sormena bilaketaren emaitza.

Denbora zor diogu

sormena

Atzera kontaketa konstantean bizi gara. Emaitza sortzaile baterako, ordea, denbora funtsezkoa da. Ez da kasualitatea izango sormenak bidea egitea denborak mugatzen ez gaituenean…

Sormena.

  1. iz. Ahalmen sortzailea, errealitatean ez dagoena irudimen nahiz gogamenez sortzeko eta errealitatean gauzatu edo kreatzeko balio duena.

Sormenak ez daki denboraz, ez daki ordularien orratzez. Entrega epeez. Ez da geratzeko etortzen, badator eta badoa. Mareen gisan, gora eta behera ibiltzen da. Eta, olatua hartzen baduzu, sortzeko zorteko izango zara; bestela, aparra bezala desegingo zara.

Denbora.

  1. iz. Gauzak gertatzen eta izakiak aldatzen diren bitarte mugagabea; delako bitarte horren zati mugatua.

Denborak ordea, aski ongi ezagutzen ditu ordularien tik-tak hotsak. Taupadatzat ditu. Denborak hasiera eta bukaera du, markatu egiten du, mugak jarri.

Sormenak eta denborak bat egiten duten unean

Sormenerako denbora funtsezkoa dela esateko testu hau ere atzera kontaketa batean dago idatzita. Erlojuen tik-tak hotsen presioan. Hots bat gehiago, segundu bat gutxiago. Horretan ari gara, denboraren garrantziaz hitz egiten, denborarik ez dugunean. Baina horrela bizi gara, sormen preziatuari preziorik jarri gabe. Minutu bateko kulturan, atzorako ziren entregetan: sormena eskatzen, baina denbora ezin eskaintzen.

Gure esparrua komunikazio estrategikoa eta markagintza dira. Sormena da gure lanabesa. Helburuak lortzeko ideiak gorpuzten aritzen gara, forma ematen: hitzetan, koloreetan, doinuetan, ehunduretan, irudietan…  Eta horiek, ordena logiko eta eraginkorrean zabaltzeko planak diseinatzen; noiz, nondik eta nola komunikatuko ditugun zehazten. 

Puzzle baten antzera, pieza guztiak ondo batzen aritzen gara, elkar hartuta estrategia indartzeko. Helburua lortzeko. Eragiteko.

Hori da gure eguneroko ogia. Eta okinak irina lez, behar dugu guk sormena. Sormena denbora da, eta denborak prezio bat du.  AZKn kontziente gara horretaz, eta egoera hori irauli nahian, gero eta garrantzia handiagoa ematen diogu sormenari. Muga guztien gainetik.

 

Ekaitz Zilarmendi: “Ikus-entzunezkoen aldeko apustua egitearen garrantzia inoiz baino agerikoagoa da”

Ekaitz_Zilarmendi

Teknologia, sormena, gaitasuna eta denbora. Lehentasunen arabera, zein hurrenkeratan antolatuko zenituzke?

Laurak lotuta daude eta batak bestera eramaten zaitu. Teknologia garrantzitsua da, baina erabiltzen ikasi behar da, eta lan prozesua aurrera eramateko ezinbestekoa da denbora. Sormena eta gaitasuna ere eskutik helduta doaz; norberak bere buruarengan konfiantza sentitu ahala, profesional bezala, gero eta gaituago sentitzen zara eta, era berean, mugak eraitsi eta sormen prozesu bat zabaltzeko aukera ematen diozu zeure buruari. Hori teknologiarekin eta denborarekin lotzen da. Batak bestea ekartzen du. Guztien arteko dantza bat da.

Garai konplexuak bizi ditugu eta, inoiz baino gehiago, irudiaren aroan murgilduta gaude. Argazkilaritzak zein ekarpen egin dezake testuinguru honetan?

Momenturik latzenetan, argazkilaritzak paper garrantzitsua jokatzen du. Pandemia garaian eta konfinamendu garaian, argazkilari askok erakutsi digute jendea bizitzen ari den errealitatea. Hedabide nagusietan agertu ez diren leku eta testigantza ikusezinak jaso ditugu fotokazetaritzaren bidez. Emilio Morenatti argazkilariak, adibidez, irudien bidez islatu du Gabonetan bakarrik egon diren pertsona helduek nola bizitu dituzten une horiek, edo Covid-19arekin kutsatu diren pertsonen egoera oso gordinak ezagutu ditugu Ur Handitanen.

Lan munduari dagokionean, ikus-entzunezkoen aldeko apustua egitearen garrantzia inoiz baino agerikoagoa dela esango nuke; estrategikoa da enpresek euren marken posizionamendua eta komunikazioa indartzeko. Krisiak kolpatu dituen sektore, enpresa edota taldeek iruditeria bat sortzeko eta beraien egoera hobetzeko tresna bat da argazkilaritza.

