Resultados de la busqueda para euskara.

Elkar ezagutzea, elkar zaintzea da

Ezin uka, 2020a ez-ohikoa izan dela eta 2021ari beldurrez eta itxaropenez begiratzen diogula. Ate joka ditugu Gabonak; eta, diogunaren haritik, bistakoa da Gabon zoriontsuak ezin direla izan maite ditugun guztiekin ezin bagara elkartu. Mahai-bueltan aulki hutsak egongo dira, eta horiek beti dira hutsune. 

Egoera pandemiko honetan, jolasak izan daitezke distantziak eta hutsuneak hausteko bide edo horiek ilunetik argitara ekartzeko aitzakia. Izan ere, distantzian elkartzeko bideak zabaltzea ere bada komunikazioa. Eta gertu gaudenon arteko loturak are gehiago estutzea. Eta horretarako, komunikazio-jolas sinple bezain polita da gure gabonetako oparia.

Nola egiten da?

comecocos jolasa pausoz pauso

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Nola funtzionatzen du?

  1. Jolasaren alde bakoitzean galdera bat idatzi
  2. Parean duzun lagunari zenbaki bat esateko eskatu
  3. Zenbaki horiek kontatu beharko dituzu, jolasa irekiz-itxiz
  4. Zabalik geratzen den aldeko laukitxo bat aukeratuko du jolaskideak
  5. Horri dagokion galdera egin beharko diozu, ea asmatzen duen!

Zertarako balio du?

  • Parean duzuna gehiago ezagutzeko
  • Urrun duzuna gertu sentitzekoi

Horregatik, proposatzen dizuegu batak besteari buruz galdetzea. Ireki zuen barrura begirako leihoak eta zabaldu ateak ezagutzari. Izan ere, elkar ezagutzea, elkar zaintzea da.  Oparitu jolasa, jolasteko denbora; oparitu elkar ezagutzeko aukera.

Gabon zoriontsuak eta Urte Berri on!

 

 

Euskara, markak hazteko

Marka guztien helburua da euren balioa gizarteratu, hartzaileengan inpaktu bat eragin eta ospe ona izatea, erronka estrategikoak betetzeko. Eta atzean egon daitezkeen helburuak askotarikoak badira ere, bada bat guztiak batzen dituena: hazia erein eta haztea.

Hamaika dira marka baten posizionamendua indartzeko baliagarriak diren tresna, taktika eta estrategiak —marketing digitala, publizitatea, ekintza komunikatibo deigarriak…—. Markagintza eta komunikazioa egiterako orduan, ordea, badira zutabe batzuk askoz ere lanketa estrategikoagoa eskatzen dutenak, edozein marka sostengatzeko ezinbestekoak. Hor kokatzen dira balioak, eta, ondorioz, hizkuntza.

Euskaraldiaren atarian, teoriatik praktikara eta hitzetatik ekintzetara jauzi egiteko garaiotan, euskarak markagintzan jokatzen duen paperaz idatzi dugu, galdera bati modu argian erantzunez: zein ekarpen egin diezaioke euskarak marka bati?

Kalitatea

Euskararen marka kalitatearekin lotzen da esparru askotan; Euskal Herrian sektore askotako produktu eta proiektuak dira horren testigu. Izenean euskara eramatea erreferentzia bat da bertako zein nazioarteko hartzaileei begira, kalitate horrekin identifikatzeko.

Gertutasuna

Marka hartzailearengandik hurbil egonda soilik lortu daitezke konplizitatea, enpatia, fidagarritasuna… Eta gertu egoteko, hartzaileari bere hizkuntzan hitz egitea ezinbestekoa da. Horregatik, hemen, euskara tresna gakoa da gertutasuna irabazteko.

Lurraldean errotzea

Mundu mailan ezagunak diren marka ugarik erabiltzen dute euskara Euskal Herrian. Zergatik egiten dute hizkuntza hautu hori? Bertako herritarrekin eta balioekin bat egiteko bidea errazten dielako. Ez dago kanpotik etorri beharrik horretaz jabetzeko; lurralde batean errotzeko giltza nagusietako bat bertako hizkuntza da.

Pertsonalizazioa

Hartzaile bakoitzarekiko pertsonalizazioa da publizitateak aurrez aurre duen erronka nagusietako bat. Egokitzapen hori egiteko ezaugarrien zerrenda luzea da; baina lehentasunezkoen artean kokatzen da hizkuntza; alegia, euskal hiztunengana edota euskaraz kontsumitzen dutenengana euskaraz zuzentzea.

Merkaturatzea

Euskararen marka eremu ez-komertzialarekin lotu ohi bada ere, helburu komertzialak betetzeko tresna ere bada euskara. Aurrez aipatutako ardatz horiek guztiak indartzearekin lotuta baitaude emaitzak. Hizkuntza hautu egoki batek eta, kasu honetan, euskarak saldu egiten du.

AZK-ko kideon konpromisoa irmoa da ‘Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan’ erabili dadin euskara markak hazteko tresna gisa.