Resultados de la busqueda para video on demand.

Eta zuk…telebista ikusten duzu?

video-on-demand

 

Garai batean oso cool gelditzen zen telebistarik ez duzula ikusten esatea. Are gehiago “etxean ez daukat telebistarik” aitortzea. Jende lanpetuaren aitortzat hartzen zen, alferrik galtzeko denborarik ez duen pertsona garrantzi eta bereziena.

Laster batean zaila izango da galdera honi erantzutea, galdera beraren formulazioa beharbada zaharkitua geldituko delako.

Gazteen erdiek (16-24) ez dute ikusten telebista zuzenean, eta ikus-entzunezko edukiak Netflix, Wuaki tv, Yomvi, Atresplayer, Total Channel, Mubi, Prime, Hulu, HBO Now, Youtube Red edo Amazon bezalako plataformen bidez kontsumitzen dute. Edo Torrent eta antzerako artxiboen bidez jaitsita, noski.

2014ean ikusleen %51k jarraitu zuen Game of Thrones Canal+etik; 2015ean, aldiz, kopurua %32ra jaitsi zen, gaur egun ikusleak erabakitzen baitu noiz, non eta nola, zer gailutik, ikusten duen bere serie, saio eta film gustukoena.

Eta zuzeneko erretransmisioak, kiroletakoak adibidez? Hemen ere nobedadeak datoz. 8TV telebista kate katalanak hile honetan izan da Espainiako lehena zuzeneko emisioa egiten Twitterren Periscope aplikazioaren bidez, duela gutxi hasi den Periscope Producer zerbitzuaren bidez, zehazkiago.

Kultura aldaketa hauek negozio batzuekin bukatzen ari da. Telebistako publizitate tradizionala gorriak ikusten ari da eta Estatu Batuetan kalkulatzen da urtebetean kable bidezko telebistek 1.000 milioi dolar galduko dituztela, ‘Cord Cutting’ (Kablea Moztu) fenomenoaren karira datozen 12 hilabeteetan 800.000 bezeroen kable telebistako harpidetzak bertan behera geldituko direlako, streaming eta online emisioen mesedetan.

Euskarri berriek kontsumo berria ekarri dute, ‘video on demand’ izenekoa. Programazio malgua, definizio altuan eta multigailua eskatzen duena. Interneteko konexioa ematen duten enpresen pagotxa.

 

Puntua aldizkarian argitaratua, 2016ko urriaren 21ean.