Hamaika ertz ukitu dituzu zure ibilbide profesionalean zehar. Zeinek ukitu zaitu zu gehien?

Guztiek ukitzen naute. Lan batzuk motibagarriagoak dira besteak baino, baina beti naiz gai esperientzia guztiei alde positiboa ikusteko. Proiektu guztietan ikasten dut zerbait eta profesional bezala hazten laguntzen didate denek. Gogora datozkit ur azpian eginiko argazki saioak, edo castell baten barrura sartu eta izerdi usain hori eta arnas estu horiek bizitu nituen eguna…

Marka baten eraikuntzan, irudiek zein paper jokatzen dute?

Irudiek asko hitz egiten dute. Irudiek erakartzen dute hartzaileen atentzioa. Arrakasta eta eraginkortasuna bilatzeko, gakoa da sortzeko prozesuan aintzat izatea irudiaren funtsa, zertarako eta non erabiliko den, etab. Oinarrizko informazio horrek guztiak laguntzen du irudia ondo kokatzen.

Zein da argazki on baten gakoa?

Argazkiak zerbait sortaraztea irudia ikusten duenarengan. Ez du zertan zerbait emozionala izan. Zerbait estetikoa izan daiteke, edo ekintza bat eragiten duena. Nire kasuan, argi perfektua lortzen dudanean sentitzen dut argazki on bat atera dudala; klik egiten dudan momentuan badakit hori, motibazio berezi bat sentitzen dudalako. Beste klik batzuk, klik normalak dira. Inplikazio emozionalak ere asko eragiten dit pertzepzio horretan. Era berean, norengan eragin nahi den jakitea ere garrantzitsua da: enpresa baten bezero potentzialarengan, ezkontza bateko bikotearengan, senide batengan…

Zein da zure lan egiteko modua?

Argazkilari bezala, bi modu daude lan egiteko; bata da irudikatzera joatea eta topera horretarako eszenak sortzea; eta eszena sortzerako momentuan sartzea sartu beharreko elementu guztiak —argiztapena landu etab—. Alegia, amaierako emaitza ona izan dadin beharrezko erabakiak hartzea. Eta beste mota bateko argazkiak lantzen dira irudi bakar bat edo bi pentsatuagoak sortzera goazenean. Lan egiteko bi modu horiek oso interesgarriak dira. Batean azkartasunez emaitza onak lortzen dira, eta aurretik egindako lanketa baten ondoren emaitza interesgarriak erdietsi. Bigarrenak, aldiz, lan sakon bat egiteko aukera eskaintzen du, errotik lantzekoa.

Askotan bakarrik irudikatzen zaitugu, kamera atzean. Bakarkakoa bidea ez da izango, baina. Zein dituzu bidelagun?

Nahiz eta ni freelance-a izan, AZKrentzako lan egiten dudan aldiro, AZK-ko kide sentitzen naiz. Pertenentzia bat permititzen diot nire buruari taldekide sentitzeko, guztion artean ateratzen dugulako aurrera lana. Egoera berri bati aurre egitera goazenean, argazkilari profesionala izateaz gain, pertsona ere banaiz. Une horietan konfiantza baldin badago, lasaiago joaten naiz, taldekide sentitzen naizen momentutik babesa sentitzen dudalako edozein lan aurrera ateratzeko. AZK-ko pertsonekin asko ikasi dut; baita keinu batekin bezeroari komunikatzen ere. Bezeroa entzutearen garrantzia oso presente izan ohi dut beti.

Ekaitz_Zilarmendi

 

Elkar ezagutzea, elkar zaintzea da

Ezin uka, 2020a ez-ohikoa izan dela eta 2021ari beldurrez eta itxaropenez begiratzen diogula. Ate joka ditugu Gabonak; eta, diogunaren haritik, bistakoa da Gabon zoriontsuak ezin direla izan maite ditugun guztiekin ezin bagara elkartu. Mahai-bueltan aulki hutsak egongo dira, eta horiek beti dira hutsune. 

Egoera pandemiko honetan, jolasak izan daitezke distantziak eta hutsuneak hausteko bide edo horiek ilunetik argitara ekartzeko aitzakia. Izan ere, distantzian elkartzeko bideak zabaltzea ere bada komunikazioa. Eta gertu gaudenon arteko loturak are gehiago estutzea. Eta horretarako, komunikazio-jolas sinple bezain polita da gure gabonetako oparia.

Nola egiten da?

comecocos jolasa pausoz pauso

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Nola funtzionatzen du?

  1. Jolasaren alde bakoitzean galdera bat idatzi
  2. Parean duzun lagunari zenbaki bat esateko eskatu
  3. Zenbaki horiek kontatu beharko dituzu, jolasa irekiz-itxiz
  4. Zabalik geratzen den aldeko laukitxo bat aukeratuko du jolaskideak
  5. Horri dagokion galdera egin beharko diozu, ea asmatzen duen!

