatuago dago testu luzeez; beraz, enpresak egokitzen ari dira tendentzia horretara.
Beste alde batetik, gaur egun garrantzitsua den eta gero eta garrantzitsuagoa izango den gailua, telefono mugikorra da. Momentu oro konektaturik egotea behar bat bihurtu da, eta gero eta aplikazio gehiago sortzen dira hauen inguruan. Zerbitzu gehienak beraien mugikorrerako aplikazioak sortzen ari dira; osasunaren arloan, adibidez, aplikazio asko daude zure egunerokoan erabiltzeko; hala nola, loaldiak kontrolatzen dituzten aplikazioak, bizi-konstanteak kontrolatzen dituztenak… Eta denborak aurrera egin ahala gero eta gehiago izango dira, aurrerapen asko gertatzen ari dira eta sektore honetan.

#erronkarakoprest: publizitatea egiteko beste modu bat

Publizitateak hamaika aurpegi izan ditzake: izan daiteke beldurgarria, izan liteke barregarria, izan liteke erotikoa, izan liteke… Eta aurpegietako bat xamurtasunarena da. Azken aurpegi hori ematen diot MONDRAGON UNIBERTSITATEArentzako diseinatu dugun azken kanpainari.

Pakistaneko eskualde askotan zaila da eskolara joatea eta are gehiago nesken kasuan. MONDRAGON UNIBERTSITATEAk eta Baltistan Fundazioak, berdintasunezko printzipioetan oinarri hartuta, Hushe ibarreko neska eta mutiko guztiek kalitatezko eskolara joateko aukera izan dezaten, #erronkarakoprest ekimena sortu dute.

Baina zein da erronka?

8.035 argazki lortzea da gure erronka. #errokarakoprest traola duten 8.035 argazki Twitter eta Instagramen, 8.035 metrotan baitago Gasherbrum IIaren tontorra. Felix Iñurrategik bertatik agurtu gintuen eta gaur berak eta Albertok anaiak Hushe bailaran hasitako lanari bultzada berezi bat eman nahi diogu.

Gasherbrum II mendiaren hegala 8 etapatan banatu dugu eta, etapa bakoitza gainditzean, 12 neskek eskolara joateko beka bana lortuko dute. Azken etapan, gailurrera iristean, 16 neskatilentzako beka bana eta 2 irakaslerentzako ikastaro bana banatuko ditu MONDRAGON UNIBERTSITATEAk. Beraz, proiektua gauzatuz gero, guztira 100 beka eta 2 irakaslerentzako ikastaro banatuko ditu unibertsitateak guztion ahaleginari esker.

Gaztea irratia ere ekimenera batu da, eta hainbat aipamen berezi egiteaz gain haien argazkia ere bidali digute.

Atzo @DidaGaztea-n eginiko elkarrizketaren ondoren ateratako argazkia #erronkarakoprest @gaztea_irratia #mondragonunibertsitatea

A photo posted by Mondragon Unibertsitatea (@mondragonunibertsitatea) on

Dagoeneko 1. 000 argazkitik gora jaso ditugu eta guztiak daude ikusgai horretarako eraiki dugun webgunean: www.mondragon.edu/erronkarakoprest

#Enpresarean: Etorkizuneko erronken bila

Enpresarean 2014 AZK

Aurreikuspen onenekin hastekoa zen #enpresarean azoka pasa den ostegunean, urriak 23, eta gu ere baikor joan ginen Kursaalera.

Rober Gutiérrezek (@robergutierrez ) enpresa ikuspegi batetik jorratu beharreko ekimentzat jo zuen Enpresarean, eta hala ekin genion goizari.

Hasteko, mahaiaren bueltan bildu ziren Gaindegiako Imanol Esnaola (@Imanolesna), Laboral Kutxako Josu Arraiza (@arraizajosu), Azaro Fundazioko eta Lea-Artibai Garapen Agentziako Ainara Basurko (@abasurko), ADEGIko Xabier de la Maza (@condedelamaza)eta Jean-Louis Haringardoquy, Ipar Euskal Herriko Hemen elkarte ekonomikoko zuzendaria. Guztiek bat egin dute hausnarketan eta etorkizunera begira bidai-orri antzekoa idatzi dute: “lehiakortasuna sustatzeko elkarlana berrikuntzan eta kalitatezko zerbitzuetan”.

Bigarren mahai inguruan komertzio elektronikoa izan zuten berbagai, hurrengo boskoteak: Jabi Asurmendi (@jabiasurmendi), Gari Araolaza (@garaolaza), Iruri Knorr (@iruri), Arkaitz Sukuntza (@arkaitzsukuntza) eta Mikel Aranburu (@EHkoPLAZA). Jarraian, hainbat enpresa eta erakundek hitz egiteko aukera izan zuten. Batzuk “Arin-arin” izendatutako formatupean (3 minutuko iraupenarekin) eta beste batzuk pixka bat gehiago luzatzeko aukerarekin. Horren adibide da @EGAMASTERTOOLS Gasteiztar enpresa. Aner Garmendi, Zuzendari Orokorra enpresen nazioartekotzearen inguruan mintzatu zen:

Guk “Arin-arin” formatuari heldu genion, argazkian ageri den bezala errugbi jokalariek bota gintuzten arte AZKn zer egiten dugun azaltzen saiatu ginen.

Enpresarean AZK Arin arin

Amaitzeko, Deustuko, Mondragon Unibertsitateko, Euskal Herriko Unibertsitateko eta HETEL erakundeetako ordezkariak. Nolakoak behar du izan etorkizuneko ikasleak? gaitzat harturik jardun ziren.

Argazki gehiago ikusteko: https://www.flickr.com/photos/28622504@N06/sets/

Argazkiak: @artemankomunika