Youtube bilaketaren emaitza.

Zergatik podcastak?

Irratiak beti izango du bere magia, beti izango da berezi, desberdin. Ahotsaren atzean nor dagoen irudikatuko dugu, bakoitzak bere irudia sortuko du. Ikusten-ez-dena-irudikatzearen magia horrekin apurtzen ari gara azken urteotan -streaming irratsaioekin, adibidez-, irudiaren gizartean bizi gara eta.

Hitzez esaten dugunarekin %7a besterik ez dugu komunikatzen. Ahozkoa ez den komunikazioarekin, ordea, %93.  Hortik ere, irudia gailentzea. Baina, egun, minutu bateko kulturan eta presaren gizartean bizi gara. Beti azkar.

Denborak urrea balio du. Eta, denbora aprobetxatzeko, sarri, bi gauza aldi berean egin ohi izan ditugu: bideo bat irratsaio bat balitz bezala entzun, eta, paraleloan, testu hau idatzi.  Testuinguru horretan, Podcasta, egungo kontsumo ohituretara egokitzen den formatua da: errora jotzen du, azkarra da; eta, aldi berean, beste zerbait egiteko aukera ematen digu.

Kozinatzen dugun bitartean entzun daiteke, kirola egiten dugunean, lanean gaudela, autoan… hamaika egoeratan entzun dezakegu; eta, gainera, gure gustuen baitan aukeratu dezakegu.  Baina, zer desberdintasun dago, bada, podcast eta irratsaio baten artean?

Irratsaioa, normalean, atalez osatuta dago. Guk, entzule gisa, atal bat bestea baino gustukoago izango dugu. Irratsaio guztian baino, saio horren atalen batean edo bestean izango dugu interesa.

Podcastak, hain juxtu, atalak lirateke. Gai jakin baten inguruan sortutako saioa, egitura jakina duena eta atalez atal errepikatzen dena.

Podcast interesgarri batzuk:

  • Berria FM
  • Barruan gaude
  • Deforme Semanal
  • Buenismo Bien
  • Delirios de 40deFiebre

Podcast horiek guztiak azkarrak, zuzenak, mamitsuak eta, hein batean, ekonomikoak dira. Komunikatzeko kanal tradizionalekin alderatuta, ez dira garestiak.

Gainera, 24 ordutan eta asteko 7 egunetan entzun dezakezu, nahieran; ez da irratsaio baten antzera, frekuentzia topatu eta zuzenean entzun behar duzula: edonon eta edonoiz entzun dezakezu.

Geratzeko etorri den formatua da. Geroz eta sustraituago gaude gurean, eta zurean, zure enpresan, zer nolako garrantzia izan dezake?

  • Zure ahotsa entzuteko bide ematen du
  • Zure publikora hurbiltzeko balio du
  • Aditu zaren gaiean erreferente izateko
  • Gertuko kanala da
  • Edozein momentutan eta edonon entzun dezakezu, nahieran
  • Multikanala izan daiteke; eta, era berean, hibridoa: sare sozialetatik zabaldu dezakezu, Youtuberako egokitu, podcastarekin lotutako edukia sortu…

Esan bezala, gurean, geroz eta sustraituago dagoen formatua da. Berriak sortua du berea (Berria FM), Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikus-entzunezko komunikazioko ikasleek ere Putzutik Plazara sortu zuten iaz, Mondragon Unibertsitatea bera ere igo da trenera, EITBk eta Euskadi Irratiak podcast berriak ekoizteko plataforma sortu dute; eta Oier Aranzabal, beste profesional batzuekin batera, Podcastfilia sortzen ari da.

Badago uzta, beraz, gurean. Esan bezala, geratzeko etorri den formatua da.

 

Sare sozialak, sareak josteko

Saregileak gara. Arrantzarako ez, baina ekosistema digitala ehuntzeko josten dugu sarea. Gure eguneroko lanabesak dira sare sozialak, eta aisialdirako baino, lanerako darabilzkigu. Gaur, ekainaren 30a, sare sozialen nazioarteko eguna da. Aitzakia horrekin, sareez hitz egingo dugu datozen lerrootan.