Zertarako balio du?

  • Parean duzuna gehiago ezagutzeko
  • Urrun duzuna gertu sentitzekoi

Horregatik, proposatzen dizuegu batak besteari buruz galdetzea. Ireki zuen barrura begirako leihoak eta zabaldu ateak ezagutzari. Izan ere, elkar ezagutzea, elkar zaintzea da.  Oparitu jolasa, jolasteko denbora; oparitu elkar ezagutzeko aukera.

Gabon zoriontsuak eta Urte Berri on!

 

 

Sormena da gure bidea

Oihana Iguaranek etxepean gauden egunotan, Lurraren pean doinupean ondorengoa kantatzen zuen:

“Gizarte gisa erakusteko

aukera bat da, dena den

zer egiteko gai garen eta

zer izateko prest gauden.”

Egiten duguna bagara, etxealdi honek erakurtsi digu sortzaileak garela.

 

Arnasa hartzeko ere tarterik ez

Minutu bateko gizartean bizi ginen, gara. Azkar. Oso azkar. Azkarregi. Presaka. Batetik bestera, beti berandu.  Asperdura txarra balitz bezala, aspertzeari tarterik eskaini gabe. Agenda bete-betea, begiak zabaltzen ditugunetik ixteraino egitekoz beteta. Orain arte denboraren menpe ibili gara, erlojuen orratzen tik-tak hotsak itota. Denera iristeko antsiaz eta, era berean, kalitatezko denbora eskaini gabe: ez norberari, ez gertukoari. Ezeri. Inori.  Begira, baina ikusi gabe; entzuten, baina aditu gabe; irentsi eta irentsi, baina dastatu gabe.

Azkar. Oso azkar. Azkarregi. Produkzio katean burubelarri, begiak hortik jaso gabe  Norberari begiratu gabe, sormenari tartea atera gabe.

 

Gure plateren gatza eta piparra

Itxialdi honek, ordea, tartea eman digu gurekin egoteko, norbera norberarekin. Halabeharrez bada ere, gelditzeko. Eta, begiratu nahi ez duenak ere ikusi ahal izan du sortzaileak izan bagarela.  Egunotan, sormenak bor-borka egin du gure lapikoetan, gure paper zurietan…

Aspertzea delitua dela dirudien gizarte honetan, denbora gauzak egiten eta egiten betetzen dugu. Egiteagatik egitea baino, barrura begirako leihoak zabaltzeko sortu behar dugu. Horretarako, sorkuntza, berrikuntza eta jakin-mina landu behar ditugu. Zergatik eta zertarako?

  • SORKUNTZA. Orain arte inork egin ez dituen galderak egiteko.
  • SORKUNTZA. Orain arte inork ikasi ez duena ikasteko. 
  • SORKUNTZA. Orain arte inork begiratu ez dionari begiratzeko. 

Ikusteko, aditzeko, dastatzeko. Eta, horretarako, kozinatzean tipulari nola, gure buruari ere kendu behar dizkiogu azalak. Beldurrak. Lotsak.

Sorkuntza ez da piramidala, goitik beherakoa. Sorkuntza norberarengandik abiatzen da. Duzun lanbidea, egitekoa, interesa edo bizibidea izanda; berdin du, hori ez da muga. Egiten duzun horretatik, bakoitzak bere txikitik (edo handitik, zergatik ez!)  garatu dezake.

Eta ez lotsatu egiten duzuna elkarbanatzeko, komunikatzeko. Kontatzean beste batzuei sormenaren poxpoloa pizten lagundu diezaiekezu. Zure sua beste batentzat hasierako sugarra izan daiteke. Eta honela, poxpoloz poxpolo, sugarrez sugar, ilun ikusten dugun zulo honi argia emango diogu eta etxepetik inoiz baino indartsuago, elkartuago eta ahaldunduago aterako gara.

 

Itzaliko ez den sua

Lehen lerroetan esan dugunari helduta, egiten duguna bagara, izan gaitezen sortzaile eta sortu dezagun suaren indarra duen gizarte kohesionatu, gizatiar, aske eta bizigarria. Sorkuntza horretarako bidea izan daiteke; bai, behintzat, gurea.

Hortaz, sormena su txikian berotzen jarraituko dugu, aroma ederreko eta gorputz askoko salda izateko, gure barruak goxatuko dituena. Izan ere, sormenak, itotzen gaituzten egoeretan leiho bat marrazten lagunduko digu. Haize freskoa sartzen. Bizirauten baino, bizitzak eta gorputzak erdigunean jarri eta bizigarri egiten.

Egiten duguna bagara, ez jarri mugak sormenari. Izan sortzaile!