Resultados de la busqueda para Trump.

Internet, jomugan

internet-jomugan

Internet gizarteratzen hasi zenean, XX. mendearen bukaera aldera, Sarearen inguruan uste onak baino ez ziren: Internetek demokrazia gehiago ekarriko zuen mundura, hezkuntza eta ikerketarako inoizko aurrerapen handienak. Globalizazioaren alderdi onak interneten bidez zabalduko ziren munduan zehar. Hori zen uste nagusia.

Eta ez dut ukatuko horrela izan ez denik, baina ondorio negatiboak ere hor daude, gero eta ozenago entzuten baitira interneten kontrako ahotsak; bereziki oraintxe joan zaigun 2016. urtean, Sarearen kontrako diskurtsoak areagotu egin dira.

Egia-ondokoa (‘posverdad’ gaztelaniaz eta ‘post-truth’ ingelesez) izan da 2016 urteko hitza. Zer esan nahi du? Trump-en garaipena eta Brexit-arekin lotu izan da kontzeptu hau. Laburbilduz, egia-ondokoak esan nahi du gaur egun sare sozialei esker inoiz baino errezagoa dela gezurrak lau haizetara zabaltzea, benetako informazioaren itxurapean.

Horrela, Estatu Batuetako azaroko hauteskundeetan, Trump-en jarraitzaileek ehundaka gezur zabaldu zituzten sareetan kristorenak eta bost esanez Hillary Clinton-en aurka, Errusiak antolatutako zibererasoarekin batera, hauteskundeen emaitza erabakitzeraino. Facebook eta beste sare sozialen jabeei leporatzen zaie ez dutela inongo kontrolik ezartzen horrelako gezurren hedapena geldiarazteko. Finean, algoritmo ahalguztidunak populartasunaren arabera erabakitzen du noraino zabaldu artikulu bat, eta bost axola honi xurrumurrua egia edo gezur borobila den.

Teknologia berrien beste ondorio negatiboa Phono Sapiens espezie berriaren agerpena izan da. Hainbeste denbora ematen dugu gure mugikorrari itsasirik, gaixotasun berriak agertzen ari dira bizimodu berri honen karira. Egunero makina bat bider desblokatzen dugu mugikorra, egungo aroaren gizakiaren tik-ari itxura emanez. Lanaren eta aisialdiaren arteko mugak ere desitxuratu egin dira. Whatsappitis-ak jota medikuarengana joaten gara, atzamarrak eta eskumuturrak minduta, zerbikalak eta lepoa kristo bat eginda.

Gauzak horrela, gero eta gehiago dira sare sozialetatik irtetzen ari direnak edo, gutxienez, denbora gutxiago eskaintzen hasi direnak. “Interneti interesatzen zaio ahalik eta denbora gehiena eman dezagun konektaturik, sarea etengabe elikatzen”, zioen duela gutxi Enric Puig UOCeko Filosofia irakasle eta La gran adicción liburuaren egileak Berria-ko erreportaje batean. “Sare sozialek eta Internetek botere harreman bat ezartzen dute gure artean, eta jakin behar dugu haien atzaparretan ez erortzen”.

Artikulu hau Puntua aldizkarian argitaratu zen 2017ko urtarrilaren 13an.