Komunikatzeko moduak aldatu dira

Komunikatzeko moduak guztiz aldatu dira. Adarraren deiadarretik, hitzak paretean edo paperean idaztera; mugak uhin bidez gainditu eta uhinei ahotsa ez ezik, irudia gehitzeraino, hots,  pantaila bidezko komunikazioraino. Mila kilometrora dagoena, ikusezin zena, parez pare izan dezakegu. Munduaren bi ertz klik bakarrean lotu ditzakegu. Teknologiak aldaketak ekarri ditu; eta aldaketa horiek komunikatzeko moduak aldatu ditu.

Esku-eskura ditugu gailu teknologikoak; eta, teknologiari esker, tokitik mugitu gabe munduratu gaitezeke. Mundu bat daukagu eskura. Eta gure eskuetan dago horren aurrean zer egin, nola jokatu.

Erabilera da gakoa

Sare sozialak mugarri izan dira eraldaketa horretan. Gertu zein urrun daudenekin, gure inguruarekin sarea ehuntzeko balio dezakete. Gure ispilu izan daitezke eta izan behar lukete; nahiz eta, sarri, nor garen baino nor izan nahi dugun islatzen dugun. Atsegiteak pilatzearen presioa (edo desioa).

Dema horretan korapilatu ordez, sareen erabilera egokiari atera zukua. Josi sareak, ehundu harremanak; izan zu. Pantaila bat tarteko egonagatik, sortu harreman gardenak. Izan ere, sare sozialek onura asko eman diezazkigukete alor pertsonal nahiz profesionalean:

Onura pertsonalak

  • Gogoratzen al duzue nolakoa zen bizitza WhatsApp gabe? Edonoiz eta (ia) edonorekin komunikatzeko aukera ematen digu. Erraz, azkar, merke.
  • Informazioa. Fake news-ak nonahi topatu arren, klik bakarrarekin informazio mordoa jaso dezakegu. Bilatzen jakitea da gakoa.
  • Entretenimendua. Jolasteko, irakurtzeko, ikusteko, entzuteko… hamaika aukera ematen dizkigute sareek! Etxealdian bistakoa izan da hori.
  • Salaketa soziala nahiz interes soziala. Bogan dauden gaien inguruko zabalkundea  egin dezkaezu, baita gai batzuen inguruan salaketa egin ere. Horren adibide da change.org, baita traolak ere.
  • Ezagutza bilatzea. Aditua zara gai jakin batean? Linkedinen, esaterako, gai batean erreferentziazko izan zaitezke eta esparru horren inguruko sarea, harremanak, sortu ditzakezu.

Onura profesionalak

  • Ikusgarritasuna. Beste edozein euskarri bezala, sare sozial batean presentzia izateak gure markaren ikusgarritasuna dakar, notoriedadea lortu dezakegu.
  • Bezeroarekin harremana. Bezeroekin komunikatzeko bide berriak dira. Chatbot-ak bogan daude eta horiek, hain zuzen, unean uneko harremana bilatzen dute.
  • Merkatu-azterketak: Lehiakideak, gure bezeroak… aztertzeko aukera ematen digute sareek. Focus groups tradizionalen osagarri bikaina bihurtu dira, alderdi jakin bati buruzko informazioa modu erraz eta intuitiboan biltzeko aukera ematen baitigute.
  • Inbertsioaren fruituak. Gure ekintzek duten eragina denbora errealean neurtzeko aukera daukagu. Marketin digitaleko kanpainen inbertsioa zein den jakin dezakegu. (ROI)
  • Posizionamendu organikoa (SEO) errazten du. Bilaketa-motorrek gero eta gehiago hartzen dituzte kontuan emaitza sozialak, gehien baloratzen diren parametroetako batzuetan eragin zuzen baitute.
  • Linkedin bezalako sare sozial profesionalak Social Selling-ean, negozioetan , erreferente bihurtu dira. Diziplina horrek online plataformen bidez negozio-harremanak sortzea ahalbidetzen du.
  • Profil erakargarri eta eguneratuak, zure ospea eta izen ona berresteko balio dezakete. Sareak markaren bozgorailu boteretsua dira, eta hortaz, zure filosofia eta izatea komunikatzeko balio dezakete.

