trending topic bilaketaren emaitza.

Sare sozialen arrisku isila

bufete1

Negozio batzuetan publizitatea egitea kontu latza izaten da. Heriotza gertutik ikutzen dutenetan, kasu, irudimena eta sormena kiloka behar dira gustu txarrean ez erortzeko. Eta gaur egun, gainera, hanka sartzeak larrutik ordaintzen dira, are gehiago sare sozialen bat-bateko efektu biderkatzailea kontuan hartuz gero. Minutu batean, zerutik infernura.

Galdetu, bestela, zer gertatu zitzaion Bufete Rojas abokatuen enpresa katalanari Lufthansako kopilotoak bereak egin eta gutxira. ‘Testamentos Inteligentes. Herencias Felices” (“Zentzuzko Testamentuak. Zorioneko Herentziak”) da bufete honen leloa eta, bi ideia (ekintza + saria) hauetan oinarriturik, eraikitzen dute euren diskurtso komunikatibo osoa. Argi dago zer saltzen duten. Marketinaren ikuspuntutik, oso estrategia ona.     

Baina, negozio hauetan, kontu handiz ibili beharra dago non, noiz eta nola erabiltzen den artilleria komunikatiboa. Hala ere, Bufete Rojaseko community managerrari ideia ona iruditu zitzaion Lufthansako ezbeharraz baliatzea publizitate apur bat egiteko sare sozialetan. Horrelako gertaera beltz baten tenorean, Alpeetatik zetozen albiste beldurgarrien artean, zer hobeto jendeari honako mezu hau Facebook eta Twitterretik helaraztea baino:  Akats handia da istripuak beti beste batzuei gertatzen zaiela pentsatzea. Edozeini gerta dakioke. Ez ahaztu, are gehiago ekonomikoki zure menpeko pertsonak baldin badituzu. Zentzuzko Testamentuak. Zorioneko Herentziak”.

     

Berehala Twitterra sutan jarri zen eta txioa trending topic bihurtu bai, baina Bufete Rojasek bilatzen zuen kontrako norabidean. 1.200 mezutik gora jaso zituen denbora gutxian, zein baino zein maitagarriago; adibidez, enpresaren logotipoan putre baten irudia jartzeko gonbidapena luzatu zion bufetearen jarraitzaile sutsu batek; eta hainbat aipamen kritiko prentsan. Bat-batean lurretik desagertu nahi zuen Bufeteak.

Sare sozialetan borontate ona ez da nahikoa, are gehiago enpresa baten izenean aritzen garenean. Aurreikusi behar da mezu jakin bat, testuinguru jakin batean, eragin ditzakeen erreakzioak, minutu gutxitan negozio baten erreputazioa pikutara bidali daitekeelako, deskuidatuz gero.

Bufete Rojas egun desagertuta dago Twitterretik; hori bai, behin betiko agurtu baino lehen, bere nahi gabeko testamentua utzi zigun idatzirik, 140 karakterretan. 

     

Post hau Puntua aldizkarian argitaratu zen 2015eko apirilaren 24an.