Resultados de la busqueda para web garapena.

Arizmendi Ikastolaren webgunea: nabigazio erraza

arizmendi news (1)

Orain bi hilabete pasatxo jarri genuen webgune berria martxan Arizmendi Ikastolan, aurrekoari txanda hartzeko garaia zela ikusita. AZKren proiektu zuzendaritzapean, Goisolutions internet enpresak sortu zuen gure webgune berria, eta argitaratzearekin batera erabiltzaile hurbilenetik hasita jasotako txaloak ikusita, pozik gaude emaitzarekin.

Berria irudikatzeari ekin genionetik jarri ziren helburuei ondo erantzuten diela iruditzen zait niri. Lehenengo eta behin, soil samarra da, alferrikako apaindurarik gabea. Soila bezain erraza nagibatzeko, bestetik; jaso nahi duen informazio hori aurkitzeko, bide samurra eskaintzen zaio erabiltzaileari. Ordenatua da. Informazioa, zehatza eta konpaktua, sintetikoa.

Zaindu da, bestalde, irudia. Alde batetik, irudi korporatiboa, jakina, baina baita bestelakoa ere. Pertsonalizatu egin nahi izan da orrialde bakoitza, bertatik bertakoa erakutsiz, benetako errealitatera gerturatuz, garena islatuz. Eta hori dena, irudi bidez ere egin da, izan ere,  jakin badakigu erakargarritasunetik gusturago edan ohi dugula.

Aurrekoarekin alderatuz, badu beste hobekuntzarik ere. Esaterako, nabigazio orri bakoitzeko esteka hartzeko aukera, horrek partekatzeko eta informazioa helarazteko errazten duen guztiarekin. Partekatzeaz ari garela, ikastolak kudeatzen dituen sare sozialekin harremana bideratzen du, hala nola, Facebook, twitter edo Flickr-erako lotura.

Eta webguneak nor dauka, bereziki, hartzaile? Izan ere, hori ere izan zen hasiera-hasierako hausnarketaren motibo bat. Ba, barneko publikoa batez ere, hots, hezkuntza-komunitate osoa, hasi profesionaletatik eta ikasle, guraso, bazkide eta ikasle ohietara. Webguneak ikastolaren informazio iturri nagusienetakoa ez ezik, informazio trukatzaile ere izan nahi duelako. Horregatik, perfil bakoitzari egokitzen zaion sarrera bat ere badauka. Era horretan bakoitzak dagokion lekutik ikastolaren beste aplikazio batzuetara jo dezake, esan bezala, besteak beste, elkarren arteko komunikazioa ahalbideratzeko.

Beraz, bere komunitateari zein gizarteari begira duen erakusleiho berria prest dauka Arizmendi Ikastolak. Orain elikatzea, hornitzea, bizi-bizi mantentzea… du eginkizun. Horretan gustura emango ditugu aurrerantzeko urratsak.

Edurne Balzategi

Arizmendi Ikastolako komunikazio arduraduna