Txaponaren bi aldeak dituzte sare sozialek: onurak eta desabantailak. Baina ilunetan baino, nahiago dugu argietan jarri fokua, arestian esan bezala, erabileran baitago gakoa.

Facebook, Instagram, Linkedin, Twitter, Tik tok, WhatsApp, Telegram, Pinterest, Youtube… Aukerak mila dira. Eta guri, balio digute gertukoekin sarea josteko; eta baita, lanean, bezeroekin hartu eman zuzena izateko ere. Erronka bezain beste, aukera dira. Balia ditzagun!

2018a zenbakitan

YELLOWING_irudia

Begiak itxi eta kandelei putz egitean amesten dugun gisan atzean utziko dugun 2018an bete gabeko promesak egiten hasiko dugu gutariko askok 2019a. Edo ez. Hamabi mahats ale hamabi segundotan jaten, edo lehen kanpai hotsean hamabiak ahoratzen. Eta, haragi lehorrak nola, mahats masa-pilota ezin irentsi emango ditugu urteko lehen segundoak. Xanpainarekin topa egiten batzuk eta txispatuko ez dituen burbuilarik gabeko edariekin besteak. Familia giroan agurtuko dugu 2018a askok, oporretan gero eta gehiagok. Batera edo bestera, atzera begirakoa egiten bukatzen dugu askok urtea. Eta horrela bukatuko dugu guk ere.

2018ak sare sozialei dagozkionean zenbaki potoloak utzi dizkigu. Konektatuta bizi gara, sarera lotuta. Datuek hori azpimarratzen dute. 2009a geroztik goranzko joera izan dute sareek. Hazkuntza hori lausotzen ari da, baina mantsotze hori sareak gure egunerokoan errotu diren seinale besterik ez da.

2018an, Espainiar estatuan, 16-65 urte bitarteko lagunen %85ak sare sozialak erabili ditu; hots, 25.5 milioi dira sareetako erabiltzaileak.

 

Erabiltzaileen profila

  • %51 emakumezkoa
  • Bataz besteko adina: 38,4 urte
  • %74 lanean

Kopuru horrek gora egingo du 2019an. Erabiltzaile ez direnen %9ak datozen hamabi hilabeteetan sareren batean izena emango duela aitortu du eta. Eta, probableena da, sare sozial hauetakoren batean sortzea profila: Facebook, Twitter, Instagram, Linkedin edo Whatsappk, horiek baitira barneratuen ditugunak.

Facebook ezaguna da erabiltzaileen %96arentzat. Twitter da bigarren indarra %72ko ezagutzarekin. Dena den, 2017tik, beheranzko joera du sare honek. Instagramek, ordea, kontrako joera du. Geroz eta presentzia nabarmenagoa du erabiltzaileen egunerokoan.

 

Sareen ezagutza

  1. Facebook %96
  2. Twitter %72
  3. Instagram %62
  4. Linkedin %21
  5. Whatsapp %16

Ezagutzatik erabilpenera urrats bat dago, ordea. Eta, erabilpenari dagokionean ere, Facebook dago zerrendaren gailurrean Whatsappekin batera. Erabiltzaileen %87ak erabiltzen ditu bai bata eta bai bestea. Hala ere, duela bi urtetik hona behera egin du Facebookeko erabiltzaile kopuruak. Aldiz, kontrako norabidean doa Instagram. Geroz eta erabitzaile gehiago ditu.

 

Sareen erabilera

  1. Facebook %87
  2. Whatsapp %87
  3. Youtube %69
  4. Instagram %49
  5. Twitter %48

Sare horien artean, egunean ordu gehien Whatsappen ematen ditugu. Bataz beste, egunean 1:33 minutu eskaintzen dizkiogu sare honi. 16-30 urte bitarteko gazteak dira konektatuta denbora gehien pasatzen dutenak. Adinean gora egin ahala, ordu kopuruak behera egiten du.

Denboraren zatirik handiena Whatsappen igarotzeak lotura estua du sareetan egiten dugunarekin. Eta, sareak, bereziki, mezuak bidaltzeko eta gure kontaktuekin harremantzeko erabiltzen ditugu. Gure jardueraren %66a horretara bideratzen dugu. Bideoak ikusteko, musika entzuteko eta gure kontaktuek egiten dutenaren berri izateko ere erabiltzen ditugu sareak.

 

Sareetako jarduera

  1. Harremandu %66
  2. Bideoak ikusi eta musika entzun %56
  3. Kontaktuek egiten dutena ikusi %44
  4. Ezagutza jaso %36
  5. Edukia argitaratu %33

Begi bistakoa da sarera lotuta bizi garela. Eta sarera konektatzeko gero eta gehiago erabiltzen dugu mugikorra, %95ak erabiltzen du gailu hori. Ordenagailua %91ak erabiltzen du eta tableta %48ak.

 

Eta zuk, testu hau, zein gailutatik irakurri duzu? Hasi eta buka egin duzu, ala bidean beste hainbat sareetara jo duzu? Zein sareetara? Erantzunetan ikusi duzu ea 2018ko tendentziekin bat egiten duzun. 2019an ere izango dugu elkarren berri!

 

Informazioa IABren Estudio Anual de Redes Sociales 2018 dokumentutik jaso dugu

Youtuberra, azken fenomenoa komunikazioan

hola-julen

Azken urtean “ofizio” berri bat sortzen hasi da gazteen artean. Irakaslea, medikua, ingeniaria, aktorea, kazetaria,… Zer izan nahi duzu nagusitan? Youtuberra.

Oso denbora gutxian sekulako gorakada eta garrantzia hartu duen fenomenoa da Youtuberrena. YouTube plataformara bideoak igotzen dituzten pertsonak izendatzeko erabiltzen da Youtuber terminoa.

Baina zer da Youtuber izatea? Youtuber deitzen zaio interneten dagoen YouTube plataforman bideoak ohikotasunez igotzen dituen pertsonari. Normalean, egilea bera azaltzen da hizketan bideoan, kamerari zuzenean hitz egiten dio, komunikatzaile ona da, eta irudiak oso onak.

Orain dela gutxi, Julen Hernandez Youtuberra ezagutu nuen. 23 urteko kazetari gazteak, beste lan batzuetan aritu ostean, YOUTUBEren aldeko apustua egin du. “Hola Julen” kanalaren sortzailea da eta 4 milioi bisita ditu dagoeneko. Bertan, Julenek bere bizitza pertsonalari buruz hitz egiten du.

Beste batzuk berriz, errezeta bat prestatzen edo instrumentu bat jotzen irakasten digute, gai konkretu batzuei buruz hitz egiten dutenak ere badaude; bideo-jokoak, moda,… eta abesten ekiten diotenak ere.

Julenek komentatzen zidan Espainiar Estatuan Youtuber arrakastatsuenak milioika harpidedun dituztela, eta egunero milioika pertsonak egiten dutela klik euren bideoetan. Edozein telebista kateren ikusle kopuru berdinak dituztela.

Dirua baina, ez dute bakarrik harpidetzekin lortzen, beraien bideoetan publizitatea ipintzeagatik, Youtubek diru kopuru handiak ematen dizkie. Eta Julen Hernandezek komentatu zidanez, gero eta marka gehiago etortzen zaizkio produktu konkretu bati buruz hitz egiteko.

Eta azkenik “ofizio” honen beste ezaugarri bat: jadanik agentzietan daude antolatuta, marka batek produktu bat promozionatu nahi duenean, agentziari deitu eta bertatik 10-15 YouTuber hartzen dituzte, aste betean edo 15 egunetan dena ordaindu eta produktu horren publizitatea egiteko.

Beraz, Youtuberra: Ofizioa.

Hola Julen

Julen Hernandez donostiarra youtuber profesionala da eta ‘Hola Julen’ ia 91.000 harpidedun dituen kanala kudeatzen du. Duela gutxi, elkarrizketa bat egin genion, eta azaldu zigun zeintzuk diren lanbide honen diru-iturriak eta eman beharreko pausuak bideoak monetizatzeko. Horretan, publizitate zuzenaz gain, network-en lana oso garrantzitsua da, enpresa hauek jartzen baitituzte harremanetan youtuberrak eta markak, youtuberrak bere kanalean marka horiekin lotutako ekintzak buru ditzan.
Bideo hau Asier Peñak editatu du.